Podemos, Ezker Anitza-IU eta Equo Berdeak alderdiek osatzen duten koalizioak “Gorroto arrazistaren, xenofoboaren, ijitoen kontrako gertakarien eta gertakari LGTBIfobikoen aurrean tokian-tokian jarduteko gida ezartzeko proposamena”aurkeztuko du datorren udalbatzan. Gida hori Eusko Jaurlaritzak bultzatzen du.
Abuztuaren 26an, LGTBI+ Euskal Behatokiak hainbat gorroto gertakari eta eraso salatu zituen. “Horietako batzuk gure herrian gertatu ziren”, adierazi du Carmen Muñoz talde politikoko zinegotziak. “Beste erakunde eta mugimendu sozial batzuek pertsona arrazaliatuei eta ijito herriari eragiten dieten antzeko gertaerak salatu dituzte”, gaineratu du.
“2021eko Euskadiko gorroto-gertakarien txostenean” 277 kasu erregistratu ziren: %58,48 arrazistak edo xenofoboak izan ziren, eta %26,3, berriz, LGTBI+ kolektiboaren aurkakoak. Bizkaia izan zen gorroto-delituen kontzentrazio handiena izan zuen lurraldea ( %52,7), eta, hirien artean, Bilbo izan zen kasu gehien pilatu zituena ( %16,6).
Egoera horren aurrean, tresna, baliabide eta zerbitzu multzo bat antolatzeko eskatuko du Elkarrekin Bilbao iraileko udalbatzarrean, “gorroto-gertakarien aurrean orientazioa eta erantzun eraginkor, egoki eta proportzionala emango duena. Horretarako, gorroto arrazista, xenofobo, ijitoen kontrako gertakarien eta gertakari LGTBIfobikoen aurrean tokian-tokian jarduteko gida hartuko du erreferentziatzat”. Eusko Jaurlaritzak egindako dokumentu horren helburua, hain zuzen ere, toki-erakundeak horrelako gertakarien aurrean orientatzea da.