Ia ehun zuzenketa aurkeztu dizkiogu animalien ordenantzari, bezermezaleagoa, osoagoa eta tratu txarrarekiko zorrotzagoa izan dadin

Elkarrekin udal koalizioak 98 zuzenketa aurkeztu dizkio Gasteizko animaliak babesteko, ongi izateko eta edukitzeko udal ordenantza berriaren proiektuari. Helburua da animaliak babes handiagoa izatea udalerrian, eta indarrean den ordenantzak dakartzan atzerapenak saihestea.

Alderdiaren ustez, udal taldeak aurkezturiko proiektuak araudi murritz samarra dakar, lagun egiteko animalietan zentratzen baita funtsean. Horregatik, haren apustu nagusia da babes hori hiriko fauna osora zabaltzea, nola eta espresuki aipatuta Gasteizko hiri ingurunean bizi diren animaliak.

Ez dugu nahi ordenantza bat animaliak babestuko dituena jabe bat duenean. Gure udalerrian bizi diren animalia guztiak babestuko dituen ordenantza bat nahi dugu, ezar dezala udalak nola jokatu behar duen gure hiriaren parte den faunarekin“, esan du Elkarrekin taldeko Óscar Fernández zinegotziak.

Hiriko faunaren kudeaketa etikoa ere badakar proposamenak, eta lehentasuna ematen die hilgarriak ez diren metodoei; planteatzen du animalien babesa udal politiken parte izatea.

Koalizioaren zuzenketen parte inportante bat animaliak babesteko erakundeen eta kolektibo ekologisten ekarpenak dira. Alde horretatik, Elkarrekin taldeak bilerak egin ditu haiekin proiektua aztertzeko eta ekarpenok jasotzeko. Proposamenen artean, zenbait neurri datoz animaliak babestearen arloan udal politikek duten gardentasuna, partaidetza eta gobernantza hobetzeko.

Elkarrekin taldearen ustez, ona da ordenantza berriak lehenengoz atal espezifiko bat izatea komunitateetako katuak kudeatzeko, baina aldaketa sakonak planteatzen ditu babestuta geldituko direla bermatzeko. Besteak beste, proposatzen du: kolonia baten kudeaketa «auzo-oposizioa» dela medio geldiarazteko aukera ezabatzea; protokoloak ezartzea, toki pribatuetan diren kolonietarako; eta udalak lankidetza bermatzea koloniak kudeatzen dituzten erakundeekin. Bai eta, era berean, arau hauste oso larritzat jotzea komunitateetako katuak hiltzea, legez baimenduta dauden kasuetatik kanpo.

Animaliekin egindako ikuskizunak espresuki debekatzea

Elkarrekin taldeak orobat erreklamatzen du ordenantza berrian debekatzen jarraitzea animalien ikuskizunak, kultur jarduerak, jaiak, publizitateak eta horrelakoak baldin eta kalte egiten bazaie, sufriarazi, degradatu edo modu antinaturalean tratatu. Debekua aitzindaria izan zen Espainian eta jasota dator espresuki indarrean den ordenantzan. Horri esker, ikuskizun asko galarazi ahal izan ziren, hala nola asto lasterrak Santiago egunean, falkoneria Erdi Aroko merkatuan eta animaliak erabiltzea zirku ikuskizunetan. Alabaina, proposamen berrian desagertu egin da debekua.

Elkarrekin taldearen ustez, araudian debeku hori ez izateak lege hutsune bat sorraraziko luke, eta alde batera utziak zeuden jardunbide edo ikuskizunak, animaliekin egiten zirenak, berreskuratzeko arriskua legoke. Horretaz gainera, berariaz debekatuak dauden jardueretan animaliak erabiltzea arau hauste oso larritzat hartzea dator zuzenketetan, basa animaliak zirku ikuskizunetan erabiltzea barne.

Animaliak etxeetan hartzeko kanpaina iraunkorrak

Elkarrekin taldearen beste proposamenetako bat da animalien sakrifizioa saihesteko printzipioa blindatzea Animaliak Babesteko Zentroan. Alde horretatik, koalizioak proposatzen du ezein animalia ez dadila sakrifikatua izan toki faltan izateagatik, zuzendu daitezkeen animalien portaerengatik, arrazoi ekonomikoengatik, adinagatik, abandonuagatik eta tratamendua behar izan dezaketen gaixotasun edo lesioengatik. Sakrifizioa bakarrik erabiliko litzateke albaitari irizpide bat dagoen kasuetarako, non beharrezkoa gertatzen den muturreko sufrimendu bat saihesteko, dela gaitz terminal bat eta dela lesio sendaezinen bat.

Era berean, animaliak etxean hartzeko kanpaina bat bultzatzea proposatzen du, batik bat Animaliak Babesteko Zentrotik, datu gardentasunarekin eta animalia etxean hartu ondoko akonpainamenduarekin.

Arau hauste gehiago eta isun handiagoak

98 zuzenketekin batera, Espainiako eta EAEko araudian datozen arau hauste berriak jasotzen dira, eta zenbait jarrera nola sailkatu izan diren zuzentzen du.

Horien artean dira animalien heziketan erabili izan diren metodo oldarkorrak edo bortitzak, baimendutako kasuetatik aparte komunitateetako katuei emandako heriotzak, animalien erabilera debekatua duten jarduerak eta haien osasunari kalte egiten dion hautespen genetikoa.

Horretaz gainera, Elkarrekin taldeak proposatzen du isunen zenbatekoak Espainiako Estatuko legerian aurreikusiak dauden maximoetara igotzeko, arau hauste arinen gutxieneko tartea salbuetsita. Kasurik larrienetan, esaterako, 200.000 euroraino igoko litzateke, udal gobernuak proposatu duenaren bikoitza.

Ordenantza bat ezin da izan betebeharrean katalogo huts bat. Aurrea hartzeko mekanismoak, bitartekoak, ikuskaritzak eta isun eraginkorrak ezarri behar ditu. Animaliak babesteko, portaera arduratsuagoak sustatu behar dira, ongizatea mesedetu eta abandonuari eta tratu txarrei aurrea hartu. Aldi berean, bermatu behar da animalia bat gaizki tratatzen duenak jakitea portaera arbuiagarri horrek ondorioak izango dituela, lehen baino ondorio sendoagoak izan ere“, azpimarratu du Óscar Fernándezek.

Ordenantza bat, Vitoria-Gasteizek erreferente izaten jarrai dezan

Elkarrekin taldearen ustez, Vitoria-Gasteizek aurrendari izaten jarraitu behar du animaliak babestearen arloan. Horregatik, 98 zuzenketekin, asmoa da ordenantza berriak atzera ez baizik eta aurrera egitea: animalia gehiago babestea, prebentzio lan handiagoa egitea, erakundeek parte hartzea, gardentasun handiagoa egotea, katu kolonien babes handiagoa izatea eta tratu txarrak gogorrago zigortzea. Urteetan animaliak babesten erreferente izan den hiri honen heineko ordenantza bat nahi dugu. Ez da kontua animalia batzuk beste batzuk baino gehiago babestea, baizik eta animalien ongizatearen eta bizikidetzaren aldeko udal politika integral bat eraikitzea“, amaitu du Fernandezek.