-
“Bizkaiko Aldundiak erabaki du 2020ko Errenta Kanpaina, ia soilik, telematikoki egitea, eta alderdi berdearentzat erabaki hori “presaka hartutakoa da, eta legearen ikuspegitik oso zalantzagarria”, ezagutza digital eta baliabide tekniko nahikorik ez dituzten milaka zergadun “erabateko babesgabezian” uzten dituen neurrian
-
Gainera, Berdeak EQUO alderdia beldur da litekeena delako “zergadun horietako askok azkenean dagokiena baino gehiago ordaintzea, aitorpena egitean nahigabeko okerrak egiteagatik edo, gehienetan, Aldundiaren aldeko okerrak dauzkaten zirriborroak onartzeagatik”
Euskadiko alderdi berdea harri eta zur dago Bizkaiko Foru Aldundia eragiten ari den anabasaren aurrean. Izan ere, 2020ko Errenta Kanpainaren lehen egunetan milaka kexa eta arazo tekniko sortu dira, tramite hori egiteko on-line modalitatea erabil daitekeelako ia soilik, foru-erakundearen webgunearen, aplikazio mugikorraren edo telefonoaren bitartez, baina azken kasu horretan, soil-soilik, foru-erakundeak hala erabakitzen duen kasuetan. Berdeak EQUO Bizkaia alderdiak Jose María Iruarrizaga foru-diputatuari eta Josu Rementería diputatu nagusiari leporatzen die egoera horren erantzukizuna, ez direlako gai izan erabaki horren ondorioak aurreikusteko, ezta teknika- eta prestakuntza-alorreko premiak behar bezala planifikatzeko ere.
Stella García kobozeramailearen hitzetan, Bizkaiko Foru Aldundiak kanpaina ia soilik modu telematikoan egiteko hartutako erabakia “presaka hartutakoa da, eta legearen ikuspegitik oso zalantzagarria”, kontuan hartuta Administrazio Prozeduraren 39/2015 Legeak argi uzten duela “Administrazio Publikoek ezin ditzaketela pertsona fisikoak baliabide telematikoak erabiltzera behartu, eta alarma-egoerak ere ez dituela horrelako ekintzetarako bide ematen”.
Berdeak EQUO alderdiak ere uste du beharrezkoa dela Bizkaiko gizarteak eta administrazio publikoek, pixkana-pixkana, digitalizaziorantz aurrera egitea, baina betiere bide horretan inor atzean utzi gabe. Berdeak EQUO alderdia kezkatuta azaldu da, herritarrei aldez aurretik trebakuntza eskaintzen ez bazaie errenta-aitorpenak egiteko eta onartzeko abian jarri den plataforma nola erabili eta nola maneiatu jakin dezaten, litekeena delako “zergadun horietako askok, azkenean, berez dagokiena baino gehiago ordaintzea, errenta-aitorpena osatzean nahigabeko okerrak egiteagatik, edo gehienetan Aldundiaren aldeko okerrak dauzkaten zirriborroak onartzeagatik”.
Ildo horretan Stella Garcíak uste du “eten digitala aukera-berdintasunaren eta beharrezkoa den gizarte-berdintasunaren kaltetan doala”, eta horregatik Bizkaiko Aldundiari eskatzen dio hartutako erabakia zuzen dezala, eta sortutako anabasa konpontzeko behar adina baliabide presentzial jar ditzala. “Prestakuntza-maila txikiena duten eta baliabide gutxien dauzkaten pertsonak dira kaltetu nagusiak, zirriborro oker bat onartu beharko dutelako, edo bestela, aholkularitza-enpresa bati ordaindu beharko diotelako beren aitorpenarekin lagun diezaien, banku-entitateek lehentasunezko bezeroei baino ez dietelako laguntzarik ematen”, amaitu du alderdi berdeko kobozeramaileak.