- Badira hilabete batzuk udalari eskaria egin ziotela Salburuak, San Martinek, Judimendik eta Goikolarreak
- “Eskatzaileei ezin zaie ukatu baliabide hori; are gutxiago gaur egungo testuinguru ekonomikoan inflazioa joka ari den honetan eta erosketa saskia joan deneko 30 urteetako garestiena dagoen honetan”, dio Óscar Fernándezek.
Elkarrekin koalizioak, Podemos Euskadi, Berdeak Equo, Ezker Anitza-IU eta Alianza Verde taldeek osatuak, mozio bat erregistratu du udalbatzarrean eztabaidatzeko; helburua da udalak auzoen eskariari erantzutea eta hiri baratzeak jartzeko partzelak eskura uztea.
90eko urteetan, Gasteizen Eraztun Berdeko baratzeak sortu ziren. Ekimen horren ondoren, 2014ko Zabalortuko proiektua etorri zen, udal baratze bat komunitateak kudeatzen duena, eta handik aurrera handituz joan zen labore espazio horiek jartzeko partzelen eskaria. Eskaera horiei erantzuteko, beste hiru eremu sortu ziren udalerrian, eta ondo funtzionatzen dute horiek ere: Lakuakolore, Ortubi (Borinbizkarra) eta Basalburu (Salburuko Baso Jangarria).
Baina, gaur egun, Elkarrekin taldeak ikusten duenez, badira eskari gehiago mahai gainean kasu egin gabe daudenak. Salburuan, San Martinen, Judimendin eta Goikolarrean auzotarrek adierazi dute beren laboreak izateko aukera eduki nahi dutela haiek ere. Hilabeteak dira udalari eskaria egin ziotela.
Oraingoz, ez dago udal baratzeok hartuko lituzketen partzela posibleen zerrendarik, eta, zerrendarik ez dagoenez, oraindik zain daude auzo horietako herritarrak.
Elkarrekin taldearen ustez, ezin gara atzeratu; udalak aldarrikapen horiei erantzun bat eman behar die. Hiri baratze ekologikoak oso tresna garrantzitsuak dira nekazaritzako elikagaien estrategiaren garapenean eta laguntzen dute aurrera egiten elikadura subiranotasunaren bidean eta hala apurka kanpoarenganako mendetasuna gutxitzen. IGIk hedatutako azken azterketaren arabera, 2019an janari freskotan Gasteizen kontsumitutako 67.000 tonatatik %1 pasatxo zen Arabakoa, eta %2,4 Gipuzkoakoa eta Bizkaikoa.
“Gaur egungo testuinguru ekonomikoan bereziki baloratzen dira horrelako baratzeen onurak, inflazioak bat-batean igo baitu erosketa saskiaren kostua, joan deneko 30 urteetako garestiena. Igo egin dira hamar produktutatik bederatziren prezioak”, esan du Elkarrekin taldeko zinegotziak, Óscar Fernándezek.
Nabarmentzekoa da, halaber, ekimenok duten alderdi soziala, auzo harremanak dinamizatzeko baliagarriak baitira.
Hori guztia dela eta, Elkarrekin taldeak bere mozioan udal gobernuari eskatu dio zerrenda bat egin dezala horrelako hiri baratzeak hartzeko aproposak izan daitezkeen partzelekin mozio hau onartzen denetik hiru hilabeteren barnean, eta 2024an eskura jar ditzala auzo elkarte eskatzaileen proiekturako partzelarik egokienak.
Zerrenda horrek balio behar luke aurreikuspenez lan egiteko eta etorkizunean eskari berriak direnerako udalerri osoan partzela posibleak lokalizatuak izateko.