• Txosten juridiko eta teknikook ondorioztatzen dute ikuspuntu urbanistikotik ez duela inolako zentzurik hiriko 25 sektore urbanizatzeak, ezta, zehazki, 17. sektorea ere
• Udalaren txosten ekonomikoak dakarrenez, sektore horiek urbanizatuta, udalari 8.119.453,49 euro kostako litzaizkioke mantentze-lanak, espazio publikoa, mugikortasuna, garbitasuna eta segurtasuna; “beraz, zulo koskor bat udalerriaren altxortegirako”, ohartarazi du Elkarrekin taldeko bozeramaileak, Óscar Fernándezek
HAPO Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren berrikuspena idatzi duen taldeak garaturik ez dauden 25 sektore urbanistikoen inguruan egin dituen txostenak aztertu eta gero, Elkarrekin Vitoria-Gasteiz udal taldeak Gorka Urtaran alkateari eskatzen dio bazter dezala hiriaren hegoaldetik errepideak egiteko asmo oro; izan ere, lurzorua kontsumitu eta hiriburua hedatu egingo luke horrek, lehentasuna eman beharrean hiria trinkotzeari eta ezinbesteko kohesionatzeari.
Txosten juridiko eta tekniko horietan, jabeei kalte ordainik emateko inolako obligaziorik ez dagoela baieztatzeaz gain eta sektoreak —17. sektorea barne— desklasifikatzeari balekoa emateaz gain, ondorioztatzen dute ikuspegi urbanistikotik ez duela inolako zentzurik zona horiek urbanizatzeak. Gainera, haien kalkuluen arabera, 25 sektore horiek urbanizatuko balitu, udalari 8.119.453,49 euro kostako litzaizkioke mantentze-lanak, espazio publikoa, mugikortasuna, garbitasuna eta segurtasuna, sartu gabe balorazio horrek AMVISArako izan dezakeen inpaktuan. “Udalerriaren altxortegiak izango lukeen zulo koskorra ez litzateke sortuko urbanizatu gabe gelditzen bada jabeei eman beharreko ordainagatik, baizik eta hiriak handitzen jarraitzen badu udalerriaren altxortegian sortuko liratekeen gastuengatik”, ohartarazi du Elkarrekin taldeko bozeramaileak, Óscar Fernándezek. Hamazazpigarren sektorearen kasuan, altxor publikoari 1,2 milioi euro kostako litzaioke.
Aldeko argumentu berri horrekin, Elkarrekin taldeak berretsi egiten du plan orokor berrian aurrera egiteko aintzat hartu behar liratekeen irizpideen eta helburuen gaineko agiriaren defentsa. Agiri hori orain urtebete pasatxo sinatu zuten bi aldeek, gobernuak eta Elkarrekin taldeak, hitzarmena eginda, eta hala, oinarriak ezarri zituzten hiri eredu trinkotu eta sozialki kohesionatu baterantz egiteko.
“Txosten horiek balioa ematen diote hiria hedatzen ez jarraitzearen aldeko gure jarrerari. Ez du zentzurik 25 sektore horietan eraikitzeak. Gobernuak jarraitzen badu hiriaren hegoaldeko errepide hori eraiki nahian, talde honekin lorturiko akordioa puskatzen ariko da. Hegalak jarriko dizkie 17. sektoreko jabeei, zona horretan eraikinak zutitzen tema daitezen. Urbanismo iraunkor baten alde egiten jarraitu behar dugu, lurraldearen kontsumoa gutxituz eta baliabide naturalen erabileran eraginkortasuna bilatuz”, azpimarratu du Elkarrekin taldeko bozeramileak, Óscar Fernándezek.