-
Euskadiko Alderdi Berdearen ustez, Eusko Jaurlaritza hipokresiatik gertu dabil, orain ontziola zaharra aintzat hartzekoa dela aitortzen duelako, bere garaian ausardiaz eta erantzukizunez apustu egin ez bazuen ere ondare horren biziraupenaren alde, haren enpresa-jardueraren jarraitutasunaren bitartez
-
Gainera, alderdi berdeak uste du instituzioek guztiz ahaztuta dituztela Ezkerraldean ondare-balio handia duten beste hainbat eremu, hala nola Sestaoko Labe Garaia, Gallartako Meatzaritzaren Museoa edo Zorrotzaurreko, Zorrotzako eta Lutxanako industria-pabiloiak
Berdeak EQUO Ezkerraldea eskualdeko taldearentzat tristea eta nolabait sinesgaitza ere bada La Naval Babes Bereziko Kultura Ondasun deklaratzeko prozesua irekitzea, gure ustez Eusko Jaurlaritza hipokresiatik gertu baitabil, orain ontziolaren zati txiki bat industria-ondasun “bikain” gisa aitortzen dutelako, ontziolako nabe, kai-mutur eta biltegi gehienak inolako babesik gabe uzten dituen bitartean.
Eusko Jaurlaritzaren erabaki hori berezitasunaren eta balio industrial, historiko, sozial, zientifiko, paisajistiko eta urbanistikoen aitortzan oinarritzen da, baina horrek talka egiten du Urkulluren Gobernuak eta Tapia sailburuak ontziola esanguratsua eraisteko prozesu luzean erakutsi duten utzikeriarekin, Euskadik inoiz izan duen ontziola garrantzitsuena izanik, euskal ekonomiaren bultzatzaile eta giltzarri estrategikoa ere bazena, Ezkerraldean milaka enplegu ahalbidetzen zituen heinean.
“La Navalen ondarea ez zen kai-mutur lehorretara, oinezkoen pasabidera edo jantokien pabiloira mugatzen. Pertsonak eta pertsona horiek hamarkadatan egindako ontzi-jarduera ere baziren ontziolaren ondarea. Eusko Jaurlaritzak bere garaian ausardiaz eta erantzukizunez jardun ez bazuen ondare horren biziraupena bermatzeko, orain hipokrita da beren irudia zuritzen ahalegintzea ondare horren zati ñimiño bat babestuz, ontziolako zati handiena inolako babesik gabe uzten duten bitartean jabe berriak nahierara eraisteko aukera izan dezan”, eskualdeko taldekoek adierazi digutenez.
Bestetik, alderdi berdeak uste du erakundeek guztiz ahaztuta dituztela Ezkerraldean ondare-balio handia duten beste hainbat eremu, hala nola Sestaoko Labe Garaia, Gallartako Meatzaritzaren Museoa edo Zorrotzaurreko, Zorrotzako eta Lutxanako industria-pabiloiak, Eusko Jaurlaritzaren Ezkerraldeko eta Meatzealdeko historia eta iragan industrialarekiko sentsibilitaterik ezaren beste adierazgarri bat.