- Alderdiak erregistratu ditu jada proiektuari egin dizkion alegazioak, eta bere ustez aurkeztutako ingurumen-azterlana “oso eskasa” da, eta, hori horrela, azterlanaren aurkako txostena eta lurzatiaren erabileraren aldaketa ez baimentzea eskatzen du.
- Gainera, Plan Partziala berrikustea ere eskatzen du, hau da, Salburua KBE Kontserbazio Bereziko Eremu deklaratu aurreko dokumentu hori berrikustea, dagozkion aldaketak sartzeko naturgune babestuaren kontserbazioa bermatzeko
Euskadiko alderdi berdeak dozena bat alegazio baino gehiago egin dizkio jada Baskonia Kirol Hiriaren instalazioak Salburuan zabaltzeko proiektuari; izan ere, 15. sektorean dagoen lurzatirako planteatzen den proiektua dugu, hau da, BAKH gunearekin mugakidea den eta 29.000 metroko karratuko hedadura duen lurzatirako. Berdeak EQUO alderdiak BAKH gunea zabaltzeko baimenik ez ematea eskatzen du, inguruko faunak eta florak jasan ditzaketen afektazioak konponezinak izan daitezkeelako. Salburuko hezeguneak babesteko eremu periferikoaren barruan dago lurzati hori, eta Betoñoko urmaeletik 20 metro baino gutxiagora, biak ere Green Capital esparruaren bitxi berdeak direlarik.
“Enklabea egokitzeko eta instalazioak bertan eraikitzeko obra guztiak, horrek dakarren zaratarekin eta makina eta langileen joan-etorriekin, baita eguneroko ondorengo funtzionamendua ere, eremura ibilgailu gehiago joango direla eragingo baitu horrek, ia gehienak garraio pribaturako erabiliak, bateraezinak dira ingurunearen kontserbazioarekin, batez ere Betoñoko urmaelean edo inguruetan bizi den edo inguruetara bertaratzen den faunari dagokionez. Hiriko biodibertsitate handieneko enklabeetako bat galduko da, eta hori ez da lagungarria izango mugikortasun jasangarria sustatzeko ere”, alderdi ekologistak ohartarazten duenez.
Zarataz gain, horrek eremurako ekarriko duen argi-kutsadura ere azpimarratu du bere alegazioetan EQUO Berdeak alderdiak, futbol-zelaien foku indartsuen ondorioz, bertan bizi diren eta aldez aurreko azterlanetan behar bezala kontuan hartu ez diren espezie guztien bizi-fluxuen gaineko inpaktuarekin.
Bestalde, aurreikusitako eraikuntzen alturen gehikuntza aipatu da, eta horrek inpaktu bisualaren eta paisaiari buruzko inpaktuaren areagotzea dakar hezegunearekiko eta Kontserbazio Eremu Bereziarekiko. Berdeak EQUO alderdiak ohartarazi du, halaber, arriskutsua dela lurpeko plantak egitea Salburuko hezeguneak azaleratzen dituen akuiferoak izango duen afektazioa dela eta. Gogorarazi behar da eraikitzeko baliatu nahi den gune horrek akuifero-kalteberatasun handia duela.
Azterlan hidrologiko xehaturik ere ez dugu, Salburuko Kontserbazio Eremu Bereziaren deklaraziorako funtsezko elementuetako bat horixe izan bazen ere.
Akuiferoaren erregimen hidrologikoari buruzko inpaktuaren ebaluazioa nabarmen eskasa dela uste dugu, uren kalitateari dagokionez zein eraikuntzak eragingo dituen aldakuntza freatikoei dagokienez.
Azkenik, Salburuko Kontserbazio Bereziko Eremuaren deklarazioa Plan Partzialaren ondorengoa denez, zeina 2001ean onartua izan baitzen esparruan erabilera tertziario-komertzialeko eremu bat sortzeko interesarekin, eta Salburuko gunea, aldiz, Natura 2000 Sarearen Batasunaren Garrantzizko Leku gisa deklaratua izan zenez 2004an eta Kontserbazio Bereziko Eremu gisa 2015ean, alderdi berdeak plana berrikustea eskatzen du. “Erabat beharrezkoa da, plan horrek ez baititu kontuan hartzen deklarazioan adierazitako babestekoak eta kontserbatzekoak diren elementuak. Dagozkion aldaketak sartu behar dira naturgune babestuaren kontserbazioa bermatzeko”.