- Berdeak EQUO alderdiak errepikatu duenez, linea elektrikoak zein Araban proiektatutako parkeetako errota eolikoak ez dira instalatu behar babestutako naturguneetan, hau da, hegaztien ohiko pase-eremuetan, beste gune alternatibo batzuk baliatzeko aukera izanik.
- “Gure faunaren babesaren eta defentsaren bermatzaile izan behar dute erakundeek. Eta zeregin hori ez da bateraezina energia berriztagarrien hedapenarekin hedapen hori arduraz egiten bada”, adierazi dutenez.
- Hontza Natura Elkartearekin bat egiten du alderdi berdeak Araban dauden hegazti harraparien etzaleku eta bazkalekuak seinaleztatzeko egindako eskaerarekin, hegazti horien talka gehiago saihesteko, haietako batzuk desagertzeko zorian baitaude.
Arabako lurraldean egiaztatuta dagoen ugatz-ale bakarra inplikatuta eta zaurituta gertatu zen Narbaizan (Donemiliaga, Araba) izandako linea elektriko baten aurkako talkaren berri izan ondoren, Berdeak EQUO Euskadiko alderdi berdeak ohartarazi du antzeko istripuak errepikatu egingo direla Araban proiektatutako parke eolikoen kokalekuak aldatzen ez badira.
Alderdi berdeak adierazi zuen jada duela hilabete batzuk Eusko Jaurlaritza arinegi ari zela Euskadiko parke eolikoen proiektuak izapidetzen hasi nahian, Trantsizio Ekologiko eta Erronka Demografikorako Ministerioak zonakatze-mapa eguneratu eta jendaurrean jartzera itxaron gabe Klima Aldaketari buruzko Legeak agintzen duenari jarraikiz, tresna horretan zehaztuko baita zein izango diren parke eolikoak kokatzeko unean landarekin, naturarekin, historiarekin, kulturarekin eta paisaiarekin lotutako ondareari begira inpaktu txikiena duten kokalekuak.

Ugatzarekin izandako istripuak proiektu horien izapidetze-fasea eteteko premia uzten du berriz ere agerian, babestutako eta hegazti harraparientzat –hala nola ugatzarentzat– ohiko pase-eremu diren naturguneetan dituzten kokalekuak ez direlako egokiak.
“Gure faunaren babesaren eta defentsaren bermatzaile izan behar dute erakundeek. Eta egiteko hori ez da bateraezina energia berriztagarrien hedapenarekin hedapen hori arduraz egiten bada, baina zoritxarrez ez dira eskakizun horiek betetzen ari”, alderdi ekologistatik adierazten dutenez.
Gainera, Hontza Natura Elkartearekin bat egiten du alderdi berdeak Araban dauden hegazti harraparien etzaleku ete bazkalekuak seinaleztatzeko egindako eskaerarekin, hegazti horien talka gehiago saihesteko, haietako batzuk desagertzeko zorian baitaude.
Azkenik, Berdeak EQUO alderdiak berriz ere azpimarratu nahi du energia berriztagarriak ezartzearen alde dagoela garapen deszentralizatu baten bitartez, haizetik, eguzkitik eta uretatik sortutako aberastasuna ez dadila beti “gutxi batzuen esku” geratu, eta tokiko herritarren eta lurraldeko enpresen mesedetan ere joan dadin.