.
- Tresna aurrendari horrek balio dezake kutsadura akustikoa apaltzeko, baita gure hiriko trafikoa gutxitzeko ere.
- PODEMOS, IU eta Berdeak EQUO koalizioak proba pilotu bat eskatuko du, mozio bidez. Zarata radarren proba horrek ez luke zehapen-izaerarik 2022an. Esperientzia ona bada, proposamena da udal osoan ezartzea 2023an, eta zehapen-izaera ematea.
Herritarrek gero eta zarata gehiago jasan behar dute hirian. Osasunerako kaltegarria dela eta gero eta kaltegarriagoa bihurtzen ari dela uste dute. Honelako kalteak eragiten ditu: entzumena gutxitzea, loa galaraztea, bihotz-biriketako arazoak eragitea eta portaera sozialean eragitea. Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, kutsadura akustikoa ingurumen arazoen artean bigarrena dago Europan, aire kutsaduraren atzetik. Gure udalerriak ere jasaten du kutsadura mota hori; horregatik, duela zenbait urtetik hona, Gasteizko Udala lanean ari da hura borrokatzeko soinu-giroa hobetzeko planen bitartez. Indarrean den planaren arabera (2019-2023), gehienbat trafikoak sorrarazten du soinua gure hirian.
Planaren datuen arabera, gauekoa da soinualdirik kaltegarriena. Horretaz gainera, etxeko girorako ezarritako kalitate akustikoaren helburuen gainetik dago herritarren %6,2k jasaten duten soinua. Gogorarazi beharra dago datu hori aldien batezbestekoetatik ateratzen dela, ez osasunerako bereziki kaltegarriak diren une jakinetako soinuen erregistrotik. Hori litzateke hiri barrutik doazen ibilgailu jakin batzuen kasua.
Hori dela eta, Elkarrekin-ek beste pauso bat eman nahi du eta kutsadura akustikoa arindu zarata-radarren proba pilotu bat eginda zirkulazio handiko eremu batean datorren urterako. Esperientzia horrek ez du inolako zehapen-izaerarik izango. Helburua litzateke ikustea ea teknologia akustiko horrek funtzionatzen duen gure udalerriko ibilgailuen kutsadura akustikoa neurtzeko eta kalkulatzeko. Udal taldeak mozio bidez planteatuko du proposamen pilotu hau Soinu giroa hobetzeko 2019-2023 ekintza planean jarduketa lerro gisa.
Radarrak non ipini herritarrek erabakiko dute Soinu giroa hobetzeko 2019-2023 ekintza planeko prozesu parte-hartzaile batean hiru hilabeteren barrenean. Azkenik, eskatzen dute proba horretako emaitzen analisia ona bada, udalerri osoan ipintzea 2023rako, eta zehapen-izaera ematea.
Radar berri hauek 360 graduko kamera dute, eta zenbait antena akustiko, lau mikrofono dituztenak dezibelioak kontrolatzeko segundo hamarren bakoitzean. Horri esker, soinuak neurtu ez ezik, nondik datozen ere detekta ditzakete hutsegiterik izan ez dadin.
Horrelako radarren eredu bat badago Europan, Parisko udalerrian, zehazki. Frantziako hiriburuak zarataren aurkako planean sartu ditu zarata radarrak uda honetan, eta onurak ikusi dituzte herritarren osasunean, baita trafikoa eta biztanleen ongizaterako arazo larriak dakartzaten soinuak gutxitzea ere.
“Kutsadura akustikoa arazo bat da, ez bakarrik ingurumenerako baita jendearen osasunerako ere. Gehienbat trafikoak sorrarazten du zarata Gasteizen. Gauez, arazotsuagoa da kontua: abiadura handian doan zilindro askoko ibilgailu batek edo isilgailua manipulatua duen batek jende asko esnaraz dezakete. Gasteizek zehaztuta ditu zirkulazio handieneko lekuak; horregatik, gure ustez ezin aproposagoa da, hiria estatuko lehena bihur dadin zarata radar horiek ipintzen”, esan du Oscar Fernandez bozeramaileak.