Berdeak EQUO eta Más Euskadi alderdiek zuzenketak planteatu dizkiete Sanchezen aurrekontuei Euskadiren lurralde-kohesioan aurrera egiteko eta krisialdiak eraginpean hartutako industrien trantsizio justua ahalbidetzeko

[EU]

  • Berdeak EQUO eta Más Euskadi alderdiek hamabi zuzenketa planteatu dizkiete Estatuko Aurrekontu Orokorrei historikoki ahaztutako eta langabeziak bereziki eraginpean hartutako euskal udalerrien arteko mugikortasuna hobetzeko
  • Zuzenketa horien artean nabarmentzekoak dira Garoñaren ingurunerako Trantsizio Justuko Hitzarmen baterako partida bat abian jartzea, Bilbo-Santander trenbide-lotura eta Bilbo-Balmaseda aldiriko linea hobetzeko jarduketa urgenteak, Donostiako Bellas Artes Eraikina hirian izaten den zinemaldiren baten egoitza bihurtzea edo Polizia Nazionalaren hiru bulego mugikor martxan jartzea landaguneetan administrazio-izapideak egitea errazteko

Más País-Verdes EQUO talde parlamentarioa partekatzen dute Diputatuen Kongresuan Berdeak EQUO eta Más Euskadi alderdiek, eta hamabi zuzenketa partzial planteatu dizkiete Estatuko Aurrekontu Orokorrei, eta guztiak ere gainerako zuzenketekin batera erregistratu dira ostiral honetan, azaroaren 5ean. Bi alderdiek uste dute beren proposamenek Euskadirentzat oso baliagarriak diren proiektuak dauzkatela –Sanchezen gobernuak aurkeztutako estatuko kontuetan alde batera utzitakoak–, eta euskal gizartearen zati handi bat izango da proiektu horien onuradun, azken batean.

Estatuko kontuei egindako ekarpen horietako batzuek Estatuko Aurrekontu Orokorrek historikoki ahaztutako eta langabeziak bereziki eraginpean hartutako eremuetako euskal udalerrien arteko mugikortasuna hobetzea dute helburutzat, eremu horiek behar besteko garraio publikoko eskaintza izan dezaten, lantokietarako eta ikastetxeetarako joan-etorriak ahalbidetzeko eta errazteko moduan. Ildo horretan iradokitzen dira, besteak beste, honako neurri hauek: Bilbo-Santander trenbide-lotura eta Bilbo-Balmaseda aldiriko linea hobetzeko jarduketa urgenteak, horretarako 25 milioi euroko aurrekontu-partida espezifiko bat planteatuz; era berean, Bizkaiko aldiriko trenen zerbitzuetan inbertsioak egitea planteatzen da -120 milioi aurrekontuan sartuta-, astebetean 15 bertan behera uzte izan duen 30 urtetik gorako tren flota berritzeko helburuarekin; Miranda – Gasteiz – Altsasu trenbide-korridoreko bidaiarien garraioan trenen maiztasunak eta tarteko geltokiak berreskuratzea, 5 milioi euroko aurreikusitako aurrekontuarekin; hitzarmen bat Euskotrenen 3. Linea Bus Elektriko Inteligentearen bidez Loiuko Aireportuarekin, eta Derioko eta Zamudioko Parke Teknologikoekin lotzeko bideragarritasun teknikoa aztertzeko, milioi 1 euroko aurrekontuarekin; hiru bulego mugikor martxan jartzea, landaguneetan administrazio-izapideak egitea errazteko.

Bestalde, ekonomia- eta klima-krisialdiak eraginpean hartutako industria-jardueren trantsizio justua posible egiteko aurrekontu horietan inolako atzerapenik gabe gaitu behar da Garoñako ingurunearen garapen ekonomikoaren oinarriak sortzea ahalbidetuko duen aurrekontu-partida, behin zentrala desegiteko lanak burutzen direnean. Jada indarrean dagoen Trantsizio Justuko Hitzarmen bidez artikulatuko litzateke eta 5 milioi euroko balioa izango du.

Beste jardun-ildo bati jarraikiz, balio handiko euskal ondare ekonomiko, sozial eta kulturalaren funtsezko piezei dagokienez aurrekontuek erakusten duten ahanztura gainditzeko helburuarekin eta ondare horren berreskuratze-prozesua oraindik burutu gabe dagoela kontuan izanda, aurrekontuetan dirulaguntza batzuk sartzea planteatzen da Sestaoko 1. zenbakiko Labe Garaiaren zaharberritze-lanak amaitzeko, 3 milioi euroko aurrekontuarekin, eta Abanto-Zierbenako Meatzaritzaren Museoaren proiektua bultzatzeko, milioi 1 euro.  Bellas Artes Eraikina eskuratzeko hitzarmen bat sortzea ere planteatzen da, eta gerora begira eraikina hiriak hartzen dituen zinemaldietako baten egoitza bihurtzea, 15 milioi euroko aurrekontu-partidarekin.

Hezkuntzaren eremuan, ikastetxeetan orientatzaileen taldea indartzea planteatzen da, batez ere Lanbide Heziketan, ikastetxe bakoitzeko gutxienez profesional batek lan egin dezan.

Bi alderdiek konfiantza dute Kongresuko beren talde parlamentarioaren negoziaketen ondoren proposamen horiek aurrekontuetan sartuta geratuko direla, euskal gizartearen zati handi baten eguneroko kezka eta arazoei erantzuten baitiete.