Donostiako hirigintza-ondarea etengabe galtzen ari da, EAJ-PSE Gobernuaren joko bikoitzaren erruz

EQUO Berdeak alderdiak Irabazi Donostia udal-taldean (Ezker Anitza-IU eta EQUO Berdeak alderdiek eta independenteek osatutako plataforma) duen zinegotzi Loïc Alejandrok salatu duenez, EAJk eta PSEk osatutako Udal Gobernuak hiriko txalet singularrak eraisten jarraitzen du; horren ondorioz, Donostiako hirigintza-ondarea etengabe galtzen ari da, Udal Gobernuko taldeak alor horretan darabilen joko bikoitzaren adierazgarri.

Gure belarrietara iritsi den azken kasua Stella Maris txaletaren eraispena izan da. Zubiaurre Pasealekuan dago etxe hori, eta “DONOSTIAKO TXALETEN INBENTARIOAN” dago jasota. Udal Gobernuak agindu zuen azterlan hori, HEOBPB Hirigintzako eta Eraikitako Ondarea Babesteko Plan Bereziaren berrikuspenaren esparruan, berrikuspenerako lan-oinarri bat edukitzeko. Eraispen-lanak hasiak dira dagoeneko.

Bere taldeak aurkeztutako mozio bat ekarri nahi izan du gogora zinegotzi berdeak, joan den ekainean Udalaren Osoko Bilkurak onartu zuena; puntuetako batean honela zioen: “HEOBPBren berrikuspena amaitu arte, Donostiako Udaleko Osoko Bilkurak udal-gobernuari eskatzen dio bere eskueran dituen legezko erreminta guztiak erabil ditzala, betiere udalari kalterik eragin gabe, txalet, baserri, gotorleku edo industria-nabeei buruz agindutako 4 azterlanetan ageri diren eraikuntzen edo eraikuntzen zatien eraispenak saihesteko, baita izapidetze-fasean dagoen HEOBPBren aldaketan jasotako alegazioetan bildutakoenak ere.”

Ildo beretik, Udal Gobernuak urriaren erdialdean jendaurrean iragarri zuen erabakia zuela “eraispen-lizentziak etetea, berrikuspena amaitu eta zer eraikin babestu behar diren eta zein ez jakin arte”. Bi hilabete geroago, ebazpenak onartzeke jarraitzen du.

Alejandroren ustez, “azterlanean identifikatutako txaleten eraispenak saihesteko konponbidea izan nahi duen udal-akordioa lortu ondoren, eta esparru jakin batzuetan HEOBPBren berrikuspena eduki arte eraispen gehiago ez zela baimenduko iragarri eta gero, Gobernuak eraikin singularren eraispenak baimentzen jarraitzen du; deigarria da benetan”. Alejandroren hitzetan ”EAJ-PSE Gobernua jolasean dabil herritarrekin, katua eta saguaren jolasean zehazkiago, baina donostiarrek ez dute engainu gehiagorik onartzen”.

Zinegotziak azpimarratu duenez, “hirigintza-ondarearen aurkako hainbat jardun izugarri larriren ildo beretik doa” Stella Marisen eraispena. Hala, Villa Eugeniaren eraispena ekarri du gogora, joan den udaran Jai Alain gauzatu zena, baita OASAren eraikina galdu izana eta legegintzaldian egindako beste jardun batzuk ere, hala nola Mirakruz 19, Ondarreta inguruko txaletak, etab.

Alejandrok beste behin adierazi du Irabazi Donostiak “bere esku dagoen guztia egingo duela Gobernuak txalet singularren eraispena saihesteko eta hiriaren hirigintza-ondarea defendatzeko hartutako konpromisoa bete dezan”.