Renove Plana ez dela ona ez automozioaren sektorearentzat, beharrezko duen eraldaketa atzeratzen duelako, ez klima-aldaketaren aurkako borrokarako

  • Euskadiko alderdi berdeak ohartarazten duenez, plan horiek moteldu egiten dute Euskadiko automobilgintzaren sektorearen eraldaketa, eta horrela, Euskadi ibilgailu elektrikoen fabrikazioaren abangoardian kokatzeko aukera ezin hobea alferrik galtzen da.
  • Alderdi ekologistaren ustez, diesel eta gasolina bidezko ibilgailuak erosteko diru-laguntzak ematen jarraitzeak atzeratu egiten du automobilen parkea erregai alternatiboen bidezko ibilgailuetara aldatzeko trantsizioa, eta ez du laguntzen beharrezkoa den CO2 emisioen murrizketan.
  • “Tapiak neutraltasun teknologikoa aipatzen du Renove plan hori saltzeko, baina neutraltasun klimatikoaren kaltetan doa, motor kutsatzaileak saltzen jarraitzeko bidea ematen baitu”, salatu du Joserra Becerra kobozeramaileak.

Berdeak EQUO Euskadiko alderdi berdeak ez du begi onez ikusten Eusko Jaurlaritzak automozioaren sektorea indarberritzeko aurrera daraman estrategia, beste behin ere, Renove plan zaharkituei jarraipena ematea izatea, hori ez delako ona ez sektorearentzat, ez klima-aldaketaren ondorioak arintzeko.

Datuek frogatzen dutenez, aurreko deialdian ez ziren espero ziren emaitzak lortu, ibilgailuen salmentak ez zuelako gora egin. Hala eta guztiz ere, Eusko Jaurlaritzak aurrera jarraitu nahi du formula zaharkitu horrekin, automozioaren euskal sektoreak beharrezko duen eraldaketa ekologikoari aurre egiteko baliabideak areagotu beharrean. Berdeak EQUO alderdiaren ustez, plan horiek sektorearen eraldaketa moteltzen dute eta Euskadi ibilgailu elektrikoen fabrikazioaren abangoardian kokatzeko aukera ezin hobea alferrik galtzea dakarte, euskal erkidegoa puntako eskualde bihur litekeelako sektore horretan, lotutako enpresa-sarea bultzatu eta enplegu espezializatu eta I+G+Bren alorrekoa sustatzeaz gainera. “Europako beste herrialde batzuek aurrea hartu digute alor horretan, eta gurean, aldiz, iraganeko eredu ekonomiko eta industriala bertan behera uzteko unea atzeratzen ari da, erregai fosilen erabileran eta kontsumoan oinarritutako eredua, hain zuzen”, salatu du Joserra Becerra alderdiko kobozeramaileak.

Ildo horretan, Berdeak EQUO alderdiak ez du begi onez ikusten Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapeneko sailburuak iragarri berri duen Renove Planak, berriz ere, diesel eta gasolina bidezko ibilgailuen salerosketarako laguntzak biltzea, eta Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio ibilgailu kutsatzaileak erosteko diru-laguntza horiek zuzen ditzala. Alderdi berdearen ustez, diesel eta gasolinaz dabiltzan ibilgailuak erosteko diru-laguntzak ematen jarraitzeak atzeratu egiten du automobilen parkea zero emisioko ibilgailuetara aldatzeko ezinbesteko trantsizioa, eta ez du laguntzen beharrezkoa den CO2 emisioen murrizketan.

Horregatik, Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio, deialdi horrekin aurrera jarraituz gero, laguntzak ibilgailu ez-kutsatzaileen erosketara bidera ditzala. “Tapiak neutraltasun teknologikoa aipatzen du Renove plan hori saltzeko (horretaz ari garela, industria petrokimikoa izan zen termino hori sortu zuena), baina neutraltasun klimatikoaren kaltetan doa, motor kutsatzaileak saltzen jarraitzeko bidea ematen baitu”, salatu du Joserra Becerra kobozeramaileak.

Azkenik, alderdi berdeak beste behin azpimarratu nahi du instituzioek beste mugikortasun mota jasangarriago baten alde egin behar dutela: bizikletan, oinez, garraio publikoko edo garraio partekatuko formulak; ibilgailu pribatuetako joan-etorri motorizatuen ordez, horixe baita petrolioaren mendekotasuna murrizteko neurririk onena.