Metodologia hori ezartzeak erakundeek egungo desparekotasuna aitortzea eta desparekotasun hori desagerrarazteko baliabideak konprometitzea ekarriko luke
EQUO, Ezker Anitza-IU, Podemos eta Alternativa Republicana herri-erakundeek eta herritar independenteek osatutako Udalberri-Bilbao en Común koalizioaren bitartez, Bilboko udal-kontuak genero-ikuspegiarekin egiteko eskatuko dugu hurrengo Osoko Bilkuran. Zehazki, 2014tik 2017ra bitarteko aurrekontuak ikuspegi horretatik aztertuko dituen kanpo-ebaluazio independente bati buruzko txostena egiteko eskatuko da, geroago ikuspegi hori udal-arlo guztietan txertatzeko.
Aurrekontu batzuk genero-ikuspegiarekin egitea aurrekontu horiek emakumeen eta gizonen benetako berdintasuna lortzeko helburuarekin konprometitzea da Udalberrirentzat. Koalizioa osatzen duen EQUO erakundeko zinegotzi Carmen Muñozen ustez, erakundeek egungo desparekotasuna aitortzea dakar neurri horrek: “Ezinbestekoa da aurrekontuak genero-ikuspegitik lantzea. Izan ere, emakumeen berdintasun sozial, ekonomiko edo politikoan nolako eragina duten ikusteko era bakarra da, eta beharrezkoak diren neurri zuzentzaileak hartzea eta aurrekontuak ezestea (desparekotasuna areagotzen laguntzen badute) ahalbidetzen du”, adierazi du koalizioko bozeramaileak.
Berdintasunean aurrera egiten lagunduko duen Genero Ikuspegiko Aurrekontuak aurrekontuak lantzeko fase guztiak hartzen ditu kontuan: aurrekontuaren formulazioa, lantzea, inplementazioa, eta esku hartze publikoen inpaktu-ebaluazioa. Genero-ikuspegiko aurrekontuetan kontuan hartzen den beste alderdi garrantzitsu bat zerga-bilketak emakumeen eta gizonen kasuan duen eragin desberdinaren azterketa da.
Udalberrik adierazi duenez, Berdintasunerako Udal Plana baliatu behar da, udal-ekintza guztietan generoaren zeharkakotzean aurrera egiteko tresna gisa (egungo plana aurten amaituko da). Koalizioarentzat, garrantzitsua da Bilboko Udalak 2005. urtean egindako esperientzia pilotuari berriz ekitea. Ekimen hori, nolanahi ere, aurrekontuetan udal-arlo guztiei lotutako genero-adierazleak txertatzeko helburuarekin sortu zen.