Gogoeta lasai eta sosegatua egin dezala eskatzen diogu Segurtasun Sailari Ertzaintzaren Brigada Mugikorrak erabiltzeko sailak berak erosi dituen Taser paralizatzeko pistolak kalean, ertzainen eskuetan, jarri aurretik.
Legebiltzarrera eraman du debatea José Ramón Becerra legebiltzarkide berdeak. Arma horien erabilerak eragindako heriotzak gogorarazi dizkie legebiltzarkideei, eta Amnesty International erakundeak haien erabilerari buruz egindako ohartarazpenak ere bai. Becerrak txosten bat aipatu du non 500 heriotza inguru lotzen zaizkion Taser pistolen erabilerari Estatu Batuetan, 10 urte soileko epean.
Enpresa fabrikatzaileak ez du ezein kasutan egiaztatzen, edo ardura bere gain hartzen, armak seguruak direnik edozein pertsona motaren aurka eta edozein zirkunstantziatan erabiltzeko. “Txostenean taupada-markagailuei buruz hitz egiten da zehazki, baina ez da ezer esaten pertsona epileptikoei, asmatikoei edo aurretiazko kardiopatiak dituztenei buruz”.
Horregatik, Elkarrekin Podemosen barruko EQUO Euskadiko legebiltzarkideak Segurtasun Sailari eskatu dio paralizatzeko pistola horiek erabiltzeko protokoloa arma horiek erabiliko dituzten agenteekin adostu dezala. “Pistola elektrikoen erabileran gerta daitezkeen seguruak ez diren egoera posible guztiak jaso behar dira. Egunen batean arma horiek inplikatuta dauden gertakari tristagarri bat izaten bada, agente arruntei egokituko zaie zamarik handiena beren gain hartzea”.