Equo Euskadiren esparru politiko berriaren proposamena

 

EQUO EUSKADIREN ESPARRU POLITIKO BERRIA (pdf)

Biltzar Politikorako Azken Zirriborroa (2016ko martxoa)

AURKIBIDEA

HITZAURREA: ERABAKITZEKO ESKUBIDEAREN TOKIA

TÍTULO 1. FUNTSEZKO OINARRIAK

TÍTULO 2. DEMOKRAZIA ETA ERAKUNDEAK

2.1. Gobernantzaren oinarriak

2.2. Euskadiren instituzio-egitura

TÍTULO 3. HERRITARREN ESKUBIDEAK ETA ERANTZUKIZUNAK

TÍTULO 4. GOBERNANTZAREN OINARRIAK

4.1. Gizarte-esparrua

4.2. Ekonomia-esparrua

4.3. Ekologia-esparrua

 

EQUO Euskadik Gernikako Autonomia Estatutuaren legitimotasuna defendatzen du, askatasunez eta euskal herritarren gehiengoaren babesarekin berretsi zelako. Zoritxarrez, estatutua sustatu zuten indar politiko batzuk urte hauetan ez dira behar beste ahalegindu estatutua osorik bete dadila eta falta diren eskumen guztiak eskualda daitezela lortzeko. Jarrera horrek estatutua ahalbidetu zuen adostasun politikoa ahuldu du eta Euskadik espainiar Estatuko politika-esparruan duen kokapena eguneratu behar izatea ekarri du.

Horren harira, etorkizunera begira, EQUO Euskadin beharrezkotzat jotzen dugu datorren legealdian esparru politiko berri bat adostea, Euskadin elkarrekin bizi diren sentsibilitate politiko eta identitate guztiak uztartuz, eta era berean, azken urteotan gizartean azaleratu diren dinamika berriak jasoz, ukitzen gaituzten egungo eta etorkizuneko erronka guztiei erantzuteko (ez bakarrik identitatearen inguruko erronkei, gizartekoei, ekonomiaren arlokoei eta globalei ere bai).

Agiri honetan, Euskadirako esparru politiko berri horrek EQUOren ustez barne hartu behar dituen oinarri ideologikoak eta politikoak jaso dira.

HITZAURREA: ERABAKITZEKO ESKUBIDEAREN TOKIA

XXI. mendeko gizarte demokratikoetan, eskubide-subjektua edo eskubideduna gizabanakoa da. Eskubide kolektiboak norbanakoen eskubideen batura dira. Hortaz, euskal herritarrei legozkiekeen eskubide kolektiboak (horrelakorik badago) nork eta nola eskatu behar dituen planteatzean, eskubide horiek erabiltzeko, kolektibo hori osatzen duten pertsonen adierazpen demokratiko librea hartu behar da oinarri gisa. Hau da, euskal herritarrek beren autogobernuari eta izan nahi duten erakunde-esparruari buruz erabakitzeko eskubidearen zuzeneko subjektua izan behar dutela defendatzen dugu (“herritarrak” diogunean, agiri honen 1. tituluan azaldutako eskubideak eta betebeharrak dituzten pertsonen multzoari egiten diogu erreferentzia).

Aurrekoa gorabehera, eskubide hori kasuan kasu ezarritako arauak eta legeak errespetatuz gauzatu behar da, eta, zehazki, Euskadin elkarrekin bizi diren identitateen eskubideak eta asmo legitimoak urratu gabe.

Horren harira uste dugu euskal herritarrek beren esparru politikoa aukeratzeko duten eskubideak Legebiltzarrean ordezkaritza duten indar politikoek bideratutako itun bat izan behar duela oinarri, prozesu horri estaldura juridikoa emateko beharrezkoak diren bide legalak adosteko.

Itun politiko horren emaitza Gorte Nagusiek onartutako Argitasun Lege batean jasoko da, eta Lege horrek ahalbidetuko du euskal herritarrei kontsulta lotesle bat egitea Euskadiri espainiar Estatuan dagokion kokapenari buruz. Lege horrek gutxienez gai hauei erantzun beharko die:

– Nor den kontsultan parte hartzeko eta erabakitzeko eskubidearen subjektua; EQUOren ustez, euskal herritarrak izan behar dira. 1979ko urriaren 25ean Estatutuari buruz egin zen erreferendumak jada ezarri zuen euskal herritarrek beren esparru politikoari buruz erabakitzeko gaitasuna dutela.

– Herritarrei planteatuko zaien galdera, argia eta garbia.

– Zein diren kontsulta baliozkotzat jotzeko beharrezkoa den gutxieneko partaidetza-ehunekoa eta hautesleen gehiengo kualifikatua. EQUOren iritzian, partaidetzak gutxienez erroldaren % 60koa izan beharko luke, eta emandako botoen bi herenek gutxienez onartu beharko lukete galdera.

– Zein den gai berari buruzko beste kontsulta bat egin ahal izateko aldia. Ezezkoa aterako balitz, EQUOren ustez, kontsulta ez litzateke berriro egin behar azken kontsulta-deialditik lau legealdi edo, gutxienez, hamabost urte igaro baino lehen.

– Euskadi osoan lortutako gehiengoaren emaitza lurralderen batean lortu ez bada nola jardungo den.

– Zein den Euskadirako esparru politiko berria izapidetzeko negoziazio- eta izapide-prozesua.

Baliteke Argitasun Legea onartzeko nahitaezkoa izatea lege-erreforma batzuk egitea Konstituzioarekin bat etor dadila errazteko.

EQUOtik konstituzio-erreformaren bidea nahiz izaera federalistako eraketa-prozesu bat martxan jartzea defendatzen dugu, Estatuko lurralde guztiek Estatuarekiko duen kokapena eta harremana erabakitzeko legitimotasuna dutela beren-beregi onartzen duen testu konstituzional bat onar dadin.

Edozein kasutan ere, kontsulta-prozesua indarreko ordenamendu juridikoarekin bat etor dadila diogunean ez da interpretatu behar herritarren nahi demokratikoa Zuzenbide Estatu aldagaitz baten menpe egon behar dela; aitzitik, euskal gizartea osatzen duten gizabanako guztien nahi politiko eta identitario legitimoei lege-bidea emateko aukera bezala ikusi behar da.

Bada, EQUOren ustez, Legebiltzarrak legebiltzarkideen bi hereneko gehiengoarekin eskatzen badu bere esparru politikoaren inguruko kontsulta lotesle baterako prozesua has dadila, Gorte Nagusiek eskaera horri urtebeteko epean erantzun beharko diote, eskaera egiten denetik zenbatzen hasita.

Kontsultaren emaitza Euskadin eredu politikoa aldatzearen aldekoa bada, Eusko Legebiltzarrak esparru juridiko-politiko berri bat landu eta onartzeko prozesuari heldu beharko dio. Gero, Gorte Nagusiek zehatu egin beharko dute (ez onartu), eta azkenean, euskal herritarrek erreferendum bidez onartu beharko dute.

Honi dagokionez, EQUOk uste du gaur egun gure sistema demokratikoaren legitimotasunaren oinarri bakarra herritarrak eragile pasibo huts moduan dituzten hauteskunde-prozesuetan hautatutako ordezkari politikoak direla. Demokraziaren bertsio “moztu” hori ez da nahikoa gizarte oso batek datozen hamarkadetan izan dituen bizikidetza eta gizarte- eta ekonomia-antolamendua zuzenduko dituen esparru politiko berri bat aukeratzea jokoan dagoela kontuan hartuz.

Zentzu honetan, esparru politiko berri bat lantzerakoan, nahitaezkoa da euskal herritarren parte-hartze aktiboa, zuzena eta horizontala oinarri dituen aurretiazko prozesu bat, prozesu hori ahalbidetzen duen baliabide juridiko zehatz baten bitartez arautua.

EQUOri dagokionez, defendatzen dugun esparru politiko berriak Estatua-Nazioa egitura politiko tradizionala gainditzen saiatu behar du, Estatu-Nazio horren mugak zeinahi izanda ere. Autodeterminazio politikoaz baliatzea eta eskualdeen arteko nahitaezko elkartasuna, gure ustez, ez dira bateraezinak. Horrenbestez, euskal herritarrek beren eskubide demokratikoak erabiliz lortzen duten estatusa zeinahi izanda ere, Espainiako eta Europako eskualde eta lurralde guztien artean eta Iparraldeko eta Hegoaldeko estatuen artean berdintasun eta oreka handiagoak lortzera bideratutako mekanismoak ezar daitezela sustatzen dugu.

Bestalde, esparru politiko berri honen eraikuntzak ez du baztertu behar Euskadiko eta Nafarroako herritarrek beren erabaki-eskubidea askatasunez erabiliz bi erkidegoen artean lankidetza- eta autogobernu-esparru zabalagoak eraiki ahal izatea.

Era berean, Ipar Euskal Herriarekiko (Pyrénées-Atlantiques departamentua) erakunde-arteko harreman-esparru zehatz bat defendatzen dugu, bi eskualdeen arteko hizkuntza- eta kultura-loturen eta lotura historikoen isla. Lankidetza-esparru honek lege-doikuntza nahikoa izan beharko du, estatu-mailako eta erkidegoetako araubide juridikoan ezarritakoaren arabera.

Azkenik, nahitaezkoa da Euskadik Europar Batasuneko erabaki-esparruetan parte har dezala bere eskumen hutsekoak diren eta Euskadi zehazki eta modu garrantzitsuan ukitzen duten gaietan.

Zentzu honetan, gure ustez Espainiako Konstituzioak nazioarteko ordezkaritza izateko eta erabakiak hartzeko mekanismo mankomunatuak barne hartu behar ditu Europar Batasun mailan, Estatuaren egitura federalaren isla, eta erabakiak hartzeko esparrua tokialdatzera bideratutako gobernantza-eredu berrien ondorioz. (Gora)

1. TITULUA. FUNTSEZKO OINARRIAK

 

XXI. mendean, nahitaezkoa da herritartasunaren eta nazionalitatearen arteko lotura zaharkituak gainditzea. Orain arte, herritartasun-eskubideak gozatzea nazionalitateari lotu zaio, eta horren ondorioz, herritar-kategoria bat baino gehiago daude aldi berean (eskubide guztiak dituzten nazionalak, Europar Batasunekoak izanik nazionalen antzekoak dituztenak, Batasunetik kanpokoak izanik eskubiderik ez dutenak, beren jatorrizko nazionalitatearen ondorioz eskubide guztiak dituzten ez-egoiliarrak…).

Kontzepzio politiko honi jarraiki, euskal biztanleria edo herritarren multzoa Euskadiko lurraldean modu egonkorrean bizi diren guztiek osatzen dutela defendatzen dugu; pertsona horiek eskubide eta betebehar berberak dituzte, legeek ezartzen dutenaren arabera, beren nazionalitatea, jatorria, adina, arraza, erlijioa, genero-identitatea, orientazio sexuala, aniztasun funtzionala, etnia, hizkuntza edo jatorri soziala zeinahi izanda ere.

Norbaiti euskal herritartasuna onartzeak esan nahi du gai publikoetan parte hartzeko gaitasuna izango duela, baita eskubide zibil, politiko eta sozial guztiez gozatu ahalko duela ere. Halaber, legeek ezartzen dituzten betebeharrak eta erantzukizunak bete behar dituztela esan nahi du.

Ondorio guztietarako, euskal herritartasuna lortuko da erroldatu eta sei hilabetera (183 egun natural). Udal erroldan izena emateko prozedura bakarra izango da Euskadiko lurralde osoan, irizpide eta izapide bateratuekin, eta bertan, eskatzaileak (edo haren legezko ordezkariek, adingabeen edo legezko erantzukizunik gabeko pertsonen kasuan) euskal gizartearen parte izateko nahia eta asmoa dituela adierazi beharko du.

Erroldan baja egiteak ez du ekarriko herritartasuna galtzea beren egoitza-leku berrian beren oinarrizko eskubide politikoak bermatuta ez dituzten pertsonen kasuan.

Pertsonak eta pertsonen ongizatea izanik gobernuaren ekintzaren erdigunea, euskal erakundeen eginkizun nagusia eta garrantzitsuena izan behar da euskal herritar guzti-guztiek beren oinarrizko eskubideak eta erantzukizunak benetan eta eraginkortasunez gauza ditzatela babestea, lege egokiak onartuz eta horretarako beharrezkoak diren politikak garatuz.

Azken batean, euskal herritarrek eta haien erakundeek goi mailako balioetan oinarritutako gizarte bat eraikitzeko egingo dute lan, gure jokabideak guztion ongizatea sustatzeko eta komunitatearekiko eta ingurumenarekiko bizikidetza harmoniatsua lortzeko doituz.

Helburu horiek erdiesteko beharrezkoak diren jarrerak eta ekintzak sustatu behar dituzten balioak askatasuna, berdintasuna eta justizia balio tradizionalak modu jakin batean ulertuz gauzatzen dira, gaur egungo sistema sozioekonomikoak hazkuntza ekonomiko neurrigabea eta desorekatua bultzatzen duelako, eta gainera, ez du ziurtatzen baliabideak berdintasunez eskuratu ahal izatea, ezta gizarte- eta ingurumen-garapen iraunkorra ere.

Hortaz, gure gizarte-ereduaren oinarriak dira, neurri berean, hainbat balio (gizarte- eta ingurumen-justizia, benetako berdintasuna, solidaritatea, askatasuna eta pertsona guztien duintasuna, esaterako) eta beste funtsezko oinarri batzuk (adibidez, zuzeneko demokrazia, bizikidetza baketsua eta identitate-aniztasuna).

  1. a) Benetako berdintasuna

Berdintasuna Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren oinarriko balioetako bat da. Balio honek gizabanako guztientzat begirune berbera exijitzen du, eta gizabanako guztiei onartzen die duintasun bera, beren sexua, arraza, erlijioa, sinesmen politikoa, maila soziala, egoera ekonomikoa edo kulturala zeinahi izanda ere; justiziaren elementurik garrantzitsuenetako bat da. Horrenbestez, euskal gizartearen oinarri izan behar du, eskubide-, erantzukizun- eta aukera-berdintasuna dela ulertuta.

Benetako berdintasunerako, nahitaezkoa da gizabanako guztien arteko tratu-berdintasuna helburu duten politikak eta estrategiak martxan jartzea eta adierazle neurgarri eta objektiboen bitartez analizatzea nola bete diren eta nolako eraginkortasuna izan duten. Beraz, benetako berdintasuna berdintasun formalaz haraindi doa, eta berdintasun hori ekitatiboki konpentsatu behar da benetako aukera-berdintasuna bermatzeko, egoera desabantailatsuan dauden taldeei baliabide gehiagorekin babesa emanez. Azken finean, berdintasunaren funtsezko edukia ez da desberdintasunezko tratuak debekatzea, tratu desberdin arbitrarioa edo diskriminatzailea saihestea baizik; hau da, berdintasun-oinarriaren gakoa ez da “desberdintasunik eza”, “diskriminaziorik eza” baizik.

  1. b) Solidaritatea

Ekologia politikoaren iritzian, mundu globalizatu batean, giza komunitate guztiak elkarren menpe daude, eta beren egitura politikoa edo ekonomikoa gorabehera, bat ukitzen duenak besteak ere ukitzen ditu.

Horregatik, beharrezkoa da esparru politiko berrian kultura-artekotasunaren, dibertsitatearen eta diskriminaziorik gabeko bizitzaren garrantzia azpimarratzea, eta migrazioa elkarrekiko eta mundu osoko prozesu gisa ulertzea.

Azken finean, balio hau esparru politiko berriaren oinarrien artean barne hartuz, nolabaiteko nagusitasun-zentzua inplizituki duen karitatezko zerbait bezala ikusi beharrean, Hegoaldearekiko solidarioa den eta Iparraldean kohesionatuta dagoen euskal gizarte bat finkatzea du helburu.

  1. c) Norbanakoen askatasuna eta duintasuna

Askatasuna, Giza Eskubideen Adierazpenak ematen dion zentzuarekin, norbanako bakoitzak bere eskubide naturalak erabili ahal izatea da eta, zehazki, besteek eskubide berberak erabili ahal izatea ziurtatzeko mugekin bakarrik egin ahal izatea. Muga horiek legeak ezartzen ditu. Bada, askatasuna ez da zerbait egiteko edo besteei egiten uzteko gaitasuna besterik gabe, aukeratzeko gaitasuna izatea eta besteen askatasuna errespetatzea baizik, eta bizitza biribila izatea ahalbidetzen digun balio bat da.

Bestalde, giza duintasuna pertsonak pertsona moduan balioestea da, norbere buruarekiko eta besteekiko begirunearekin jokatzea eta ez onartzea besteek umiliatu edo beheratzea.

Gizarte anitz batean, euskal gizartean, adibidez, bi oinarri horiek norbanako bakoitzak bere identitatea (ideologikoa, arrazarena, sexuala edo erlijiosoa) adieraz dezakeen moduan islatzen dira.

Norbere identitate-adierazpenen tolerantzia hutsa gainditzen duen euskal gizarte bat defendatzen dugu, identitatea askatasunez adierazteko eskubidea defendatzen duen euskal gizarte bat, alegia, baldin eta identitate-adierazpen horiek ez badakarte besteen oinarrizko eskubideak kaltetzea.

  1. d) Gizarte- eta ingurumen-justizia

Justizia, balio juridiko gisa, bakoitzari eskubidez dagokiona ematean datza, baina ez da nahikoa legeak formalki zuzenak eta eraginkorrak izan daitezela ikuspuntu ekonomikotik. Justizia gizartea osatzen duten gizabanakoen artean eskubideak eta erantzukizunak zuzen banatzearekin dago erlazionatuta.

Bada, nahitaezkoa da euskal gizartean funtsezko oinarri gisa onartzea kolektiboki sortzen den aberastasuna banatu egin behar dela gizarteko gizabanako guztien oinarrizko beharrak asetzeko eta, horrela, bizitza duina eta osoa bizitzeko aukera izan dezaten, beren hasierako egoera zeinahi izanda ere (ekonomikoa, soziala, arraza edo generoa).

Bestalde, baliabideen banaketa zuzena zehazteko, funtsezkoa da kontuan hartzea gure planeta ez dela amaigabea. Horregatik, justiziak zentzu osoa du baliabideak giza eskubideak asetzeko kontsumitzean ekosistemen berrezarpen-gaitasuna ez dela gainditu behar pentsatzen bada, eta ekonomiaren funtzionamendua sistema naturalenaren antzekoa izan behar dela, hau da, ahal den neurrian, gure lurraldean dauden baliabide berriztagarrietara egokitu behar du.

Hala bada, gizarte-justizia inguru osasungarri eta ekologikoki orekatu batez gozatzearekin, ingurua babestearekin eta etorkizuneko belaunaldiei baldintza beretan uzteko betebeharrarekin erlazionatuta duen euskal gizarte iraunkor bat nahitaez aldarrikatu behar da goi-mailako balio gisa.

  1. e) Zuzeneko demokrazia

Demokrazia parlamentarioak eboluzionatu egin behar du eta herritarrek mende berri honetan eskatzen dutenera egokitu behar du, herritarrek parte hartzeko eta gobernatzeko tresnen bitartez, beren jabekuntza kolektiboko nahiak bidera ditzaten. Euskadi ez da salbuespen bat, eta horregatik da beharrezkoa balio hori izatea aldarrikatzen dugun esparru politiko berriaren oinarrietako bat.

  1. f) Bizikidetza bakean

Euskal gizartea helburu politikodun indarkeriaz jositako hamarkadak gainditzen ari da. Aldi horretan, ehunka biktima izan dira eta pertsona askoren giza eskubideak urratu dira.

Etorkizunera begira, bakean eta askatasunean oinarritutako bizikidetza iraunkor bat eraikitzeko, nahitaezkoa da gutxieneko oinarri etiko batzuk errespetatzea, hala nola indarkeriaren adierazpen oro arbuiatzea, pertsona guztien oinarrizko giza eskubideak errespetatzea, orotariko biktimek jasan duten kaltea aintzatestea, guztientzako justizia eta kitapena, eta indarkeria deslegitimatzen duen memoria bat eraikitzea guztion artean.

  1. g) Identitate-pluraltasuna

Euskadin identitate-desberdintasunak egon dira, daude eta egongo dira, beste gizarte batzuetan bezala. Hala ere uste dugu aniztasun ideologiko eta politiko hori askatasunez eta bide demokratiko hutsetatik adierazteko baldintzak daudela eta egon direla.

Zentzu horretan, gainjarritako eta komuneko identitateak, ez-baztertzaileak eta aberasgarriak elkarrekin bizitzea eta garatzea bermatzen duen gizarte bat eraiki nahi dugu.

Praktikan, sentimendu nazionalen aniztasuna errespetatuz elkarrekin bizitzea lortu nahi dugu, gure esparru politikoko balio goren gisa identitate-pluraltasuna defendatzea ahalbidetzen duen kultura publiko komun bat eraikiz.

Beraz, geure elementu gisa onartzen ditugu herritarrek edo herritarren ordezkariek kasuan kasuko lurralde-esparruaren barruan demokratikoki onartu dituzten lege edo akordioen bitartez izendatu diren elementu sinbolikoak (banderak, blasoiak edo himnoak).

Zehazki, bandera ofizial guztiak berdintasunez erakuts daitezela defendatzen dugu, izaera nazionaleko identitate-sentimendu desberdinekiko errespetua erakusteko.

Euskara ondare ez-material bat da, euskal kulturaren oinarrizko parte bat, eta horregatik, euskara babestu eta mantentzea lehentasunezko helburua izan behar da euskal erakundeentzat eta euskal gizartearentzat.

Gainera, Euskadin identitate-sinbolorik garrantzitsuena eta adierazgarriena euskara izan da eta da. Euskal gizartearen zati garrantzitsu batentzat, ukaezina da hizkuntzaren eta identitate nazionalaren arteko sinbiosia.

Halere, gure lurraldean gaztelania eta euskara elkarrekin bizi izan dira, eta horregatik, bi hizkuntzak koofizialak izan behar dira, eta ez da ulertu behar batek bestea kaltetzen duenik.  (Gora)

2. TITULUA. DEMOKRAZIA ETA ERAKUNDEAK

 

XXI. mendeko euskal erakundeek herritarren eskaerei erantzuteko gauza izan behar dute, eta herritarrek erabaki-esparruak lekualda daitezela eskatzen dute, baita gobernantza-gardentasun handiagoa egon dadila ere, hala erabakiak hartzeko prozesuetan nola ordezkari hautatuen jardunean eta baliabide publikoen kudeaketan.

Errealitate berri hori erakunde-arkitektura desberdin batean islatu behar da, tokiko erakundeei dagokien subiranotasun-kuota emanez, erkidegoek parte hartzeko eta herritarren jabekuntza sustatzeko iturri nagusi gisa.

Edozein kasutan ere, EQUOk kokapen-aldaketa politikoaren alde apustu egiteak ez du esan nahi ikuspuntu orokorra galtzen duenik. Subsidiariotasun, hurbiltasun eta solidaritate oinarriak abiapuntu gisa hartuz, tokiko esparruak goiko gobernantza-mailei nahikoa botere laga behar die arazo komunei eta orokorrei ikuspegi zabalagoarekin eta irismen eraginkorragoarekin heldu ahal izateko.

2.1. Gobernantzaren oinarriak

EQUOn uste dugu gobernantza on batek berdintasuna, parte-hartzea, pluraltasuna, gardentasuna, erantzukizuna eta zuzenbide-estatuarekiko errespetua sustatu behar dituela.

Premisa horiek kontuan hartuz, erakundeek nahiz ordezkari publikoek kontsultan, elkarrizketan, negoziazioan, adostasunean, kudeaketaren eraginkortasunean eta legeen betearazpenean oinarritutako metodo bati jarraiki egin behar dute lan.

Bestalde, herritarrek ez dute gobernantza onetik baztertuta geratu behar jarrera pasibo batekin eta beren ordezkariak hautatzera mugatuz. Aitzitik, erabaki politikoak hartzerakoan zuzenean parte hartzeko aukera eta erantzukizuna izan behar dute. Horretarako, administrazioaren eta administratuen artean informazioa trukatzea errazteko sistema bat egon behar da, eta hori gizarte zibila indartu eta berraktibatzeko neurriekin osatu behar da.

Gobernantza onaren oinarriek jardun politikoaren esparru guztiak busti behar dituzte: herritarren parte-hartzea, alderdi politikoen papera, hauteskunde-araubidea nahiz erakundeen gobernu-jarduna.

2.1.1. Demokrazia parte-hartzailea

Demokrazia ez da ulertu behar bakarrik ordezkaritza politikoko sistema formal bat bezala, botere-oreka bezala baizik, non herritar antolatuak eta ez-antolatuak hausnarketaren, adostasuna bilatzearen eta erabakiak hartzearen bitartez beren etorkizunaren protagonistak diren. Premiazkoa da gehiengoaren inposizioaren egungo sistema gainditzea.

Demokrazia parte-hartzaile hori lortzeko, nahitaezkoa da lege- eta estatutu-esparru egokia izatea herritarren parte-hartzea bideratzeko, hala eztabaida-fasean nola erabakiak hartzean, eta, horretarako, alderdi hauek barne hartu behar dira:

– Organoak eta kontseiluak sortu behar dira, sektore-mailakoak nahiz auzokoak edo barruti-mailakoak hiri-esparruetan, eta herritarrei banaka nahiz elkarte zibikoen bitartez parte hartzeko aukera ematea.

– Landa-eremuetan tokiko erakunde tradizionalak aintzatetsi eta garatu egin behar dira, esaterako kontzejuak eta auzokide-batzarrak.

– Tokiko esparruan presentzialki edo telematikoki zuzenean parte hartzeko mekanismoak eta tresnak arautu behar dira.

– Herritarren lehentasunak islatzen dituzten aurrekontu parte-hartzaileak prestatzea errazten duten araudiak onartu behar dira.

Azken batean, XXI. mendeko gizarteak eskatzen duena da erreferendum modalitateak arautzen dituzten egungo Legeak eta Legegintzako Herri Ekimenaren Legea gainditu ditzagula eta horien ordez Euskadiko Herritarrek Parte Hartzeko eta Kontsultak egiteko Lege Orokor bat onartzea. Lege Orokor horrek, lehen aipatu ditugun tresnez gain, aukera eman behar du Euskadiko erakunde-maila guztietan (udalerriak, lurraldeak, autonomia-erkidegoak) erreferendum bidez kontsulta lotesleak egiteko, eta legegintzako herri-ekimenak erraztu behar ditu, bereziki gobernu-programan aurretiaz jaso ez diren ekintzen kasuan.

Esparru juridiko berri honek bere eraginkortasun guztia izan dezan, beharrezkoa izango da erakundeek sentsibilizazio- eta prestakuntza-tresnak aurreikustea, herritarren biziberritze demokratikoa errazteko, bereziki bizitza politikora sartzen ari diren belaunaldi berrien kasuan.

2.1.2. Alderdi politikoen funtzionamendua

Politikaren eta herritarren arteko urruntzea oso estuki erlazionatuta dago ekintza politikoaren inguruko egungo kontzepzioarekin, gaur egun alderdi politikoak parte-hartze politikorako bide hegemoniko gisa erabiltzen direlako.

Hala ere, biziberritze politikorako nahitaezkoa da alderdiak herritarrei irekitzea, beren gardentasuna eta barneko demokrazia arautzen dituen lege-tresna baten bitartez. Eta horretarako, lege-tresna horrek alderdi hauek arautu behar ditu, behintzat:

– Estatutuetan militanteentzat jasotako eskubide eta erantzukizunak.

– Emakumeen parte-hartze normalizatua barneko politika-jardueran, eta zuzendaritza-organoetan exiji daitezkeen kuotak.

– Zuzendaritza-organoen eta hauteskunde-zerrenden barneko hautaketan erabilitako sistema demokratikoa.

– Alderdiaren kontuen gaineko barneko eta kanpoko aurrekontu-kontrola.

2.1.3. Hauteskundeen araubidea

Kalitatezko demokrazia baterantz aurrerapausoak emateko, beharrezkoa da euskal hauteskundeen arauketa-esparrua erreformatzea, aukera politiko guztientzat aukera-berdintasuna eta botoaren proportzionaltasuna bermatzeko, baita boto-emaileen eta kargu hautatuen arteko loturan sakontzeko ere.

Zentzu horretan, hauteskunde-legeak zirkunskripzio bakarra barne hartu behar du (“pertsona bat, boto bat”) kasuan kasuko hauteskunde-esparruan (udalerrian, foralean edo autonomikoan), eta zerrendak irekiak izan daitezela exijitu behar du, eta aulkien banaketa hasteko % 3ko edo/eta % 5eko hauteskunde-muga kendu beharko da.

Hauteskunde-legeak, era berean, Eusko Legebiltzarreko lurralde-ordezkaritzaren oreka ziurtatzeko konpentsazio-mekanismoren bat barne hartu beharko du, dela hauteskunde-zerrenden osaketan, dela hautatutako pertsonen amaierako proportzioan.

Halaber, hauteskundea gauzatzen den hauteskunde-barrutian hauteskunde-zerrendako pertsonek beren egoitzari dagokionez bete beharko dituzten baldintzak arautu beharko ditu.

2.1.4. Gobernu instituzional ona

EQUOk Euskadi erakundeen gardentasunean eta funtzionamendu demokratiko eta pluralean oinarrituta gobernatzearen alde egiten du apustu, baita euskal administrazio publikoentzako Gardentasunaren eta Gobernu Onaren Legearen garapenean oinarrituta ere, herritarrak kudeaketa-lan publikoaren ardatz bihurtzen dituen gobernu-kultura berri bat praktikan jarri ahal izateko.

Gobernu Irekiaren kulturak erakunde bakoitzak herritarrekin komunikazio jarraitua izan dezan balio behar du, bere baitako eztabaida errazteko eta kolektiboa dena herritar guztien artean kudeatzeko, gizarte zibilaren eta kargu hautatuen arteko lankidetza ahalbidetuz, hala eskaintzen dituzten zerbitzuen garapenari dagokionez nola legegintza-aldaketei eta gobernuaren ekintzari dagokienez.

Gardentasunaren eta Gobernu Onaren Legearen xedapenen artean, titulartasun publikoko erakundeek sortu duten edo haien esku dagoen informazioa eskuratzeko bermeak garrantzi berezia du, herritarrek ikuskapen eta kontrol egokiak egin ditzaten.

Gardentasunaren eta Gobernu Onaren Legeak, gainera, ezin du ahaztu sektore publikoko iluntasunaren eta ustelkeriaren kontrako borroka, eta ondorioz, erakunde publikoen eta presio-taldeen arteko harremana arautu beharko du, beren jarduna gardenagoa izan dadin. Horretarako beharrezkoak dira talde horien, beren jardueren eta kargu publikoekin (karguan izan baino lehen, karguan izan bitartean eta gero) dituzten harremanen inguruko txosten edo erregistro publikoak.

Bestalde, ez da bidezkoa kargu publikoek eta ordezkatzen dituzten alderdi politikoek erakundeetan babesa aurkitu ahal izatea eta zigorrik gabe geratzea guztion interesari objektibotasunez zerbitzatzeko betebeharra urratzen badute. Horregatik, Gardentasunaren eta Gobernu Onaren Legeak kargu publikoen erantzukizun pertsonala eta beren alderdi politikoen erantzunkidetasuna ezarri beharko du, ustelkeriagatik, funts publikoen erabilera bidegabeengatik edo bestelako delituengatik kondenatzen badituzte eta kudeaketa-lan arriskutsua edo guztion intereserako oso kaltegarria egin badute.

Azkenik, beharrezkoa da Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren irizpenak aztertutako ekitaldiaren osteko urte naturalean egiteko nahikoa lege- eta aurrekontu-mekanismo arbitratzea, irizpenak juridikoki lotesleak izan daitezen ikuskatutako administrazio eta alderdi politikoentzat, eta beharrezkoa izanez gero, Epaitegi horrek bere ebazpenak betearazteko beharrezko zigor-ahalmena izan dezan.

2.1.5. Kargu hautetsien kode etikoa

Gardentasunaren eta Gobernu Onaren Legearen exijentziak gorabehera, kargu hautetsiek jokabide-printzipio etiko batzuk bete behar dituzte konfiantza eman dieten herritarrekiko.

Zentzu horretan, Hauteskundeen Legean lege-aldaketak egin behar dira kargu hautetsiei gutxienez honakoa exijitzeko:

– Beren eginkizuna ez badute betetzen kargua kentzea ahalbidetzea, beren kudeaketa-lan txarraren edo programa nabarmenki eta justifikaziorik gabe ez bete izanaren ondoriozko zentsura-mozioak aurkezteko legezko tresna baten bitartez.

– Kargu hautetsiek herritarren aurrean kontuak emateko mekanismoak ezartzea, hartu dituzten erabakiak eta izan dituzten zailtasunak azaltzeko, aldizkako entzunaldi publikoen bitartez, adibidez.

– Beren agendak jakitera ematea, norekin batzartzen diren eta zeri buruz hitz egiten duten adierazteko.

– Agintaldiaren hasieran eta bukaeran, beren diru-sarreren, ondasunen eta ondare-etekinen aitorpen bat aurkeztea, baita interes-gatazka posibleak ikusteko beharrezkoak diren datu guztiak ere. Konpromiso hau kargua utzi edo eginkizun publikoa bukatu eta hurrengo hiru urtean ere aplikatuko da.

– Kargu publikoak karguan aritzeari uzten diotenetik hiru urtera kontratu, diru-laguntza edo hitzarmenen esleipendunak izan diren, horrela sortu diren, arautu diren edo ikuskatu diren erakundeen zuzendaritzara sartzeko mugak jartzea.

– Izendapen askeko kargu publiko batean diharduen edonoren nortasuna eta hautaketa- eta kontratazio-irizpideak jakitera ematea.

2.2. Euskadiren instituzio-egitura

Euskadin, instituzio-, lurralde- eta administrazio-egitura, lotura edo eskubide historiko hutsetan oinarritu beharrean, gure esparru politikoa bideratzen duten oinarrizko balioak betetzea bermatzeko helburuarekin egituratu behar da, ororen gainetik.

Horregatik, nahitaezkoa da egungo administrazio-egitura gainditzea eta egitura arrazionalago bat bilatzea. Egitura berri hori herritarrengandik hurbilago dauden erakundeen inguruan antolatu behar da, herritarrek erabakietan gehiago parte har dezatela errazteko, oinarrizko eskubideak bermatzeko eta administrazio-egiturak eraginkorrak izateko.

Eskumenen banaketari dagokionez, EQUOtik ildo nagusi hauek zehazten ditugu:

– Beste autonomia-erkidego batzuen edo Estatuko Administrazioaren interesen kontra joatea eragiten ez duten eta eskainitako zerbitzuaren arrazionaltasun handiagoa eragiten duten estatu-eskumenak Euskadira lekualdatzearen alde gaude, betiere kudeaketa-lana elkarrekiko erakunde-leialtasunaren printzipioari jarraiki eginez.

– Eusko Legebiltzarrari gaitasun legegile handiagoa eman nahi diogu Biltzar edo Batzar Nagusiei baino, euskal herritar guztien berdintasunean eragina izan lezaketen gobernantzako araugintza-kontuetan irizpide-batasuna bermatzeko.

– Udalen esku utzi nahi ditugu Administrazioaren eta administratuen arteko zuzeneko harremana dakarten betearazpen- eta kudeaketa-eskumen guztiak, bereziki zerbitzu publikoak eskaintzeari eta herritarren erantzukizunak eta eskubideak gauzatzeari lotutakoak.

– Foru-administrazioaren mailari egotzi nahi dizkiogu udalen eta udalez gaindiko erakundeen (koadrilak, eskualdeak, mankomunitateak) esparrutik gaineko aplikazio-eremua duten politika publikoen betearazpen- eta kudeaketa-eskumenak.

Hasierako analisi honetan oinarrituz, jarraian Euskadiko hiru mailen (udalak, lurralde historikoak eta autonomia-erkidegoak) erakunde-egitura zehaztuko dugu, baita proposatutako erakunde-sarea behar bezala finantzatzea bermatzeko beharrezkoa den Ekonomia Itunaren birmoldaketa ere.

2.2.1. Udalak

Euskadiko erakunde-egituraren oinarria Udalak izan behar dira, eta erakunde horiek izan behar dituzte zerbitzu publikoak eskaintzeko eta herritarren eskubide eta erantzukizunen inguruko oinarrizko administrazio- eta betearazpen-lanerako eskumen guztiak.

Eta, gainera, Udalek legegintza-eskumen zabalak izan behar dituzte beren jurisdikziotik kanpokoak ez diren gaien inguruan, baita herritarrek zuzeneko demokrazian jardutea ahalbidetzen duten mekanismo deszentralizatuak antolatzeko ere (ikus 2.1.1 kapitulua).

Udalak euskal erakunde-sarearen oinarri eta euskarri izateko erabakia behar bezala islatu behar da Euskadiko Udalei buruzko etorkizuneko Legean, eta nahitaezko finantza-oinarria izan behar du Ekarpenen Legean (gaur egun berritzeke dago), Udalen eskumenen finantzaketak udal-jarduera modernoa, hurbilekoa eta eraginkorra martxan jartzea galarazten duen ahulgunea izateari utz diezaion.

Horren harira, EQUOtik proposatzen duguna da Tokiko Araubidearen Oinarrien Legean jasotako eskumenez gain udalerriek gutxienez ondorengo kudeaketa- eta betearazpen-eskumen hauek har ditzatela (gaur egun maila instituzional altuagoen esku daude):

– Gizarte-laguntza, garapen komunitarioa, emakumearen sustapena, haurren babesa, gazteria eta hirugarren adina.

– Kirolen sustapena, aisia eta olgeta.

– Historia-, arte-, kultura-, monumentu- eta arkeologia-ondarearen babesa.

– Udalaren ondasunen araubidea, hala jabari publikoarena nola ondare- eta herri-ondasunena.

– Lurralde- eta hirigintza-antolamenduko tresnen betearazpena, kudeaketa, informazioa eta onarpena, egokia bada.

– Jarduera gogaikarri, osasungaitz, kaltegarri eta arriskutsu guztiak baimendu eta sailkatzea, Eusko Jaurlaritzak guztion interesekotzat jotzen dituenak izan ezik.

– Animalia- eta landare-osasunari eta -ekoizpenari, nekazaritzagarapenari eta nekazaritza- eta baso-lurzoruen kontserbazioari eta hobekuntzari buruzko araudiaren betearazpena.

Udalen eskumenak ez dira mugatu behar legegintzara eta botere betearazlera, esparru judizialera ere hedatu behar baitira. Zentzu horretan, uste dugu nahitaezkoa dela Bake-epailearen instituzioa garatzea, arlo judizialean herritarrekiko hurbiltasun handiena duena delako, eta esparru zibileko gai eta eztabaidetan artekari-lanak egiteko baliabideak eta eskuduntzak eman behar zaizkio, baita ebazpen judizialak betetzen diren ikuskatzeko ere.

EQUOn badakigu udal-esparruan eskumen gehiago izateko arazo izan daitekeela Euskadiko udalerri gehienak txikiak direla (azalerari nahiz biztanleriari dagokienez), eta horrek egitura burokratiko zamatsua eta garestia eragin lezakeela, Euskadirako defendatzen dugun egitura arrazional eta eraginkorraren kontra.

Horregatik uste dugu Udalek eskualde-esparruan gaur egun dauden erakunde juridikoak sustatu behar dituztela, hau da, Mankomunitateak, Eskualdeak edo Koadrilak, beren jardunaren oinarria guztion ongizatea bilatzea edo lankidetza izateko, eta ez lehia.

EQUOn ez dugu defendatzen udalez gaindiko erakunde hauek araubide juridiko bereizi bat izan dezatenik, baina uste dugu estatus positiboa merezi dutela, politika publikoen eta onartzen dituzten udal-eskumenen finantzaketari dagokionez, erakunde horiek existitzeak baliabide publiko ekonomiko eta materialak aurreztea eragiten baitu.

2.2.2. Lurralde Historikoak

Foru-erakundeak Euskadiri unitate politiko bereizi gisa zentzua ematen dion sustrai historikoa dira. Hala ere, XXI. mendean, ez dute izan behar euskal erakunde-sarearen ardatza. Euskal erakunde-sareak legegintza-koherentzia behar du, baita gobernuaren jarduna eraginkorrago egiten duen lekualdaketa administratiboa ere. Horregatik, EQUOtik planteatzen dugu beharrezkoa dela foru-erakundeak birdefinitzea eta proposatzen dugun erakunde-diseinu berrira egokitzea.

Batetik, Batzar edo Biltzar Nagusiek beren eginkizun legegilearen zati bat Eusko Legebiltzarrari utzi behar diotelakoan gaude, batik bat euskal herritar guztien berdintasunean eragina izan lezakeen arloetan (2.2.3. kapitulua).

Era berean, Foru-erakundeek Udalei eskualdatu behar dizkiete herritarrentzako zerbitzuak kudeatzeari lotutako eskumenak, eta Eusko Jaurlaritzari laga behar dizkiote esparru autonomikoko politiken koordinazioa eskatzen dutenak.

Eta, azkenik, Foru Aldundiei dagozkie Ekonomia Itunean jasotako zerga-arloko eskumenak, baita udal-esparrutik edo udalez gaindiko esparrutik kanpoko aplikazio-esparrua duten betearazpen- eta kudeaketa-eskumenak ere, hala nola honakoak:

– Basozaintza, arrantza kontinentala eta ehiza.

– Ur kontinental publikoen eta horien ibilguen, ur-bazterren eta zortasunen polizia.

– Beste Lurralde batzuetan eraginik ez duten obra publikoak edo Eusko Jaurlaritzak interes orokorrekotzat jotzen ez dituenak.

2.2.3. Autonomia-erkidegoa

Euskadiko erakunde-arkitekturan, gure autonomia-erkidegoko Zuzenbide-estatuaren oinarrian dauden hiru erakundeak honakoak dira: Eusko Legebiltzarra, Eusko Jaurlaritza eta EAEko Auzitegi Nagusia. Erakunde legegile, betearazle eta judizialen sareko instituzio gorenak dira, eta euskal sistema demokratikoaren oinarria.

Gaur egun Gernikako Estatutuan jasotako eskumenez gain, Euskal Autonomia Erkidegoak orain arte Estatuaren esku egon diren eskumen hauek bereganatuko ditu:

– Erreferendum bidezko kontsultak baimentzeari buruzko legegintza, udal-esparruko, udalez gaindiko eta esparru autonomikoko gaien inguruan.

– Estatuaren zerga esklusiboen diru-bilketa (aduanetako errentak eta monopolio fiskalak) Foru Ogasunek egingo dute, Ekonomia Itunari jarraiki.

– Euskal administrazio publikoen araubide juridikoa.

– Tokiko poliziari buruzko legeria eta Ertzaintzaren eskumen integralak, segurtasun publikoaren ingurukoak (portuen zaintza, aireportuena, kostalde eta mugena, aduanena, armak eta lehergailuak, kontrabandoa eta iruzur fiskala).

– Gizarte-komunikazioko baliabideen inguruko oinarrizko arauak.

– Hezkuntzarako eskubidearen inguruko oinarrizko araudia.

– Jarduera ekonomikoaren plangintza orokorra eta Euskadiko lehiaren defentsari buruzko legeria.

– Meatzeen araubidea (harrobiak) eta osasun-interesaren menpeko industriak eta atzerriko teknologia transferitzeko kontratuak eskatzen dituztenak (segurtasun-arau berezien menpe daudenak eta interes militarrekoak izan ezik).

– Eremu naturalen, mendien, larreen, basoaren aprobetxamenduaren eta abereentzako bideen kudeaketari buruzko oinarrizko legeria.

– Isuriei eta hondakinei buruzko oinarrizko legeria.

Era berean, Eusko Legebiltzarra orain arte Foru Lurraldeetako Batzar/Biltzar Nagusiek bakar-bakarrik zeuzkaten legegintza-eskumen hauek izango dituen ganbera legegilea izango da:

– Autonomia-erkidegoko hauteskundeen nahiz foru- eta udal-hauteskundeen araubidea.

– Udal mugapeak eta udalez gaindikoak.

– Mendien, baso-zerbitzuen, aprobetxamenduen, abereentzako bideen eta larreen kudeaketari buruzko oinarrizko legeria.

– Animalien eta landareen produkzioari eta osasunari buruzko oinarrizko legeria.

– Gizarte-laguntzari, garapen komunitarioari, emakumearen sustapenari, haurren babesari, gazteriari eta hirugarren adinari buruzko oinarrizko legeria.

– Lurralde- eta hirigintza-antolamenduari buruzko oinarrizko legeria.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzaren esku egongo dira, besteak beste, Foru Aldundietatik transferitutako eskumen betearazle hauek:

– Errepideak planifikatu, eraiki, mantendu eta finantzatzea, Obra eta Zerbitzu Planak onartzea eta Toki Erakundeei aholkularitza teknikoa ematea.

– Agiritegiak, liburutegiak, museoak eta bestelako erakunde kulturalak kudeatzea, foru-interesekoak nahiz interes autonomikokoak.

– Historia-, arte-, kultura-, monumentu- eta arkeologia-ondarearen kudeaketa.

– Eskola-kiroleko eta kirol federatuko programak koordinatzea.

– Babestutako eremu naturalak administratzea.

– Lurralde- eta hiri-antolamendurako tresnak legeztatu, zehaztu, onartu eta koordinatzea.

2.2.4. Ekonomia Ituna

Ekonomia Ituna gaur egun ere tresna erabilgarria eta egokia da Euskadiren eta Estatuaren arteko finantza-harremanak zehazteko, batetik, eta foru-lurraldeen eta euskal erakunde komunen artekoak zehazteko, bestetik.

Halere, EQUOk uste du beharrezkoa dela Itunaren Legea berrikustea Estatuarekiko zerga-egitura orokorrean autonomia handiagoa sartu ahal izateko, eta aldi berean, Euskadi Europar Batasunaren esparruan ikusten den zerga-harmonizazioarekin lehenago uztartzeko.

Kupoari dagokionez, EQUOk uste du Euskadik Estatuaren zamei egin beharreko ekarpenaren ehunekoa ez litzatekeela BPGa adierazle gisa erabiliz bakarrik kalkulatu beharko, Euskadin Estatu osoarekin alderatuta dagoen aberastasun ekonomikoa bakarrik baloratzea ahalbidetzen duelako.

Zentzu horretan, Itunaren Legea berrikusten denean, EQUOk gizarte- eta ingurumen-arlotik berdintasunezkoagoa den indize bat aintzat hartzea defendatuko du, adibidez, biztanle bakoitzeko BPGa, Euskadiren arrasto ekologikoa Estatu osoarenarekin konparatuz ebaluatzen duen zuzenketa-faktore bat ere haztatuz.

Ekarpenen Legeari dagokionez, berrikusten denean, banaketa-koefiziente bertikalaren definizioa aldatu beharko da eta udal-finantzaketa ziurtatzea ahalbidetzen duen banaketa-koefiziente berri bat ezarri beharko da. Bi kasuetan, berrikuspen horren abiapuntua gure eredu politikoan planteatu den eskumen-banaketa berria izan beharko da.

Bestalde, lurraldeen arteko konpentsazio-mekanismoak eta banaketa horizontaleko koefizienteak ez dira oinarrituko BPGan, aberastasunaren adierazle huts bat baita, gizarte- eta ingurumen-berdintasun irizpideak barne hartu beharko baititu, Kupoaren banaketa-ehunekorako planteatutakoen antzekoak, hain zuzen.

EQUOk defendatzen du Euskadik estatuko lurralde-arteko solidaritate funtsei ekarpenak egiten jarrai dezala, Kupoaren banaketa-koefizientea aplikatuz.

Hala eta guztiz ere, EQUOk uste du estatuaren funts horiek helburuetara bideratuta egon behar dutela, giza garapenarekin erlazionatuta (osasuna, hezkuntza, langabezia, arrasto ekologikoa…). Funts horien banaketak adierazle objektibo eta ebaluagarrietan oinarrituta egon beharko du (BPGa bezala aberastasun materiala neurtzeko erabiltzen direnak ez bezalakoetan). Gainera, estatuko solidaritate-mekanismo horien helburuak eta xedeak Europako Batzordeak aberastasuna banatzeko kudeatzen dituen tresnekin bat etor ez daitezela lortzen ahalegindu beharko da.  (Gora)

3. TITULUA. HERRITARREN ESKUBIDEAK ETA ERANTZUKIZUNAK

 

Euskal herritar guztiek dituzte oinarrizko eskubide batzuk, banaka nahiz kolektiboki erabil ditzaketenak, eta gure esparru politikoan zehaztutako goi-balioak dira eskubide horien oinarria.

Eskubide horiekin batera, euskal herritarrek banakako erantzukizun batzuk dituzte, eta erantzukizun horiek erabiltzeak zentzua ematen dio herritartasun-kontzeptuari, eta gizartean harmonikoki bizitzea ahalbidetzen du.

Eskubide eta erantzukizun horiek, era berean, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalean jaso diren oinarrizko eskubideen osagarri dira, baita Europar Batasunaren Lisboako Itunean eta Espainiako Konstituzioan ezarritako printzipioenak ere.

Erakundeen eginkizuna da eskubide eta erantzukizun horiek betetzea bermatzeko beharrezkoak diren lege eta politika zehatzak garatzea.

3.1. Esparru zibileko eskubideak eta erantzukizunak

– Gizabanako guztiek dute beren sinesmen kultural, erlijioso edo ez-erlijiosoen arabera bizitzeko eskubidea, baldin eta sinesmen horiek ez badute eragiten besteen oinarrizko eskubideak kaltetzea.

– Gizabanako bakoitzaren erantzukizuna da besteen sinesmenak errespetatzea eta beren sinesmenak inori ez inposatzea.

– Gizabanako guztiek dute migratzeko eta beren bizitokia Euskadin izateko eskubidea, baita nazioarteko arauen arabera asiloa eta babesa eskatzeko eta euskal lurralde osoan askatasunez zirkulatzeko ere.

– Migratzaileek Euskadin indarrean dauden legeak eta arauak errespetatzeko erantzukizuna dute.

– Gizabanakoek beren bizikidetza-gunea arau heteropatriarkalez haraindi askatasunez osatzeko eta aintzatetsia izateko eskubidea dute.

– Herritar guztien erantzukizuna da bizikidetza-unitate desberdinak errespetatzea.

– Herritar guztiek dute guraso izateko eskubidea, gurasotasunaren aldaera guztietan (biologikoki, adoptatuz), diskriminaziorik gabe.

– Gurasoen erantzukizuna da beren seme-alaben ongizate fisiko, psikiko eta afektiboa bermatzea, pertsona aske, autonomo eta arduratsu moduan gara daitezen heztea, eta adinez nagusi izan arte haien elikadura-, osasun-, prestakuntza- eta etxebizitza-beharrak asetzen saiatzea.

3.2. Benetako berdintasunaren arloko eskubideak eta betebeharrak

– Emakumeek indarkeria matxistarik gabe bizitzeko eskubidea dute.

– Herritar guztien erantzukizuna da emakumeak indarkeria matxistetatik babestea, berdintasunean oinarrituz heztea, erakundeei indarkeria desagerrarazteko nahikoa baliabide ematea eta indarkeria jasaten duten emakumeak biktimizatzea ekiditea.

– Gizabanako guztiek dute orientazio sexual, nortasun sexual eta genero nortasun librerako eskubidea, baita norbera izanik aske, seguru eta babestuta sentitzeko ere.

– Binarioak ez diren nortasun sexualak aintzatesteko eskubidea. Eta egokia bada, berreraikuntzarako ebakuntza publikoa eta doakoa izateko eskubidea.

– Gizabanako guztiek dute beste pertsonen nortasun eta orientazio sexualak errespetatu eta onartzeko erantzukizuna.

– Aniztasun funtzionala duten pertsonek pertsona oso gisa garatzeko beharrezko baliabideak izateko eskubidea dute, hori galarazten duen oztopo fisikorik, komunikatiborik eta kulturalik gabe, baita gizartean beren gaitasunen araberako ekarpena egiteko eskubidea ere.

– Herritar guztiek dute urritasun funtzionalak dituzten pertsonen lorpenei oihartzuna emateko erantzukizuna, baita guztiz gizartera daitezela sustatzeko ere, haien ahalegina eta gainditzeko nahia positiboki baloratuz, eta aktiboki baztertuz haien inguruko estereotipoak eta diskriminazio-jokabideak.

3.3. Osasunaren eta zaintzaren arloko eskubideak eta betebeharrak

– Herritar guztiek dute beren adinaren eta egoera fisiko eta mentalaren arabera bizitza osasuntsua eta autonomoa izateko eskubidea.

– Herritar guztiek dute heriotza duina izateko eskubidea eta, beharrezkoa izanez gero, laguntzarekin eta beren erabakiak eta azken nahiak errespetatzen dituen prozesu batekin hiltzeko eskubidea.

– Herritar guztien eskubidea da agintaritza publikoek agente fisikoak, kimikoak edo biologikoak isur litzaketen jarduerek biztanleriaren osasuna ezingo dutela arriskuan jarri berma diezaietela, lan-arloan nahiz beren eguneroko bizitzan.

– Gizabanako bakoitzaren erantzukizuna da beren eta besteen osasuna arriskuan jar lezaketen jokabideak, ohiturak eta jarduerak ekiditea.

– Pertsona guztiek dute arreta soziosanitario publikoa, doakoa eta unibertsala izateko eskubidea, baita beren osasun-egoerari buruzko beharrezko informazio guztia jasotzeko eta jaso behar dituzten tratamendu eta ebakuntzei buruzko azken erabakia hartzeko eskubidea ere.  

– Osasun-zerbitzuen erabiltzaile guztien erantzukizuna da zerbitzu horiek behar badituzte bakarrik erabiltzea, osasunaren arloko profesionalen duintasuna errespetatuz eta baliabide medikoak eta farmakologikoak modu arduratsuan erabiliz.

– Emakume guztiek dute beren gorputzaren gaineko erabakiak hartzeko eskubidea, baita modu seguruan eta dohainik abortatzeko ere, eta herritar guztiek dute sexualitateari eta ugalketari buruzko hezkuntza eta aholkularitza jasotzeko eskubidea.

– Herritar guztiek dute emakumeak beren gorputzaren jabe bakarrak direla errespetatzeko erantzukizuna.

– Herritar guztiek dute osasuna sustatzeko, gaixotasunak prebenitzeko doako programa publikoak eta heziketa afektibo-sexualari buruzkoak jaso ahal izateko eskubidea.

– Herritar guztiek dute kirol-instalazio publikoak erabilgarri izateko eskubidea.

– Kirol-instalazioen erabiltzaile guztien erantzukizuna da instalazio horiek behar bezala erabiltzea, ezarritako prezio publikoak ordainduz.

– Herritar guztiek dute edateko ura eta hondakin-uren saneamendua izateko zerbitzu publikoak izateko eskubidea, baita substantzia kimiko kaltegarririk eta aldaketa genetikorik gabeko elikagai osasungarri eta osasuntsuekin elikatzeko ere.

– Gizabanako bakoitzaren erantzukizuna da elikatzeko ohitura osasungarriak izatea, edateko uraren horniduraren eta hondakin-uren saneamenduaren kostua ordaintzea eta ura eraginkortasunez erabiltzea.

– Pertsona guztiek dute beren inguruko eremuan jaiotzeko, hazteko, bizitzeko eta zahartzeko eskubidea.

– Pertsona guztiek dute besteak zaintzeko eta zainduak izateko eskubidea, eta gizarteak beren lana balioetsi dezala lortzeko eskubidea, bereziki emakumeen kasuan.

– Herritar guztiek dute beren bizikidetza-unitateko pertsonek (eskolaurreko adineko umeak, ezintasun funtzionala duten pertsonak, adineko pertsonak) behar duten zaintza ematen duten doako zentro publikoak erabilgarri izateko eskubidea.

3.4. Hezkuntzaren arloko eskubideak eta betebeharrak

– Pertsona guztiek dute beren potentzialtasunak eta ezaugarriak garatzen dituen eta beren garapen pertsonala, soziala eta profesionala sustatzen dituen hezkuntza bat jasotzeko eskubidea.

– Pertsona guztien erantzukizuna da, eta bereziki gurasoena, ikasketa-prozesua norbanakoaren garapenerako erabakigarria dela onartzea, batik bat haurtzaroan eta nerabezaroan.

– Pertsona guztiek dute hezkuntza-sistema unibertsala, publikoa, laikoa, barne-hartzailea eta doakoa eskuragarri izateko eskubidea.

– Hezkuntza-sisteman parte hartzen duten pertsona guztiek (irakasleak, familiak eta ikasleak) dute heziketa-zentroko zuzendaritza-organoen parte izateko eskubidea, baita heziketa-zentroaren hezkuntza-proiektua prestatu eta onartzeko prozesuan parte hartzeko ere.

– Hezkuntza-erkidegoaren parte diren pertsona guztiek (irakasleak, familiak eta ikasleak) dute heziketa-jarduera planifikatzeko prozesuan parte hartzeko eskubidea (zentro berriak eraikitzea, curriculum akademikoa lantzea).

– Hezkuntza-sistemaren erabiltzaile guztien (familiak eta ikasleak) erantzukizuna da hezkuntza-sistemaren baliabideak zuhurtasunez erabiltzea, eta irakasleen duintasuna errespetatzea.

3.5. Oinarrizko beste behar batzuen inguruko eskubideak eta betebeharrak

3.5.1. Ur- eta elikadura-beharrak

– Pertsona guztiek dute ur-hornidura eta elikadura osasungarriak eta osasuntsuak jasotzeko eskubidea.

– Herritarrek beren elikagaiak ekoitzi eta jasotzeko eskubidea dute, baldin eta behar adina baliabide natural komun badaude, eta edozein kasutan ere, baliabide horiek kudeatzeko ezartzen diren arauak bete beharko dira.

– Norbanako bakoitzaren erantzukizuna da elikagaiak eta ekoizteko beharrezkoak diren baliabide naturalak ez xahutzea.

3.5.2. Energia-beharrak

– Pertsona guztiek dute beren oinarrizko energia-beharrak energia-iturri seguru eta ez-kutsatzaile baten bitartez ase daitezen eskubidea.  

– Norbanako bakoitzaren erantzukizuna da energia eraginkortasunez erabiltzea, aurrezteko ohiturekin eta energia-baliabide komunitarioak modu desegokian erabiltzea sustatzen duten jokabide eta jarduerak saihestuz.

– Herritarrek beren kontsumorako energia iturri berriztagarriekin sortzeko eskubidea dute, baita erabili gabeko energia berriztagarria jatorri duen energia saldu edo biltegiratzeko elektrizitate-sistema publiko bat eskuragarri izateko ere.

– Elektrizitatea hornitzeko sistema batera bakarka nahiz beste pertsona batzuekin batera konektatutako pertsona bakoitzaren erantzukizuna da zerbitzu publikoaren kostua ordaintzeko beharrezkoa den sarbide- eta mantentze-tasa ordaintzea.

3.5.3. Garraio-beharrak

– Herritarrek herrigune bakoitzean garraiobide publiko malgua, iraunkorra eta egokia eta oinarrizko osasun-, hezkuntza- eta administrazio-zerbitzu publikoekiko konexioa errazten duena erabilgarri izateko eskubidea dute.

– Norbanako bakoitzaren erantzukizuna da garraio publikoa modu arduratsuan erabiltzea, zerbitzuaren kostua ordaintzeko beharrezkoa den prezio publikoa ordainduta.

3.5.4. Etxebizitza-beharrak

– Herritarrek etxebizitza duina, beren bizitzako beharretarako eta behar funtzionaletarako egokia eta beren inguru geografikotik ahal bezain hurbil dagoena izateko eskubidea dute.

– Etxebizitzarik ez daukaten gizabanako guztiek dute egunero gaua igarotzeko eta elikatzeko toki publiko bat eskuragarri izateko eskubidea.

– Pertsona guztiek dute ebazpen judizial bidez kaudimengabe izendatu badituzte etxetik kanporatuak ez izateko eskubidea, baldin eta beren bizi-beharretarako beste egoitza publiko egokirik ez badute.

– Titulartasun publikoko etxebizitza baten erabiltzaile guztien erantzukizuna da alokairu-kontratuan ezarritako alokairu-prezioa ordaintzea, ebazpen judizial bidez kaudimengabe izendatu badituzte izan ezik.

3.6. Ekonomia- eta lan-arloetako eskubideak eta betebeharrak

3.6.1. Lana

– Gizabanako guztiek dute beren gaitasunak eta talentuak lanaren bitartez garatzeko eskubidea, baita beren oinarrizko beharrak asetzeko moduko eta egiten duten lanaren eta denboraren araberako sari bat jasotzeko ere, eta beren bizitza pertsonala eta lanekoa bateratzeko eskubidea dute.

– Pertsona guztiek dute lanaren bitartez errazago gizarteratzeko eskubidea, baita lan horrekin ongizate pertsonal eta kolektibo handiagoa lortzeko ere.

– Emakume orok du lanean zuzeneko edo zeharkako diskriminaziorik ez jasateko eskubidea, baita ordainsaria gizonezkoen baldintza beretan jasotzeko ere.

– Norbait kontratatzen duen pertsona ororen erantzukizuna da kontratatutako pertsona behar bezalako begirunearekin tratatzea, lanean haren osasun fisikoa eta psikikoa zaintzea, agindutako eginkizunez arduratzeko baliabide egokiak ematea eta adostutako ordainsaria ematea.

– Langile guztiek dute beren eginkizun profesionalak behar bezala gauzatzeko prestakuntza egokia jasotzeko eskubidea, baita laneko osasun eta arrisku-prebentzio eraginkorra izateko ere, eta beren lanpostuaren bideragarritasunean eragina duten gai eta erabakien berri izateko eta kontsultatuak izateko eskubidea ere badute.

– Langile guztien erantzukizuna da beren edo beste langile batzuen osasuna edo segurtasuna arriskuan jartzen dituen lan edo jarduerarik ez egitea.

– Pertsona guztiek dute, eta bereziki emakumeek, beren etxeko edo bizikidetza-esparruko zaintza-eginkizunak direla-eta ordainik gabe egiten duten lana balioetsia izateko eskubidea.

– Pertsona guztien erantzukizuna da, eta bereziki gizonena, etxeko eta familiako zaintza-lanak berdintasunez banatzea bizikidetza-gunea osatzen duten pertsonen artean.

3.6.2. Gizarte-prestazioak

– Herritar guztiek dute gutxieneko diru-sarrerak edo/eta baliabide baliokideak izateko eskubidea, bizitza duina izateko eta behar-beharrezko oinarrizko ondasunak eskuragarri izateko.

– Herritar guztiek dute beren adinaren edo baldintza psikofisikoen ondorioz egokia dela-eta beren laneko bizitza bukatzeko eskubidea, baita beren bizitzako gainerako urteetan behar besteko pentsioa jasotzeko ere, beren adinaren eta baldintzen arabera ongizate-maila egokia izan ahal izateko.

– Gizarte-prestazio publiko bat jasotzen duen pertsona ororen erantzukizuna da bere baldintza sozioekonomikoetan jasotzen duen prestazioaren zenbatekoa aldatzea eragin lezaketen gorabehera edo aldaketaren bat badago horren berri ematea.

– Herritar guztiek dute sustapen pertsonaleko programetan parte hartzeko eskubidea, baita gizarteratu eta laneratzeko laguntza pertsonalizatua jasotzeko ere.

– Gizarteratze- eta laneratze-programetan parte hartzen duen pertsona ororen erantzukizuna da bere baliabideak eta gaitasunak abian jartzea eta beren duintasuna urratzen duen edo lan-ustiapena eragiten duen enplegurik ez onartzea.

3.6.3. Finantza publikoak

– Herritarrek beren zerga-betebeharrak argi eta modu ulergarrian ezagutzeko eskubidea dute, baita zergak kalkulatzeko sistemari buruzko informazio xehea izateko ere.

– Pertsona guztien erantzukizuna da beren zerga-betebeharrak betetzea beren gaitasun ekonomikoaren arabera, benetako informazioaren bitartez.

– Herritarrek erakunde publikoen kontu publikoen egoerari buruzko informazio argia, ulergarria, benetakoa eta xehea eskuragarri izateko eskubidea dute.

3.6.4. Ondarea

– Herritarrek gordailatutako ondare osoa zaindu eta bermatuko duen titulartasun publikoko finantza-sistema bat eskuragarri izateko eskubidea dute.

– Pertsona guztien erantzukizuna da ondasun edo zerbitzu ekonomikoak espekulatzeko ez pilatzea.

– Pertsona guztien erantzukizuna da beren ondasun edo zerbitzu ekonomikoek legeak ezarritako eginkizun soziala betetzea.

– Herritar guztiek dute banaka edo beste batzuekin batera lurraldearen edozein tokitan jarduera ekonomiko bat modu arin eta eskuragarrian gauzatzeko eskubidea.

– Banaka edo beste pertsona batzuekin batera jarduera ekonomiko bat gauzatzen duten gizabanako guztien erantzukizuna da jarduera horri eragiten dioten legeak eta sektore-araudiak betetzea eta aplikatzen zaizkion zerga-betebeharrak betetzea.

3.7. Bizitza sozial eta komunitarioarekin erlazionatutako eskubideak eta betebeharrak

3.7.1. Zientzia

– Pertsona guztiek dute ezagutza zientifikoa eta akademikoa bereganatu ahal izateko eskubidea, gizateriaren ondare komuna izanik.

– Ikerketan eta irakaskuntzan diharduten pertsonek ondare zientifiko eta akademiko komuna garatu eta sakontzeko eskubidea dute.

– Ikerketan eta irakaskuntzan diharduten pertsonen erantzukizuna da ondare zientifiko eta akademiko komunari ekarpena egitea.

3.7.2. Kultura

– Pertsona guztiek dute beren nortasun kulturala ezagutu eta transmititzeko eskubidea, baita beren sorkuntza kulturalak sortu eta ezagutzera emateko eta beren sorkuntza-lanagatik behar bezalako saria jasotzeko ere.

– Herritar guztiek dute jarduera kultural publikoetan parte hartzeko eskubidea, baita oinarrizko azpiegitura publikoak eskuragarri izateko ere (esaterako, liburutegiak, museoak, agiritegiak).

– Sormen-lan kultural bat eskuratzen duen pertsona orok du lan horretaz gozatzeagatik dagokion prezioa ordaintzeko erantzukizuna.

– Herritar guztien eskubidea eta erantzukizuna da ondare historiko, artistiko eta kultural kolektiboa babestea.

– Herritar guztiek dute aniztasun kultural eta ideologikoa errespetatzen duen ikus-entzunezko hedabide publiko bat behintzat izateko eskubidea.

– Herritar guztiek dute etxeko telekomunikazio-sareetan pribatutasuna izateko eskubidea.

– Telekomunikazio-sareen erabiltzaile ororen erantzukizuna da beste pertsona batzuen oinarrizko eskubideak urratzen dituen jarduerarik ez gauzatzea.

– Sormen-jarduerak gauzatzen dituzten pertsona guztiek dute dagozkien eskubide intelektualak kultura-ondare kolektiborako lagatzeko nahiz eskubide horiei uko egiteko eskubidea.

– Sormen-jarduerak gauzatzen dituzten pertsona guztien erantzukizuna da aurreko kultura-ondare historikoarekiko duten zor artistiko eta kulturala aintzatestea.

3.7.3. Euskara

– Herritar guztiek dute gizarteko, politikako, lan-arloko nahiz administrazioko esparru guztietan euskara erabiltzeko eskubidea.

– Herritar guztien eskubidea eta erantzukizuna da euskara dohainik ikastea.

– Herritar guztien erantzukizuna da euskara aktiboki erabiltzea.

– Herritar guztien erantzukizuna da hizkuntza beste norbait gizartetik baztertzeko elementu gisa ez erabiltzea.

3.7.4. Bizitza komunitarioa

– Pertsona guztiek dute beren espazio- eta bizitza-esparruan sustraitutako sare sozialak garatzeko bizikidetza- eta autoantolamendu-harreman komunitarioak ezartzeko eskubidea.

– Pertsona guztiek dute beren banakako bizi-baldintzetan eta bizi-baldintza kolektiboetan eragina duten erabakietan parte hartzeko eskubidea.

– Pertsona guztien erantzukizuna da erabaki komunitarioetan aktiboak izatea eta parte hartzea, enpatikoak eta solidarioak izatea, entzuteko eta norbere burua kontrolatzeko gaitasunak garatzea eta kolektiboari autonomia pertsonalarekin ekarpena egiteko gai izatea.

– Pertsona guztiek dute sekretuak edo legez babestutako informazioa ezagutzera emateko eskubidea, baldin eta informazio hori jakitera emateak erakundeek edo haien zuzendariek izandako legez kontrako jokabideak azaleratzeko aukera ematen badu eta gizarte osoari edo zati bati kalteak eragiteko asmoz edo kalteak eragin ahal izateko moduan gauzatu badituzte.

3.8. Ingurumenarekiko eta baliabide naturalekiko eskubideak eta erantzukizunak

– Pertsona guztiek dute ingurumen osasungarria eta beren osasuna edo ingurumenarena arriskuan jar litzakeen elementu fisiko, kimiko edo biologikorik gabea izateko eskubidea.

– Gizabanako bakoitzaren erantzukizuna da beren inguruaren osasungarritasuna eta osotasuna arriskuan jar litzaketen jokabideak, ohiturak eta jarduerak ekiditea.

– Pertsona guztiek dute naturarekin harmonian bizitzeko eta lurraldeko toki komun naturalez gozatzeko eskubidea, ekosistemen funtzionamenduari kalterik eragin gabe.

– Norbanako bakoitzaren erantzukizuna da norbere ondare naturala eta ondare natural komuna babestu eta lehengoratzea, bertako biodibertsitate genetikoa eta bizidunen eta inguru fisikoen arteko elkarrekintzak babestea, baita hurrengo belaunaldiak naturaren errespetuan oinarrituz heztea ere.

– Herritarrek lurraldeko baliabide natural ekonomikoen titulartasun kolektiboa izateko eskubidea dute, baita baliabide horiek kudeatzeko politiketan esku hartzeko ere, dagokien eskumen-esparruan.

– Gizabanako bakoitzaren erantzukizuna da bakarka nahiz beste batzuekin batera baliabide naturalen osotasuna babestea, eta beren jarduerak beren ingurua errespetatuz gauzatzea, baita behar ez bezalako ondorio edo kalteren bat eraginez gero hasierako egoerara lehengoratzea ere.

– Norbanako bakoitzaren erantzukizuna da ustiatzen dituen baliabide naturalak iraunkortasunez kudeatzea, bakarka nahiz beste batzuekin batera.

– Herritarrek beren eguneroko bizitzaren eragina murrizteko zerbitzu publikoak izateko eskubidea dute (hondakin-urak arazteko sistemak, hondakinak jaso eta tratatzeko zerbitzua).

– Gizabanako bakoitzaren erantzukizuna da ahal den neurrian murriztea eragindako inpaktua, baita zerbitzu horiek behar bezala erabiltzea ere, zerbitzuak mantentzeko eta jardunean izateko tasa egokiak ordainduz.

– Herritarrek beren inguruan eragina duten proiektu edo azpiegituren inguruko informazioa eskuragarri izateko eskubidea dute, horien hasierako plangintza-fasetik gauzatze- eta jarraipen-faseraino, baita erabakiak hartzeko prozesuan banaka nahiz kolektiboki parte hartzeko tresnak izateko eta kontsulta lotesleak izan daitezen ere, legez xedatzen denean.

– Herritarrek giza erabilerak eta jarduerak ekosistemarekin orekatuz eta harmonikoki antolatzen diren lurralde batean bizitzeko eskubidea dute.

– Herritarrek beren bizilekuko hirigintza-plangintzan eta lurralde-plangintzako gainerako tresnetan bakarka nahiz beste batzuekin batera parte hartzeko eskubidea dute.

– Herritarren erantzukizuna da plangintza-prozesuetan guztion ongizatea aintzat hartuz parte hartzea, eta ez bakarrik beren interesak defendatuz.

3.9. Gizakiak ez diren animalien inguruko eskubideak eta erantzukizunak

– Animaliek izaki sentikor gisa tratatuak izateko eskubidea dute, baita norbaiten jabetza gisa tratatuak ez izateko, tratu txar fisiko edo psikologikorik ez jasateko eta beren tokiko habitata babes dadin ere.

– Herritarrek gizakiak ez diren animaliak eta haien eskubideak legalki defendatzeko eskubidea dute.

– Norbanako guztien erantzukizuna da animalia bati ere tratu txarrik edo torturarik ez eragitea, onartzea edo ahalbidetzea, baita hezkuntzaren eta sentsibilizazioaren bitartez animaliekiko errespetua sustatzea ere.

– Elikatzeko diren animaliek askatasunez mugitzeko adinako espazio batean beren espezieko beste animalia batzuekin batera hazi ahal izateko eskubidea dute, baita dieta natural batekin elikatuak izateko, baldintza duinetan lekualdatuak izateko eta sufrimendurik gabe sakrifikatuak izateko ere.

– Bizitzako kideak diren edo/eta lanerako diren animaliek baldintza fisiko eta afektibo onekin bizitzeko eskubidea dute.

– Bizitzako kideak diren edo/eta lanerako diren animaliekin bizi den gizabanako bakoitzaren erantzukizuna da haren bizitzan zehar haren ongizate fisikoa eta afektiboa lortzen saiatzea eta animaliak gaixotasun larria edo sendaezina izanez gero sufri dezala ekiditea.  (Gora)

4. TITULUA. GOBERNANTZAREN OINARRIAK

 

Sistema sozioekonomiko kapitalista krisian dago. Eta ez da krisi ekonomiko edo finantzario huts bat, krisi ekologiko eta sozial bat ere baita; hau da, balio- eta zibilizazio-krisi bat da. Horregatik, bizitza eta haren iraunkortasuna helburu nagusi dituen gobernu-eredu berri bat behar dugu, beti ere planetaren muga ekologikoak errespetatuz, baldintza ekologikoen menpe eta elkarren menpe gauden izakiak garela jakinda.

Titulu honetan zehar, sistema sozioekonomiko zuzen, demokratiko eta iraunkorragoa baterantz mugitzeko zibilizatze-erronka gainditu ahal izateko, datozen hamarkadetan Euskadiko gizarteko, ekonomiako eta arlo ekologikoko gobernantza zuzendu behar duten lege-oinarriak jorratuko ditugu. (Gora)

4.1. Gizarte-esparrua

Berdintasunezkoa eta zuzena den gizarte batek herritarren ongizatea gobernuaren ekintzaren ardatz gisa du, eta hori lau oinarriren bitartez egiten du: hezkuntza, osasuna, gizarte-zerbitzuak eta berdintasun-politikak.

EQUOtik ongizate-estatuaren kontzepzio klasiko horri kulturaren eskuragarritasuna gehitzea proposatzen dugu, baita bakearen eta bizikidetzaren arloko politika aktibo bat ere (bereziki Euskadin).

4.1.1. Hezkuntza-politika

Hezkuntzan eta ikerketan inbertitzea oso-oso garrantzitsua da egungoa bezalako trantsizio une zibilizatzaile batean, pertsonak hurbiltzen ari den panorama sozioekonomiko berrira egokitzea ahalbidetu behar duen aktiboa delako.

Esparru honetan, hezkuntza-sistemak pertsonei beren bizitza osoan zehar mundua ulertzea ahalbidetzen dieten hezkuntza-tresnak eman behar dizkie, baita mundua sormenaren eta lankidetzaren bitartez eta modu solidario, arduratsu eta ekintzailean aldatzeko beharrezkoak diren balioak, jarrerak, trebeziak eta gaitasunak lortzeko baliabideak ere. Horretarako, beharrezkoa da Humanitateen papera berreskuratzea, hezkuntza-prozesuaren lehenengo etapetan gaur egun sustatzen den ezagutza tekniko eta zientifikoaren osagarri.

Botere publikoek azaldu ditugun helburuak lortzeko moduko finantzaketa egonkorra eta nahikoa duen hezkuntza-sistema publikoa, laikoa, barne-hartzailea eta doakoa martxan jartzeko oinarriak jarri behar dituzte.

Hezkuntza-sistemaren finantzaketa publikoa lehentasunez titulartasun publikoko heziketa-zentroetara bideratu behar da, eta lurralde osoan izango dituzte pareko baliabide eta azpiegiturak. Udalerriek hezkuntza-jarduera planifikatzeko prozesuan bete behar duten papera funtsezkoa da.

Hezkuntza itunduak, hezkuntza-sisteman, sare publikoaren osagarria izan behar du. Hezkuntza-sare itunduaren barruan, administrazioak bereizi egingo du irakaskuntza-kooperatiben eta irabazi-asmorik gabeko erakundeen menpeko ikastetxeen papera.

Hezkuntza-zentro guztiek, publikoak nahiz itunduak izan, berdintasun-baldintzetan barne hartu behar dituzte hezkuntza-behar bereziak dituzten ikasleak, Erkidegoko bi hizkuntza ofizialak eta hirugarren hizkuntza bat ikasi eta ezagutzea bermatu behar dute, eta gobernu-organo demokratikoak izan behar dituzte hezkuntza-sisteman parte hartzen duten estamentu guztien ordezkariekin (irakasleak, familiak, ikasleak eta udal-administrazioa).

Hezkuntza-zentro guztiek izan behar dute autonomia pedagogikoa eta antolamendukoa beren hezkuntza-proiektua garatzeko eta proiektu berritzaileak sustatzeko, legeria-esparru orokorra errespetatuz.

Hezkuntza-sare publikoak irakasleak beren laneko bizitza osoan zehar etengabe trebatzen jarraitzea bermatu behar du ikastetxe-sare baten bitartez, eta ikastetxe-sare horretan, irakasle guztiek lantaldeak egingo dituzte metodo didaktiko berritzaileen erabilpenari, zeharkako curriculum proiektuei eta ikasleen hezkuntza-etapa eta profil zehatzetara egokitutako ikasketa-teknikei buruz ikertzeko eta prestatzeko.

Helduentzako prestakuntzak beren prestakuntza eta laneragarritasuna areagotzeko ez ezik, beren garapen pertsonala, autonomia eta gizarte-aldaketetara egokitzeko gaitasuna hobetzeko ere balio behar du, baita gizartean aktiboki parte har dezatela sustatzeko ere. Zehazki, arreta berezia jarriko da euskaraz hitz egiten ez dakiten herritarrek euskara dohainik ikasteko aukera izan dezaten (ikus 4.1.5. kapitulua).

Lanbide-heziketak ikasleen eskumen profesionalak erraztera bideratuta egon behar du, eta, aldi berean, sistema ekonomikoaren egokitzapenaren ondorioz azaleratzen diren ekoizpen-sektore berrietan laneratzeko gaitasunak lor ditzatela ere izan behar du helburu (ikus 4.2.1. kapitulua). Lanbide-heziketako hezkuntza-zentroek ezagutza zientifikoa eta teknologikoa eguneratzea eta lan-praktikak egitea errazteko enpresa-ekimen mistoak sor ditzakete.

Unibertsitateko prestakuntzak ezagutza sortu eta transmititzera egon behar du bideratuta. Irakaskuntzara sartzeko sistema arlo akademikoko eta ikerketa-esparruko merituen ziurtapenean egongo da oinarrituta. Unibertsitate publikoen eta ekimen pribatuaren arteko enpresa-ekimen mistoek sortzen den ezagutza askatasunez ezagutzera ematea eta administrazioak egindako inbertsioa itzultzea ziurtatu behar dute.

4.1.2. Osasun-politika

Osasun-sistema publikoa herritarren artean bizimodu, kultura-ohitura eta inguru osasungarriagoak sustatzera bideratu behar da.

Zentzu horretan, osasun-politikak pertsonek beren osasunari, bizitzari eta heriotzari buruzko erabakietan autonomiarekin eta erantzukizunez joka dezatela sustatzera bideratu behar dira.

Osasuna ikuspuntu integral batetik zehaztean, ez da ahaztu behar gizarte-baldintzen garrantzia, eta horregatik, osasun-politikek eta laguntza-politikek udal-esparru administratibo bakarrean uztartuta egon beharko dute.

Osasun-sistemak publikoa, unibertsala eta eraginkorra izan behar du, eta oinarrizko osasun-zerbitzuak sistema pribatuarekin itundu gabe eskaintzea bermatzeko adinako finantzaketa publikoa izan beharko du.

Udalek erabakigarriak izan behar dute osasun-arreta planifikatzeko prozesuan, arreta komunitarioko zentroak erabilgarri jarriz, lehen arretarekin, osasun mentaleko arretarekin, osasunerako hezkuntza- eta sustapen-politikekin, menpekotasun-zerbitzuekin eta zaintza sozio-sanitarioekin.

Osasun-sistemak Osasun Kontseilu Publiko bat izan behar du sistemaren kudeaketan parte hartzen duten erakundeen, osasun-sistemako profesionalen eta herritarren ordezkarien esku-hartzearekin, eta bere helburua izango da arlo honetan garatutako politika publikoak ebaluatu eta bideratzea.  

Osasun-sistemak behar beste baliabide ekonomiko eta giza baliabide bideratuko ditu osasun-arloko langileek beren laneko bizitza osoan zehar etengabeko prestakuntza dutela ziurtatzeko.

Era berean, osasun-arretako eredu eta prozedura berriak ezartzera bideratutako ikerketa-politikak finantzatuko dira, osasuna babestean eta zaintzean oinarrituak.

Osasun-administrazioak diagnostikorako eta terapietarako baliabide berriak ebaluatzeko plan jarraitu bat garatuko du (terapia alternatiboak barne), gaiaren inguruko ezagutza irekia eta zorrotza sustatzeko, eta arlo horietako adituen prestakuntza eta ziurtapen profesionala arautuko du.

4.1.3. Berdintasunerako politika

Euskal administrazioek aukera-berdintasuna bermatu behar diete pertsona guztiei beren bizitzako proiektua inolako diskriminaziorik gabe gara dezaten, hainbat baliabide eta zerbitzu publiko erabiliz, kasuan kasu ezartzen diren baldintzen arabera.

Oro har, administrazio bakoitzak generoaren ikuspuntua jasoko du bere sektore-politika guztien garapenean, eta berdintasunezkoagoa den gizarte bat eraikitzeko nolako eragina duten ebaluatuko du.

Administrazio eskudunak legegintza-tresnak eta politika aktibo zehatzak garatu behar ditu emakumeen laneratzea sustatzeko, lan-arloan edozein motatako diskriminazioa ekiditeko eta esparru politikoko eta enpresa-arloko erabaki-karguetan parekatuta egon daitezen.

Administrazioek familia- eta lan-arloko erantzunkidetasuna sustatzeko planak aplikatuko eta aplikaraziko dituzte, genero-berdintasuna esparru pribatura eta bizikidetzara ere irits dadin.

Botere betearazleak eta judizialak, bakoitzak bere eskumen-esparruan, delitu matxistak eta gorroto homofobiko, lesbofobiko eta transfobikokoak detektatu, prebenitu eta zigortzeko politikak aplikatu behar dituzte eta politika horiek eraginkorrak izan behar dute eta nabarmenki murriztu behar dute agresio eta biktima kopurua.

Paraleloki, erakunde eskudunek indarkeria matxisten biktimak eta haien seme-alabak bizi diren eremuen babesa ziurtatu behar dute, eraso gehiago jasateko arriskurik gabe ekin diezaioten berriro beren bizitzari.

Zerbitzu publikoek, gainera, hezkuntza lortzearen eta umeen oinarrizko beharrak asetzearen harira, haurren eskubideak errespetatzen direla ikuskatuko dute, baita menpekoak diren adineko pertsonen ongizatea betetzen dela ere, eta tratu txar fisiko edo psikikoak izan diren edo oinarrizko beharrak ukatzen diren seinaleak badaude, erantzun egingo dute.

4.1.4. Gizarte-politikak

Erakundeek herritar guztiek beren bizitzako oinarrizko beharrak asetzeko eta bizitza duina izateko moduko oinarrizko errenta bat jasotzea ziurtatu behar dute. Errenta norbanakoen oinarrizko elikadura-, energia- eta garraio-beharrak asetzeko osatu ahalko da, kasuan kasuko baldintza pertsonalen eta bizikidetza-ezaugarrien arabera.

Erakundeek herritarrek etxebizitza duin bat eta beren gaitasunerako prezio egokian izateko eskubidea izatea bermatu behar dute. Zentzu horretan, baliabide publikoak etxebizitza alokatuak sustatzeko erabili beharko dituzte, eta zehazki, titulartasun publikokoak edo jabetza kooperatibokoak, ahal dela.

Etxebizitza-politikak jabetzaren funtzio sozialean oinarritu behar du etxebizitza-merkatuaren eta lurzoru urbanizagarriaren merkatuaren funtzionamendu egokia arautzeko, unean-unean beharrezkoak diren tresna fiskalak edo desjabetzaileak aplikatuz.

Erakunde eskudunek larrialdiko gizarte-laguntzarako politikak garatuko dituzte pertsona guztien biziraupena bermatzeko. Edonork izango du larrialdiko osasun-laguntza jasotzeko aukera, baita gaua igarotzeko eta egunean behin jateko ere, aplikatzen zaizkien eskubide zibilak eta araubide juridikokoak zeinahi izanda ere.

Erakundeek migratzaileen, gutxiengo etnikoen eta gizartetik baztertuta geratzeko arriskuan dauden taldeen harrera- eta gizarteratze-planak koordinatuko dituzte.

Erakundeek, ahal dela, larrialdi-egoerei iraunkortasun-irizpideekin, giza eskubideak defendatuz, gizarteko desberdinkeria murriztuz eta emakumeen eskubideak sustatuz aurre egiten dieten nazioarteko lankidetzako ekintzak finantzatuko dituzte.

4.1.5. Kultura-politika

Kultura gizarte-kohesiorako eta -ongizaterako elementu garrantzitsua da. Horregatik, euskal erakundeek euskal gizartearen barruko garapen kulturala eta artistikoa sustatuko dituzte, diziplina artistikoen sormen-potentzialtasunean eta kultura-sorkuntzaren aniztasunean sakontzen duten politiken bitartez.

Kultura, era berean, talentuan eta sormenean oinarrituz kalitatezko enplegu egonkorra sortzeko gai den sektore ekonomiko bat da. Horrenbestez, kultura-politikak aintzat hartuko ditu kanpoko sustapena eta beste lurralde eta herrialde batzuekiko lankidetza-sare kulturalen garapena, euskal kulturaren eta bertako kultura-sortzaile eta -eragileen lanaren oihartzuna zabaltzen laguntzeko.

Administrazioak euskara ikastea bermatzeko politikak abian jarriko ditu, baita hezkuntzan, lanean, administrazioan, komunikazioetan, politikan eta kultura-arloan erabili ahal izateko eskubidea betetzen dela ziurtatzeko ere. Aldizka azterketak egingo dira euskara esparru horietako bakoitzean zein mailatan erabiltzen den ebaluatzeko, politika horiek berbideratzeko eta eraginkorragoak izan daitezela lortzeko.

Hala ere, kulturak merkataritzakoa ez den alderdi bat ere badu, eduki kulturalak merkataritza-zirkuituetatik kanpo eta askatasunez sortu eta zabaltzeko.  Administrazioak guztiok erabiltzeko diren doako sorkuntza- eta zabalkunde-eremuak sustatuko ditu, herritarrek adierazpen kultural berri horiek eskuragarri izan ditzatela errazteko.

Administrazioek lehentasuna emango diote historia-, arte-, kultura-, monumentu- eta arkeologia-ondarea babestu, zaindu eta balioesteari, euskal herritarrei ondare kolektibo horren eskuragarritasuna eta ezagutza erraztuz.

Administrazioek, beren eskumen-esparruan, sare informatikoen neutraltasuna defendatu behar dute, baita eremu birtualean oinarrizko eskubideen urraketa zigortu ere.

Administrazioak herritarrek ezagutza askatasunez zabaltzeko duten eskubidea sustatu behar du, eta modu eredugarrian jokatu behar du zentzu horretan, software librea erabiliz eta bere argitalpen guztietan jabetza intelektuala lagatzeko lizentziak erabiliz.

4.1.6. Bake- eta bizikidetza-politika

Euskadin botere publikoek bizikidetza zuzenduko duen eredu instituzionalaren inguruko adostasuna bultzatu beharko dute, baita etengabeko komunikazioa gure gizarteko sentsibilitate politiko eta identitario guztien artean ere.

Bake iraunkorra lortzeko, nahitaezkoa da demokraziaren, memoriaren, egiaren, justiziaren eta kalteak kitatzearen balioetan oinarritutako ekimen pluralak martxan jartzea.

Euskal erakundeek beren giza eskubideen urraketak jasan dituzten guztien eskubideak defendatu behar dituzte, bizitzaren, askatasunaren, iritzien, gizarte parte-hartzearen edo pluraltasun politikoaren kontrako erasoak egin zituztenek eragindako bidegabekeria aintzatesteko lan egin behar dute, eta indarkeria-urte hauetan sortu diren hutsune legalak eta instituzionalak beretzen ahalegindu behar dute, egiarekin, justiziarekin eta jasandako urraketen kitapenarekin konpromiso argia izanik.

Horregatik, gure ereduak gizarte- eta herritar-memoria bat eraikitzearen alde egiten du apustu, eta memoria horrek indarkeriaren eragina zuzenean jasan duten pertsona eta kolektiboen aintzatespena izan behar du oinarri, batik bat, bizitakoarekin eta pairatutakoarekin bat datorren egiazko narrazio sozial, politiko eta instituzional bat eraikitzeko, indarkeria deslegitimatzen duena, kritikoa eta autokritikoa, zauri pertsonalak, familienak eta politikoak ixteko eta etorkizun komun duin eta gizatiarrago baterako prest egon gaitezen. (Gora)

4.2. Ekonomia-esparrua

Gizarte bateko jarduera ekonomikoaren helburua herritarren oinarrizko bizi-beharrak asetzea izan behar da, beti ere planetaren muga ekologikoen barruan.

Euskal ekonomiak industria-osteko aldi ekonomiko baterantz doan trantsizioari aurre egin behar dio, ekoizpen- eta kontsumo-patroietako aldaketa orokorren emaitza gisa. Eredu ekonomiko berria oinarri hauetan kontzentratuta egongo da: ekoizpen-sektore iraunkor berriak garatzea, lana banatzea, kontsumo-eredu iraunkorra zabaltzea, berdintasunezko zerga- eta diru-politika, administrazioaren modernizazioa eta energia-sistema berri bat ezartzea.

4.2.1. Ekoizpen-sektore berriak

Oro har, jarduera ekonomikoen helburua izan behar da energia, ura eta lehengaiak eraginkortasun handiagoarekin erabiltzea, ekoizpen- eta kontsumo-lekuen arteko distantzia murriztea, eta, ahal den neurrian, ekoizpen-erregimena kontsumo-beharretara egokitzea.

Lehen eta bigarren sektoreei dagokienez, administrazioak enplegu egonkorra eta kalitatezkoa sortzeko gauza diren sektoreen garapena sustatu behar du, hala nola hauena: energia berriztagarriak, mugikortasun iraunkorra, eraikinak birgaitzea, basoen kudeaketa iraunkorra, nekazaritza eta abeltzaintza ekologikoa edo arrantza iraunkorra. Bultzada hori administrazioaren beraren trakzio-indarraren eskutik iritsiko da, erosketa publiko berderako planen bitartez eta jarduera horiek sustatzen dituztenentzat pizgarrizko zerga-politikak aplikatuz.

Nekazaritza- eta abeltzaintza-politikak nekazaritza eta abeltzaintza ekologikoaren garapena sustatuko du, kalitatezko elikagai osasungarriak sortzeko gai direnak, enplegu gehiago dutenak eta bertako ekonomian irabazi ekonomiko handiagoak izatea errazten dutenak.

Industria-politika lurraldean bertako baliabide natural berriztagarriak (nekazaritza eta abeltzaintza, arrantza, basogintza) eraldatzearekin erlazionatutako balio-katea ezartzen saiatuko da.

Industria-sektorea balio erantsi handiagoko ekoizpenera bideratuko da, produktuen berrikuntzaren eta ekodiseinuaren bitartez, edo ingurumenean edo energia-mailan eragin txikiagoa duten ekoizpen-teknologia berriak ezartzea ahalbidetzen duten ikerketa- eta garapen-jardueren bitartez.

Zerbitzuen sektorean, ekonomia iraunkorrarekin erlazionatutako negozio- eta enplegu-nitxoak aztertuko dira, esaterako, turismo arduratsua, eremu naturalen babesa eta kudeaketa edo kultura-sorkuntzaren eta -hedapenaren sektorea.

Sektore publikoak paper erabakigarria izango du enplegua eta jarduera ekonomikoa sortzeko, osasunari, hezkuntzari, gizarte-zerbitzuen eskaintzari eta pertsonen ongizateari lotutako arlo ekonomikoak garatuz.

I+G+b politika zientzia- eta teknologia-arloetan espezializatutako zentro teknologikoen sare egonkor baten bitartez garatuko da, eta bertan, ekimen pribatua nahiz unibertsitateak edo lanbide-heziketako zentroak sartu ahalko dira.

Lehen sektoreari lotutako ekoizpen-jarduerak titulartasun komuneko baliabide naturalen kudeaketa arautzen duen legeriaren menpe egongo dira, baita baliabideen erabilera arrazional eta iraunkorraren menpe ere. Esparru honetan, elkarte- eta kooperatiba-ekimenek lehentasuna izango dute ustiapen-eskubideen esleipenean.

Bigarren eta hirugarren sektorean, enpresa-ekimen pribatuak edo araubide kooperatibokoak askatasunez egon ahalko dira. Hala ere, administrazioa lehia berdintasunezkoa izan dadin ahaleginduko da, helbide fiskala Euskaditik kanpo duten enpresa-taldeek euskal lurraldean dituzten enpresa filialen jardueretan duten eragina gainbegiratuz.

Industria-administrazioak ekonomia- eta ekoizpen-ikuspuntutik bideragarriak diren baina jarduerarekin erlazionatuta ez dauden ekonomia- edo enpresa-interesen ondorioz jabeek itxiko dituzten industria-lantegiak desjabetzeko eskubidea izango du. Aktiboen jabeari ordaindu beharreko balio justua kalkulatzea ahalbidetzen duten baliabide legalak onartuko dira, baita administrazioak instalazioen erabilera langileei (kooperatiba edo laneko sozietate erregimenean antolatuta) lagatzeko baliabide juridikoak ere.

4.2.2. Lanaren banaketa

Industria-osteko gizarte baterantz joatean, iraunkorrak ez diren hainbat sektoretan (automobila), sektore kutsatzaileetan (petrolioaren kimika) edo etikoak ez diren jarduera suntsitzaileekin erlazionatuta daudenetan (armagintza) gaur egun dagoen lanaren zati handi bat suntsitu egingo da, eta merkatu-nitxo berriek ezin izango dute guztiz xurgatu enplegu hori guztia.

Horrenbestez, administrazioak soldatetan eta gizarte-kotizazioetan ahalik eta eragin txikiena izanik lanaldia laburtzea ahalbidetzen duten lan-banaketa politikak praktikan jarri behar ditu.

Administrazioak arduratuko dira beren langileen artean lana banatzeko neurriak ezartzeaz, astean 35 orduko lanaldia zabalduz eta lanaldia hasierako gizarte-kotizazioak mantenduz murrizteko plan boluntarioak eskainiz, lanpostu berriak sortzeko baldintzapean.

Administrazioak bere baldintza-pleguetan gizarte-ekonomiako enpresei lehentasuna emateko klausulak sartuko dituzte zerbitzuak eskaintzeko kontratu publikoak esleitzerakoan, baldin eta beren langilerian gizartetik baztertuta geratzeko arriskuan dauden pertsonak, dibertsitate psikikoa edo funtzionala dutenak edo gizarteratze-prozesuetan daudenak badituzte.

Laneko ikuskapenak ekoizpen-sektoreetako lan-baldintzen urteroko fiskalizazio-planak garatuko ditu, aitortu gabeko lanari, enplegu irregularrari edo lan-arriskuen arloko babesgabetasunari arreta berezia eskainiz.

4.2.3. Zerga- eta moneta-politika

Zerga-politika kontu publikoak orekatzeko, administrazioen gastu korrontea ordaintzeko eta gizarte-gastuaren bitartez aberastasuna banatzeko da.

Zerga-politika zuzeneko eta zeharkako zergen bitartez gauzatzen da, benetako zerga-presioa progresiboa eta aberastasun-materialaren araberakoa izan dadila saiatuz.

Zuzeneko zergak (hau da, laneko errenten eta kapital-errenten gainekoak) zergapekoaren gaitasunaren arabera ezarriko dira. Baina presio fiskal handiagoa aplikatuko da kapital-errentetan laneko errentetan baino, zerga-sistema bidezkoagoa izan dadila lortzeko.

Zeharkako zergak progresiboak izango dira. Gizartean edo ingurumenean eragin negatiboa duten ondasunak eta zerbitzuak zergapetzean, progresibotasuna kasuan kasuko ondasunaren edo zerbitzuaren kontsumo- edo erabilera-mailaren araberakoa izango da. Nolanahi ere, errentarik altuenen eta baxuenen artean zerga-ahalegin erlatiboa konpentsatzeko neurriak hartuko dira, eta tasa ez-linealak ezarri ahalko dira kasu horietarako.

Ondarearen gaineko zerga ezarriko da, ekoizpenezkoa ez den aberastasun materialaren pilaketa zergapetzeko.

Euskaditik, Euskadirantz edo Euskadiren barruan egindako finantza-transakzio espekulatiboen gaineko zerga bat arautuko da.

Sozietateen gaineko Zergaren kenketa eta salbuespen fiskalen inguruko araudia aldatuko da, ingurumenean eragin positiboa duten jarduerei bakarrik emateko hobariak, hau da, jarduera iraunkorrak gauzatzen dituztenei, I+G+b-an inbertitzen dutenei, genero-berdintasuna eta familia-bateragarritasuna sustatzeko neurriak aplikatzen dituztenei, enplegua banatzeko edo/eta lanaldia murrizteko planak dituztenei, nazioarteko lankidetzarako ekarpenak egiten dituztenei edo lankidetza-sareetan eta gizarte-ekonomiakoetan parte hartzen dutenei.

Euskal erakundeek Kutxabank bankua titulartasun publikoko banku bihurtzeko prozesua arautuko dute, botere publikoen eta langileriaren presentzia bermatzeko zuzendaritza- eta kontrol-organoekin, Eusko Legebiltzarrak demokrazia-, pluraltasun- eta gardentasun-printzipioetan oinarrituz hautatutako ordezkarien bitartez.

Administrazio eskudunak euskal moneta formatu elektronikoan zirkulazioan jartzeko legeria onartuko du. Euroarekiko balioa 1:1 izango da, eta bertako ekonomia sustatzea izango du helburu.

4.2.4. Administrazioaren modernizazioa

Administrazio-arloan, gobernantza kudeaketaren eraginkortasunarekin ez ezik, gardentasunarekin eta kontuak ematearekin ere erlazionatuta dago. Testuinguru honetan, nahitaezkoa da administrazioa modernizatzeko neurriak hartzea.

Ezinbestekoa da euskal e-Administrazioa hedatzea, identifikazio elektronikoko sistemak software librea erabiltzen duten gailuetara zabalduz. Euskal herritarren alfabetatze digitala errazteko plan bat abian jarri behar da, euskal herritarrek sistema hauek erabiltzen ikas dezaten.

Euskal administrazioetako kontratazio-prozesu guztiak (titulartasun publikoko erakunde autonomo, agentzia eta enpresenak barne) merituetan eta gaitasunetan bakar-bakarrik oinarrituz gauzatu behar dira. Ibilbide profesionalak eta sarien erregimenak atazak gauzatzeko eraginkortasun-irizpide objektiboak kontuan hartu behar dituzte, eta kanpoko aldizkako ebaluazioen bitartez kalkulatu behar dituzte.

Horretarako, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen araubidea aldatu egingo da gainerako administrazio publikoak ebaluatuko dituen agentzia independente bihurtzeko, eta bere arduraduna Eusko Legebiltzarrak izendatuko du, izen on eta independentzia frogatuak dituzten hainbat hautagairen artean.

Lehiaketa eta lizitazio publikoen prozedurak arautzen dituen erregelamendua berrikusi egingo da, garrantzi txikiagoko esleipenetan izapideak eta epeak murrizteko, esleipen partzialak eta antzeko lege-iruzurrak ekiditeko eta esleipen handietan gainkostuak ordaintzea saihesteko. Era berean, lizitazio publikoen baldintza-pleguetan gizarte- eta ingurumen-klausulak sartuko dira.

Justizia administrazioari datu-base judizialen interkomunikazioa errazten duten teknologiak emango zaizkio, baita Erkidego desberdinetako epaitegien eta Segurtasun-indarren arteko komunikazio-mekanismo eraginkorrak ere, eta zigor- eta kartzela-arloetan alerta-sistemak aktibatuko dira.

4.2.4. Energia-politika

Energia-krisia munduko krisiaren adarretako bat da, eta Euskadiren kasuan, eragin zuzena du ekoizpen-sistemaren krisian eta Euskadik nazioarteko klima-aldaketari egiten dion ekarpenean.

Administrazioak aurreztea eta energia-eraginkortasuna oinarri dituen energia-eredu berri bat jarriko du martxan, herritarren esku dauden energia-iturri berriztagarri eta banatuen bitartez euskal herritarren oinarrizko energia-beharrak asetzeko gai dena.

Epe luzerako helburua da erregai fosilekin kanpoko energiarekiko dagoen menpekotasunetik tokiko energia-autosufizientziarantz aurrerapausoak ematea, energia berriztagarriak eta energia-eraginkortasuna sustatuz.

Etxebizitzen sektorean, derrigorrezko energia-ikuskapenak egingo zaizkie Euskadiko etxebizitza guztiei, beren antzinatasunaren arabera hobekuntzak lortzeko. Era berean, eraikin berrien energia-eraginkortasunari buruzko araudia betetzea exijituko da.

Elektrizitate-sare adimentsuak kudeatzeko teknologien inguruko ikerketa sustatuko da, ekoizpen-zentral handiekiko menpekotasun txikiagoa duen elektrizitate-sistema bat lortzeko, deszentralizatua, malgua eta eraginkorra.

Araudia jatorri berriztagarriko elektrizitatea ekoizteko gaitasuna duen edozein pertsona fisiko edo juridikok sare elektrikoa dohainik eskuragarri izatea arautzeko aldatuko da, dela bere enpresa hornitzaileari saltzeko, dela soberakin hori aldi batez biltegiratu eta behar denean kontsumitzeko. (Gora)

4.3. Ekologia-esparrua

Giza komunitateak naturaren parte dira, ekosistemen barruan daude, eta ekosistemetatik lortzen dituzte beren beharrak asetzeko beharrezkoak diren baliabideak. Ekologia-esparrua, beraz, eremu fisikoa eta ekologikoa da, eta euskal gizarteak naturarekiko oreka eta harmonia bilatu behar ditu alor horretan.

Horrek bizitzaren kontzepzioa goitik behera aldatzea esan nahi du, naturarekin eta bertan bizi diren gainerako izaki bizidunekin dugun loturarekiko eta elkarrekiko menpekotasun sentimenduarekiko hurbiltasun handiagoarekin.

Gure eredu politikoan, bizitzaren ikuspuntu-aldaketa horrek lurraldearen erabilerari, kutsaduraren kontrako borrokari, baliabide naturalen kudeaketari nahiz animaliekiko tratuari heltzeko modua aldatzen du.

4.3.1. Lurraldearen erabilerak

Lurraldearen antolamendu-politika hirigintzaren hazkuntza mugatzera, natura- eta kultura-ondarea babestera, ekosistemen arteko oztopoak kentzera eta lurraldean dauden eremu babestuak artikulatzera egongo da zuzenduta.

Hirigintza-politikak herrigune trinkoak diseinatzera bideratuko dira; herrigune horietan, etxebizitza-erabilerekin batera ekoizpen- edo zerbitzu-eremuak egongo dira, bizikidetza- eta aniztasun-esparru izango dira, gizarte-sare aberatsa izango dute eta oinarrizko zerbitzuak hurbilekoak eta irisgarriak izango dira, eta gainera, herriguneotan, garraio motordunaren beharra ahal beste murriztuko da eta garraio publikoak lehentasuna izango du ibilgailu pribatu motordunen gainetik.

EQUOren hiri-ereduaren funtzionamendua ekosistema naturalen funtzionamenduaren antzekoa da. Bada, hiria bertako materia- eta energia-zikloekin hornituko da, bere ur-, energia- eta material-beharrak murriztuko ditu, hondakinak berrerabili eta birziklatu egingo ditu, eraikin ekoefizienteak eraiki eta birgaituko ditu, hiri-sarean natura sartzea ahalbidetuko du eta hiri-ortuen bitartez elikagaien tokiko ekoizpenaren alde egingo du apustu.

Mugikortasun-politikak lekualdaketen distantziak murrizteko eta nagusiki bertako kontsumo-zirkuituak ezartzeko hirigintza- eta merkataritza-neurriekin eta bestelako neurriekin osatuko dira.

Mugikortasun-sistema publikoak iraunkorra izango dira, baita malguak ere behar desberdinetara egokitzeko, eta ekonomikoki bideragarriak izango dira. Garraio ez-motordunak (oinez ibiltzea eta bizikleta) lehentasuna izango du, eta gainerako garraiobideak osagarriak eta bateragarriak izango dira. Nahitaezkoa da garraiobide guztien integrazioari heltzea, beren titulartasuna gorabehera.

4.3.2. Kutsaduraren kontrako borroka

Administrazioak Klima-aldaketaren kontra Ekiteko Lege bat garatuko du, 2020an 1990ean baino % 35 BEG (berotegi-efektuko gasak) gutxiago isurtzeko, 2030ean % 65 gutxiago eta 2050ean % 95 gutxiago.

Hiriguneetan atmosferaren kutsaduraren kontra borrokatzeko, nahitaezkoa izango da ibilgailu motordunen erabilera-eremuak murriztea eta kutsatzen ez duten beste garraiobide batzuekin ordezkatzea.

4.3.3. Baliabide naturalen kudeaketa

Ur geza ez da baliabide amaigabea, Euskadik ura biltegiratzeko gaitasun mugatua duelako. Horregatik, ur-baliabide komunak arrazionaltasunez kudeatu behar dira, eta hornidura- eta arazte-kostuak barne hartzen dituzten tasa progresiboak ezarri behar dira.

Basogintza-politika baso-baliabideak (publikoak nahiz pribatuak) modu iraunkorrean kudeatzera bideratuko da, baita lurzorua, baso naturalak, biodibertsitatea eta bertako paisaia babestera ere.

Arrantza-baliabideen kudeaketak itsasoko ekosistema errespetatu beharko du, espezie guztien populazioa maila osasuntsuan mantentzea izango du helburu eta espezie eta habitat kalteberak babesten lagunduko du.

Hondakinak baliabide baliotsuak dira, eta aprobetxatu egin behar dira lehengaiekin dugun menpekotasuna murrizteko; horretarako, eragindako hondakin-kopurua murriztean, ongi dauden gauzak berrerabiltzean eta materialak beren osaketaren arabera birziklatzean oinarritutako hierarkia nahitaez errespetatu beharko da.

Ondare naturalaren babesari ikuspuntu integral batetik heldu behar diogu, eremu naturalak korridore ekologikoen bitartez konektatuz, eta eremu babestuen barruko erabilerak murrizten dituzten kudeaketa-planak onartuz.  (Gora)