-
Eusko Jaurlaritzak ez du lortu NEXT Generation europar funtsen finantzaketarik, baina hala ere aurrera jarraitu nahi du kanpoko kai-muturra 150 metro luzatzeko proiektuarekin, 15 milioi euroko kostu estimatua duena, “azkenean euskal herritarrok gure sakeletik ordaindu beharko dugun diru-xahuketa”
-
Mutrikuko Portuko Plan Berezia orain 20 urte abiatu zen eta noraezean dabil une honetan; proiektatutako azken zabalkuntza horri ekiten bazaio, ikaragarrizko inpaktua izango du ingurumenean eta paisaian, eta hori gutxi balitz, marinel-herriaren idiosinkrasia guztia galduko da
-
Berdeak EQUO alderdiak bat egiten du Berdeen eta Independenteen udal-taldeen errezeloekin; horren harira, gaur arratsaldean hausnarketa kolektiboko ariketa bat egiteko eskatuko dute Udalaren Osoko Bilkuran, mutrikuarrek portuko etorkizunaren gaineko erabakietan parte hartzeko aukera izan dezaten
Euskadiko Alderdi Berdeak eskatzen du Mutrikuko kanpoko kai-muturra areago luzatzeko proiektua berehala gelditzeko; beste kapitulu bat orain 20 urte abiatu eta oraindik amaitu gabe segitzen duen Portuko Plan Berezian jasotako jardunen zerrenda luzean.
Eusko Jaurlaritzak ez du lortu NEXT Generation europar funtsen finantzaketarik obra horietarako, baina hala ere aurrera jarraitu nahi du kanpoko kai-muturra 150 metro luzatzeko proiektuarekin, 15 milioi euroko kostu estimatua duena, “azkenean euskal herritarrok gure sakeletik ordaindu beharko dugun diru-xahuketa”.
Berdeak EQUO alderdiko kideok uste dugu beste garai bateko proiektu bat dela, beharrezkoa ez den proiektu desfasatu eta zaharkitu bat, azpiegiturak gaizki planifikatzearen eta hamarkadatan Eusko Jaurlaritzaren arlo horretako jarduna gidatu duen hazkunde ekonomiko jasanezinaren ideiaren emaitza. “Mutrikuko portuko kanpoko kai-muturreko amaitu gabeko lanak, azpiegiturak eraikitzeko modu jakin baten isla dira, hain zuzen ere, lardaskerian, inprobisazioan eta ingurumen-araudia betetzearekiko mespretxuan oinarritutako jokabide baten isla, konponbideak baino arazo gehiago ekarri dituena. Okerreko bide horretatik ez goaz inora”, azpimarratu du Joserra Becerrak, alderdi berdeko kobozeramaileak.
Euskadiko Alderdi Berdearentzat onartezina da, pandemiaren ondoriozko aurrekontu-estualdiak nagusi diren hazkunde ondoko eszenatoki makroekonomiko batean, joan den mendeko proiektu batean milioika euro xahutzen jarraitzeko asmoa izatea, lehentasunezkoak diren beste jardun batzuk gerorako uzten diren bitartean. Mutrikuko portua arrantza-portu bat da, merkataritza- eta kirol-portu gisa inolako etorkizunik ez duena.
Horregatik guztiagatik, Berdeak EQUO alderdiak Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio bere erabakia atzera bota eta proiektua geldiaraz dezala. Alderdi berdeak bat egiten du eta babesten du Mutrikuko Berdeak + Independenteak taldearen proposamena, eta inplikatutako erakundeei eskatzen die udalerrian hausnarketa-prozesu partizipatibo bat ireki dezatela, mutrikuarrek beren porturako zer nahi duten eta zer lehentasun dituzten jakiteko.