Eibarrek bat egin du zeliakoekin, Irabazik eskatuta

Udal-talde guztiek udalerrian bizi diren zeliakoei laguntzeko neurriak adostu dituzte, Irabazi Ganemos Eibar udal-taldearen proposamenari jarraikiz
Udalerri gipuzkoarrean zeliakoentzako produktuen erosketa-zentral bat sortzeko aukera ere aztertu da
Osoko bilkurak, era berean, Irabazik eskatuta, onartutako mozioen jarraipena eta ebaluazioa egiteko formulak bultzatzea onartu du

EQUO, IU-Ezker Anitza eta Independenteek osatzen duten Irabazi Ganemos Eibar udal-taldeak Udalaren eta EZE Euskadiko Zeliakoen Elkartearen arteko lankidetza bultzatzeari buruzko mozio bat eraman du Osoko Bilkurara.
Udaleko alderdi guztiek azkenean proposamena adostu dute, Eibarko Udaletik eta EZEtik baterako ekintzak hasteko xedez. “Eibarren bizi diren zeliakoen eguneroko bizitza erraztu nahi duen ekimen horrekiko gainerako taldeek erakutsi duten harrera ona balioetsi nahi dugu. Udaletik ere kolektibo horri lagundu diezaiokegu” adierazi du Irabazi Eibarren barnean dagoen EQUOko zinegotzi María Jesús Aguirrek.
Udalak, beraz, Eibarko zeliakoak elkartzera eta neurriak ezartzeko balorazioan parte hartzera animatzen dituzten informazio-kanpainak egiteko konpromisoa hartzen du, udalerrian zeliakoentzako produktuen erosketa-zentral bat bultzatzeko aukera barnean hartuz.
Mozioak era berean adierazten duenez, Udalak, EZErekin lankidetzan, bere eskumen-eremutik zeliakoen premiei erantzun egokia emateko har ditzakeen neurriak aztertuko ditu. Puntu horren barnean dago laguntza-linea bat irekitzeko edota neurri fiskalak hartzeko aukera.
Ostalaritza-establezimenduekin garatu beharreko ekintzei dagokienez, elkarteak azken urteotan landu duen Ostalaritza Kluba Proiektua ezagutarazteko eta hari atxikitzera bultzatzeko informazio-kanpaina azpimarratu du.
Horrela, zigilu erregulatzaile bakarra eta ofiziala emango litzaieke, zeliakoentzako egokiak diren menuak eskaintzen dituzten jatetxeak eta ostalaritza-establezimenduak identifikatzeko.
Neurri horrekin batera, Eibarren zeliakoentzako egokiak diren produktuak eskaintzen dituzten establezimenduen gida bat egingo da. Udalak zeliakoentzako jarduera edo festa inklusiboak eta “Glutenik gabeko pintxoa” bezalako ekimenak sustatuko ditu EZEren Ostalaritza Kluba proiektuari atxikita dauden establezimenduen artean.
———————-
Bestalde, Irabazi udal-taldeak Osoko Bilkuran aurkeztutako beste mozio bat adostu dute udal-taldeek, Osoko Bilkuran edo Bozeramaileen Batzordean onartutako proposamenak edo mozioak behar bezala betetzen ote diren ikusteko jarraipena eta ebaluazioa egiteari buruzkoa.