[: EU]
- Koalizioak udalbatzarrean eskatuko du hiru hilabeteren buruan plan bat presta dezala egitekoak dauden jarduketen egutegiarekin; eremuko biodibertsitatea indartzeko legar hobietako zoruen deskontaminazioa eta errestaurazioa ere bai
- “Legez kanpoko isurketa asko izan ditu: eraikuntzatik edo obretatik datozen hondakinekin kutsatua dauka lurzorua, baita beste kutsatzaile batzuekin ere: artsenikoak, beruna eta zianuroak. Inoiz baino premiazkoagoa da lurzoruok berreskuratzea”, esan du Oscar Fernándezek
Elkarrekin Vitoriak –Podemos Euskadi, Berdeak EQUO, Ezker Anitza IU eta Alianza Verde alderdiek osatuak– lehenbailehen amaitzea nahi du Eraztun Berdea hegoaldetik ixteko obrak, falta diren obrak aspalditik baitaude egitekoak. Horregatik, udalbatzarrera eramango du gai hau. Udal taldearen asmoa da gobernua presatzea behin betiko amai dezan proiektu hori; izan ere, epe bat baino gehiago gainditu dira, eta oraindik bukatzekoa dago.
Oscar Fernándezek defendatuko duen mozio batean, Maider Etxebarriaren gobernuari eskatuko diote hiru hilabeteren burua plan espezifiko bat izan dezala eta hartan ager dadila jarduketen egutegia, bai eta Lasarteko legar hobien lurzoruaren deskontaminazioa eta errestaurazioa ere eremuko biodibertsitatea indartzeko.
Gorka Urtaran EAJko aurreko alkateak 2017ko amaieran iragarri zuen 2025erako inplementatua egongo zela Larragorri parkeko proiektua, zeinetan aurreikusten baitzuten ibaiko uholdeen aurka egiteko euste-urmael bat egitea, Lasarteko legar hobien lurzoru kutsatuak berreskuratzea eta Eraztun Berdea zabaltzea. Iragarri eta zortzi urtera, euste-urmaela bakarrik egin dute.
Eremuaren egoera kezkagarria da, legez kanpoko isurketa asko izan ditu eta: eraikuntzatik edo obretatik datozen hondakinekin kutsatua dauka lurzorua, baita beste kutsatzaile batzuekin ere: artsenikoak, beruna eta zianuroak.
“Inoiz baino premia handiagoa dago lurzoruok berreskuratzeko. Horrela, ez da bakarrik uholdeen aurkako ezponda natural bihurtuko eremu hori, baizik eta Eraztun Berdearen eremua zabaldu eta biodibertsitatea indartuko dugu, herritarrek hura erabili eta gozatu dezaten”, ohartarazi du Fernándezek. Bere mozioan, fitoerremediazioaren teknika aipatzen du dela egokiena orubeok tratatzeko: elkarri lotuak dauden landare eta mikroorganimoak erabiltzean datza kutsatuta dauden tokiak garbitzeko; kasu askotan, landare autoktonoak erabiliz egiten da. “Ingurumen Azterketen Zentroa buru duen esperimentu batek —zeinak Neiker-Tecnalia institutuaren eta Euskal Herriko Unibertsitatearen kolaborazioa izan baitu— horrela berretsi zuen orain urtebete eremuan proiektu pilotu bat eginda”, azaldu du zinegotziak.