Urola Garaiko Mankomunitatearen aurrekontuek ez diote erantzuten ingurumen-premiari

Legazpiko Berdeakek deitoratu du Urola Garaiko Mankomunitateak ingurumen-arloari bideratutako aurrekontu-zuzkidura ez dela nahikoa eskualdean dauden ingurumen-eskakizunen aurrean. Krisi ekologiko eta klimatikoaren ondorioak izugarriak dira (COVID-19k sortutako pandemia horren erakusgarri argia da), eta administrazioek neurri erabakigarriak hartu behar dituzte, maila guztietan, aurre egiteko. “Berriz ere ikusten dugu ingurumena ez dela lehentasuna, eta Mankomunitatearen aurrekontuek ez diote erantzuten Urkullu lehendakariak 2019ko uztailean jada adierazi zuen klima-larrialdiko egoerari, espezie gisa dugun erronkarik handiena baita. Gaur egun bizi dugun krisi ekologikoari erantzuteko estrategia ausarta gauzatzeko beste aukera bat galdu dugu, eta horrek, gainera, eskualdeko sektore berdeetan lanpostu asko sortzeko balioko liguke. Berdeaken argi daukagu estrategia honek lotura argia izan beharko lukeela aurrekontuetan jasotzen den enplegua sustatzeko kapituluarekin”, adierazi du Alberto Bezunartea Legazpiko Berdeakeko zinegotziak.

Ildo horretan, Berdeak-ek gogorarazi du industria-lurzoru asko askatuko dela eskualdean, pabiloi zaharrak eraistea aurreikusita baitago. Hori dela eta, aukera handia ireki da beren jarduera sektore jasangarrietan eta etorkizunekoetan garatuko duten enpresa berrien ezarpena sustatzeko, besteak beste, energia berriztagarrietan, teknologia berrietan, I+G+Bn, nekazaritza ekologikoan, baso-kudeaketan, hondakinetan edo mugikortasun jasangarrian. “Ezin dugu berriro errepikatu eredu zaharkitu eta kutsatzaile zaharra, Eskualdean eragin dituen emaitzak ikusten baititugu: globalizazioa eta enpresen deslokalizazioa, kanpoarekiko mendekotasun handia, jasanezintasunik eza eta ingurunearen degradazioa. Ekoizpen eredu berri baten alde egiteko unea da, gauzak egiteko modu berri baten alde, lurraldeari lotutako enpresekin, tokiko ekonomiaren bultzada irmoarekin eta pertsonak eta ingurunea erdigunean jarriko dituen kudeaketa eredu berri batekin, azken helburua energia, material eta elikadura subiranotasuna izanik”, gaineratu du Legazpiko Berdeakeko ordezkariak.

Modu mankomunatuan landu beharreko arlo eta ikasgai askotan enplegu berdeak sortzeko potentziala handia da:

  • Trantsizio energetikoa, aurrezpenean, eraginkortasunean eta energia berriztagarrietan oinarritua.
  • Nekazaritza ekologikoa, sasoiko eta hurbileko produktuen kontsumoan oinarritua (etxeetan, enpresetako jantokietan, eskola-etxeetan)
  • Baso-kudeaketa jasangarria, baso babesle autoktonoak berreskuratzeko eta gure mendietan jarduerak eta erabilerak dibertsifikatzeko, hainbeste arazo sortzen dituzten pinu- edo eukalipto-monolaboreen aurrean (gaixotasunak eta izurriteak, hala nola banda marroia eta prozesionarioa, suteak, lurzoruen galera eta degradazioa…).
  • Hondakinak, udaletako konpostaje-plantak, ibai eta erreketako hiri-hondakin solidoak deskontaminatzeko eta erretiratzeko lanak, konponketa-negozioak, ekonomia zirkularra… bultzatuz.
  • Mugikortasun iraunkorra, bidegorriak mantenduz eta, adibidez, eskualde mailan bizikleta elektrikoak alokatzeko zerbitzua martxan jarriz, besteak beste.
  • Zainketen sektorea, ekoturismoa, etab.

Kezkatuta gaude, halaber, eskualdean zerbitzuak galtzeko dagoen benetako arriskuarekin, Zumarragako etengabeko arreta gunearen (EAG) kasuan edo suhiltzaileen parkea eta zerbitzua Bergarara eramatea aurreikusten den moduan. Berdeaken pentsatzen dugu kasu honetan behar-beharrezkoa dela elkarrekin jardutea, zerbitzu horiek eskualde mailan ematen jarraitzea nahi badugu. Hala ere, ikusitakoa ikusita, badirudi zerbitzuen galera hori ez dela lehentasuna gainerako alderdientzat.

“Zumarragako EAGren zerbitzua eta Korostiko suhiltzaileena orain arte bezala eskualdean ematen jarraitzea nahi badugu, ordezkaritza dugun talde politiko guztien defentsa bateratua egin behar dugu Mankomunitatean, aldarrikapenaren indarra askoz handiagoa izango litzatekeelako”, gaineratu du Alberto Bezunarteak.

“Asko dira udal guztiek modu mankomunatuan egin ditzaketen jarduerak. Borondate politikoa eta aurrean ditugun erronken mailan egotea da kontua”, esan du Berdeakeko bozeramaileak.