Berdeak EQUOk Carmen Muñoz eta Oscar Fernandez aukeratu ditu bozeramaile berri izateko, eta Euskadiko Mahaia ere berritu du 

 

  • Bi ordezkariek gidatuko dituzte Elkarrekin eta Sumar esparruetako gainerako alderdiekin izango diren elkarrizketak, 2024ko hauteskunde autonomikoetan hautagaitza bateratuan bat egiteko

Berdeak EQUOk Carmen Muñoz, Bilboko Udaleko zinegotzi ohia, eta Oscar Fernandez, egungo Gasteizko zinegotzia, aukeratu ditu alderdiaren ageriko aurpegi berri gisa, alderdiak bere sorreratik egin duen bozeramailetza paritarioaren formularekin jarraituz.

Horrela, urriaren hasieran irekitako prozesua itxi da, bai bozeramailetza berritzeko –orain arte legebiltzarkide ohi Joserra Becerrak eta migrazioetan aditu Stella Garcíak izandakoa–, bai ordezkaritza goreneko organoa berritzeko, Euskadiko Koordinazio Mahaia, hau ere parekidetasunean osatua eta lurralde bakoitzeko pertsona baten presentzia bermatuz. Lidia Muñoz Ucher, Joserra Becerra, Oroitz Aguirre Imaz eta Íñigo Leon Sancho dira Mahai berria osatzen dutenak.

Muñoz eta Fernandez bozeramaile berriei dagokie, besteak beste, Elkarrekin eta Sumar esparruetako gainerako alderdi politikoekin elkarrizketa-prozesua gidatzea, 2024an egingo diren hauteskunde autonomikoei begira hautagaitza bateratuan bat egiteko.

Muñoz Berdeak EQUOren ordezkaria izan da Bilboko Udalean azken zortzi urteetan, lehenik Udalberri-Bilbao en Común koalizioko bozeramaile gisa eta, ondoren, aurreko legealdian, Elkarrekin koalizioko zinegotzi gisa. 2023ko Espainiako hauteskunde orokorretan, Senaturako hautagai izan zen Sumar koalizioan.

Ezaguna da aktibismo feministan izan duen ibilbide bizia, eta emakumeen lidergo politikoak erabakitasunez defendatzeagatik baloratua da. Udal-ibilbidean, lan handia egin du genero-ikuspegia arlo guztietan zeharka ezartzeko eta gizarte eta ingurumen-justizian aurrera egiteko, sinetsita baitago ekologia politikoa eta feminismoa tresna eraginkorrak eta ezinbestekoak direla gizartea etorkizun bidezkoago eta iraunkorrago baterantz eraldatzeko.

Fernandez Berdeak EQUOren ordezkaria izan da Gasteizko Udalean azken zortzi urteetan, lehenik Irabazi-Ganar koalizioan eta, ondoren, Elkarrekin koalizioan. Koalizio horretan zinegotzi izaten jarraitzen du, aurreko legealdian udal taldeko bozeramaile izan ondoren.

Fernandezek udal mailan izan duen profil berdea aintzat hartu eta balioetsi  da hirigintzan eta mugikortasun iraunkorrean aurrera egiteko, udalerriko nekazaritza eta landa-ingurunea babesteko, Arabako hiriburua klima-aldaketaren ondorioen aurrean erresiliente izateko prestatzeko eta justizia soziala eta ingurumen-justizia lantzeko egin duen ahaleginagatik.

Bi bozeramaileek beren gain hartu dute Berdeak taldean duten zeregin berria, Euskadiko espektro politikoan alderdi berdearen zeregina eta balioa mantentzeko eta indartzeko.