- Hondakinen Legeak bi urte ezartzen ditu ontzien gordailu eta itzulketa sistema ezartzeko eta hala Europak dakartzan berreskuratze eta birziklapen tasak betetzeko
- “Araban erregistratutako zifrak EBk markatzen dituen helburuetara hurbiltzen dira, baina gure udalerriak, haatik, berdin-berdin bete behar du legea. Besteek bezala ezarri beharko dugu sistema, eta ildo horretan eragile inplikatu guztioi agertoki berrirako prestatzen lagunduko liguke proba pilotu batek”, Oscar Fernández
Elkarrekin udal taldeak nahi du Vitoria-Gasteizko udalerriak entsea dezala ontzien gordailu eta itzulketa sistema batekin, legeak bi urteren buruan egiaz horretara behartu baino lehen. Eta proiektu pilotu bat proposatu du.
Kontsumitzaileak erabiltzen dituen ontziak kudeatzeko sistema bat da gordailu eta itzulketa sistema: ontzi bat erostean, gordailu edo fidantza bat uzten du saltokian —euro zentimo batzuetako diru kopuru gehigarri bat—, ontzi hutsa saltoki berean itzultzen duenean berreskuratuko duena. Eta itzulitako ontzi hutsak birziklatzera bideratuko dira.
Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak erabaki zuen gaur egungo kudeaketa sistema alde batera uztea, egiaztatu baitzuen ez direla betetzen EBk plastikozko ontzien birziklapenerako ezartzen dituen helburuak. Hogei urtetik gora ditu gaur egungo kudeaketa sistemak, eta erabaki zuen Espainiako Estatu osoan gordailu eta itzulketa sistema batekin ordezkatzea, 2026ko azaroaren 26a baino lehen bete beharreko neurria baita.
Sistema hori dagoeneko martxan da Europako zenbait estatutan; besteak beste, Kroazian, Danimarkan, Finlandian, Letonian, Norvegian eta Suedian. Espainiako Estatuan, berriz, badira tokiko zenbait esperientzia, proiektu pilotua ezarri dutenak, edo zuzenean barneratu dutenak ontzien berrerabiltze sistema hori.
Arabako Hondakinen Behatokiaren arabera, lurralde honek ez ditu zorrotz betetzen Europak ezartzen dituen birziklatze helburuak baina bai hurbiltzen da. Dena den, emaitzak emaitza, legea berdin-berdin bete beharra du udalerriak. Sistema berria ezarri beharko du, Espainiako Estatuko udalerriek bezala.
Horretarako Elkarrekin taldeak mozio bat aldarrikatuko du datorren udalbatzarrean: egiaz ezarri aurretik entsegu bat egin dezatela proiektu pilotu baten bitartez.
Elkarrekin taldearen ustez, aurreneko proba bat eginez gero, aldez aurretik ikusiko dute nola eragingo duen gordailu eta itzulketa sistemak ontzien birziklapenean eta datuak izango dituzte pauso zehatzak emateko eta bilketa eredu hori 2026 bukaerarako zabaltzeko. Besteek bezala ezarri beharko dugu sistema, eta ildo horretan proba pilotu batek eragile inplikatu guztioi lagunduko liguke agertoki berrirako prestatzen. Gordailu eta bilketa sistemari esker, %80-90 berreskura daiteke ezartzen den lurralde guztietan”, adierazi du Oscar Fernándezek.
Sistema berrerabilgarri eta itzulgarri horri esker, hondakinok kudeatzeak dakarren erantzukizun eta kostu ekonomikoaren parte bat bere gain hartzeari utziko dio Gasteizko udalerriak, Elkarrekin taldearen arabera produktuak merkatuan jartzen dituenari egotzi beharrekoa baita.
Alde horretatik, gogoraraztekoa da 2024an Vitoria-Gasteizko garbiketa zerbitzuak freskagarrien eta antzekoen %5,7 botila eta ontzi gehiago bildu zituela 2023an baino.