Koalizioak lehentasun hauek ezarri ditu: zerga erreforma bidezko eta feminista, osasun eta hezkuntza publikoaren defentsa, etxebizitza eskuratzea eta larrialdi klimatikoaren aurkako borroka
“Zertarako nahi dugu autogobernu gehiago? Gauza bera egiten jarraitzeko? Elkarrekin autogobernuaz hitz egitea Euskadin ongizatearen gizarte berri bat eraikitzeaz hitz egitea da”
Elkarrekinen Mahai Politikoak bilera egin du gaur Bilbon. Bertan, lehentasun hauek ezarri dira: zerga-erreforma bidezkoa eta progresista onartzea, hezkuntza eta osasun publikoa defendatzea, etxebizitza eskuratzeko eskubidea bermatuko duten etxebizitza-politikak garatzea eta bizi dugun larrialdi klimatikoaren aurkako borroka.
Bileraren amaieran prentsaurrekoa eman dute Pilar Garrido Podemos Euskadiko koordinatzaile nagusiak, Iñigo Martinez Ezker Anitza-IUko Antolakuntza idazkariak eta Joserra Becerra Equo Berdeak alderdiko bozeramailekideak.
Garridok salatu duenez, Eusko Jaurlaritzak “pultsua galdu die herritarrei” eta “ez da gai euskal gizarteak dituen erronka berriei aurre egiteko”. “EAJren eta PSEren ereduak porrot egin du, Euskadin ongizatearen gizartea bermatzen ez duen eredu zaharkitua da. Benetako arazoei aurre egingo dieten politika erabilgarriak eta irtenbide zehatzak behar ditugu”, azpimarratu du.
Podemos Euskadiko koordinatzaile nagusiak autogobernua erabiltzeko eskatu dio Iñigo Urkullu lehendakariari, euskal herritarrek zerbitzu publikoak eta behar-beharrezko ondasunak eskuratu ahal izango dituztela bermatzeko: oinarrizko erosketa-saskian prezioak ezartzea adostuz tokiko banatzaileekin, eta egungo etxebizitzai-krisi larriari aurre egiteko Etxebizitzaren Legearen tresnak garatuz, besteak beste. “Zertarako nahi dugu autogobernu gehiago? Gauza bera egiten jarraitzeko? Autogobernuaz hitz egiten dugunean, Euskadin ongizatearen gizarte berri bat eraikitzeaz ari gara”, azpimarratu du.
Egungo egoerak egiturazko aldaketak behar dituela ohartarazi du Garridok: horregatik, erreforma fiskal justu eta feminista bat onartzea garrantzitsua dela adierazi du. “Josu Jon Imazek 4 milioi euro baino gehiago kobratzen ditu, eta Petronorrek Sozietateen gaineko Zergan ezer ez ordaintzea lortzen du. Bien bitartean, Edurnek, supermerkatu bateko langile gipuzkoarrak, 18.000 euro baino ez ditu irabazten urtean, eta % 23 inguru ordaindu behar du PFEZn, ia 4.000 euro. Ez da oso bidezkoa sistema hau. Eta feminista ere ez da. Zerga-politika atzerakoiek ez dituzte aberatsak bakarrik pribilegiatzen, baita gizonak ere, gehienak gizonak baitira aberastasun handiak metatzen dituztenak. Eta emakumeak dira soldata baxuenak dituztenak. Politika fiskala eskubide feministen belaunaldi berriaren zutabe bat da, emakumeentzako eskubide eta bizitza onetan aurrera egiteko”, azpimarratu du.
Bestalde, Iñigo Martinezek lehendakariari eskatu dio konstituzio-konbentzioaz gutxiago hitz egitea eta euskal herritarren eskubideak bermatzeko neurriak hartzea, haien eskubideak urratzen ari baitira, besteak beste, etxebizitza bat eskuratzeko eskubidea. Hala, Eusko Jaurlaritzari eskatu dio ken dezala Etxebizitzaren Estatuko Legearen aurkako errekurtsoa, eta gara dezala Euskadi tentsiopeko eremu izendatzeko eta legeak dituen onurak aplikatzeko legeria. Ildo horretan, Nafarroan PSNk eta Geroa Baik legea Gobernuaren barruan garatuko dutela gogorarazi du.
Martinezek hezkuntzaren une honetako “eztabaida nuklearra” aipatu du, salatzeko Eusko Jaurlaritza ez dela gai Bizkaiko eta Arabako 7.400 haurren hezkuntzarako oinarrizko eskubidea bermatzeko, ez duelako bermatuta beren ikastetxeetarako eskola-garraioa. Horrela, “dei argi eta sendoa” egin dio Eusko Jaurlaritzari “funtzioen utzikeria alde batera utzi eta arlo publikotik eskola-garraioa bere gain har dezan”
Larrialdi klimatikoaren aurkako borroka da beste lehentasunetako bat. Gai hori aipatu du Joserra Becerrak, eta gaitzetsi du larrialdi klimatiko klimatikoa ez dela lehentasuna euskal erakundeentzat, nahiz eta, egunez egun ikusten dugun bezala, gure bizitzak baldintzatzen ari den, baita hurrengo belaunaldien etorkizuna ere.
Egoera horren aurrean, ikasturte honetan premiazko neurriak hartzearen alde agertu da, hala nola 15 urte itxaroten daramagun klima-aldaketaren lege bat onartzea, 2019ko jasangarritasun energetikoaren legea betetzea eta herrialde honetarako mugikortasun berri bat planteatzea. Eta horrekin batera -nabarmendu du- gure ekonomiaren eraldaketa ekologikoa, trantsizio energetikoa eta fiskalitate berdea behar dira. Potentzia berdea edo basamortu grisa izatearen artean aukeratu behar da, adierazi du.