- Gaur egun, ez dago horrelako egoitzarik Araban, eta Zigoitian proiektatuta dutenak, ikusita zenbat animalia dauden zentsatuta, ez du izango lurraldeko beharrak estaltzeko adina toki
- “Animalia hauek hiltzea trantze gogorra izaten da. Dolu prozesuok behar bezala pasatzeko eta ixteko, komeni da animaliei agurra ematea, gorpuak lurperatuta edo erraustuta. Udal hilerri batek lagundu dezake dolu hori pasatzen”: Óscar Fernández
Elkarrekin Vitoria udal taldeak, Podemos Euskadi, Berdeak EQUO, Ezker Anitza IU eta Alianza Verde alderdiek osatuak, dio lagun egiteko animaliak dituztenak gero eta gehiago direla, eta beharrezkoa dela haiei agur esateko espazio berezi bat izatea hiltzen direnerako, gorputzak lurperatzeko eta galdutako loturaren oroitzapenari bizirik eusteko.
Indarrean den legediak debekatu egiten du animaliok baimendu gabeko tokietan lurperatzea; hortaz, gehienek erraustea erabakitzen dute, kudeaketa albaitari kliniken esku utzita, edo gorpuzkiak errausketa labe espezializatuetara igortzea; izan ere, ez dago Araba osoan horretarako egoitzarik. Zigoitian proiektatu duten azpiegituran, ez da behar adina plaza izango —ez dira 1.000 tokitara iritsiko—, lurraldeko beharrak handiagoak baitira, animalien zentsuari erreparatzen badiogu.
Gasteizko etxeetan, datu ofizialen arabera, 36.430 txakur daude zentsuan, eta 2.200 katu baino gehiago, baina katuen kasuan askoz katu gehiago daude Gasteizko etxeetan, erregistratuta daudenak baino.
Horrenbestez, Elkarrekin taldearen ustez, aztertu behar da egoki ikusten ote den gure udalerrian lagun egiteko animalien hilerria izatea. Óscar Fernández zinegotziak proposamena defendatuko du aste honetako udalbatzarrean.
Planteatuko du aztertzeko ea non egin daitekeen hilerri hori udalaren jabetzakoak diren lurzatietan, eta, dagozkion estamentuekin eta erakundeekin batera, erabilera araudi bat egin dezatela ingurumen eta osasun araudiekin bat etorriko dena.
“Animalia hauek hiltzea trantze gogorra izaten da jende askorentzat. Dolu prozesuok behar bezala pasatzeko eta ixteko, komeni da animaliei agurra ematea, gorpuak lurperatuta edo erraustuta. Lagun egiteko animalientzako udal hilerri batek lagundu dezake dolua egiten”, azaldu du Óscar Fernández zinegotziak.