Isurketa zein errausketa zergapetzeko tasa bat proposatzen dugu

Elkarrekin Podemos taldearen bitartez, mozio bat aurkeztu dugu Eusko Legebiltzarrean, hiri-hondakinen arazoari heltzeko beste modu bat (hots, ekonomia zirkularraren printzipioak aplikatuko dituen formula bat) bultzatzeko.

Hiri-hondakinen kasuan, ekonomia zirkularra lortzeko beharrezkoa da murriztea, berrerabiltzea eta birziklatzea, baita isurketa zein balorizazio energetikoa baztertzea ere. Elkarrekin Podemos taldea osatzen duen EQUO Euskadiko legebiltzarkide Ramón Becerrak argitu duenez, “isurketa, lehengaiak lurperatzeak dakarrenagatik, eta errausketa, berriz, lehengaiak desagerrarazteak dakarrenagatik”.

Hori guztia dela-eta, isurketa zein errausketa zergapetzeko tasa bat aplikatzea planteatzen da mozioan. “Jendea nahasten eta engainatzen ari dira erraustegiekin zabortegiak amaituko direla esaten dutenean. Gezur hutsa da baieztapen hori. Erraustegian 3 tona hondakin erretzen direnean, zabortegira eraman beharreko tona bat zepa ateratzen da, eta baita 100 kg errauts toxiko ere, gai arriskutsuetarako segurtasun-gela batean itxita eduki behar diren errautsak”, gaineratu du Elkarrekin Podemos taldeko legebiltzarkide berdeak.

Ekonomia zirkularraren printzipioak aplikatuz gero, aurrera egin daiteke Hondakinen Esparru Zuzentarauaren eta martxoan onartutako zuzenketen betetzean: 2030. urterako hiri-hondakinen gaikako bilketan % 65etik % 70era igotzea eta ontzien birziklatzean % 80ra iristea. “Alemanian hondakinen % 80 birziklatu eta % 20 erretzen da; hemen, berriz, % 80 erre eta % 20 birziklatuko dugu. Horren ondorioz, Europan hondakinen arloan ezarritako zuzentarau guztiak bete gabe utziko ditugu, goizago edo beranduago”, adierazi du Becerrak.

Jasangarritasunean laguntzeaz gain, enplegua sortzen du ekonomia zirkularrak. EQUO Euskadik dituen datuen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan birzikla daitezkeen material guztiak birziklatuko balira, 2.500 lanpostu sortuko lirateke. Gainera, zabortegiak birziklatze-instalazioekin ordeztuko balira (erraustegiekin ordeztu ordez), beste 880 lanpostu gehiago sortuko lirateke. Zabalgarbiko erraustegian, berriz, 70 lanpostu baino ez dira sortu.