- EAJ-PSE gobernuek baimendu gabeko isurketen kasuetan erakutsi duten zabarkeria eta pasibotasuna kritikatu du alderdi berdeak.
- Salatu dutenez, ez dira kasu isolatuak eta jardunean erakutsitako utzikeriak ondorio katastrofikoak izan dituzten gertakariak eragin ditu, hala nola Zaldibarren gertatutakoak, eta legez aurkako zabortegiak irautea eta ibaietan isurketa toxikoak izatea ere ahalbidetu du.
EQUO Berdeak Gipuzkoa alderdiak baimendu gabeko isurketetan EAJ-PSE koalizioak gobernatutako erakundeek erakutsitako zabarkeria eta pasibotasuna frogatzen duten dokumentu konfidentzialak ikusi ahal izan ditu.
Legez aurkako jardun horiek ezagutu zirenetik zenbait urte geroago ere ez neurri zuzentzailerik ez penalizaziorik ez ezarri izana kritikatzen die administrazio eskudunei alderdi berdeak.
Utzikeria hori izan da nagusi Donostiako lurzatietan –Lindaberri, Etxeberri eta Txarrabategi baserrien inguruetan– egindako lurbetetzeen inguruan garatutako kudeaketan Atotxa Errekako lanetatik ateratako soberakinarekin, lan horiek Asfaltos Naturales de Campezo eta Arbar Construcciones Aldi Baterako Enpresa Elkarteari esleitu zitzaizkiolarik.
2008ko abuztuan izapidetu zen lurbetetze-eskaera, eta geroxeago egikaritu zen lurbetetzea, zegokion administrazio-erantzuna oraindik ere jaso ez zela. Hori egiaztatzen du partikular batek gertakarien jakitun izan ondoren Eusko Jaurlaritzan jarritako salaketan, eta salaketa hori ikusi ahal izan du, hain zuzen ere, EQUO Berdeak alderdiak. Jardun klandestinoa frogatzen duten argazkiak aurkeztu zituen salatzaileak.
Udal-txostenetan jasota dagoenez, azkenean “ez zen lizentzia eta eskaeraren xede zen lurbetetzea baimendu”. Gobernuaren ondorengo txostenak ere jardun hori ezeztatu zuen.
Gertakari horiek direla-eta, administrazioek kudeaketan izandako zabarkeria nabarmenak kritikatzen ditu EQUO Berdeak alderdiak. Kasu horretan izandako kontrolik ezak ingurumenerako ondorio larriak izan zituen legez aurkako jarduna baimendu zuen, “aldez aurretik zegoen landarediari eta fauna berezi edota babestuari eragindako afektazioagatik”, Eusko Jaurlaritzaren txostenak biltzen duenez. Zehazki, hariztiaren gutxi gorabehera 10.000 m² desagerraraztea ekarri zuen lurbetetzeak, nahitaez “baso autoktono gisa leheneratu beharrekoa” zena.
“Alde batetik, onartezina da ikuskapen bidez ez detektatu izana legez aurkako jarduna, administrazioak eskaerari emandako erantzuna iritsi aurretik lurbetetzea egitean gauzatutako legez aurkako jarduna, alegia, eta ezespena zegokion garaian ere ez iritsi izana. Eta bestetik, ulertezina da lurbetetze bat egitea baimentzen ez duten bi administrazioak horren berri 2011n komunikatutako salaketa baten bidez izatea, eta gaur arte, hamar urte igaro ondoren, inolako zuzenketarik edo penalizaziorik ez egon izana”, alderdi berdetik salatu dutenez.
EQUO Berdeak alderdiak ohartarazi duenez, hau ez da kasu isolatu bat. Administrazioen utzikeriak eta administrazio horiek egiten duten jarraipen eskasak bidea zabalik uzten dute delitu horiek egiteko, eta gainera ondorio eskasak izaten dituzte Legea hausten dutenentzat. “EAJren eta PSEren ingurumenaren aldeko itxurazko diskurtsoak talka egiten du errealitatearekin: ez dute ingurumena defendatzeko eta ingurumena bera babesten duen egungo araudi urria betearazteko interesik. Utzikeria hori izan da, hain zuzen ere, ondorio katastrofikoak izan dituzten gertakariak eragin dituena, hala nola Zaldibarren gertatutakoak, eta legez aurkako zabortegiak irautea eta ibaietan isurketa toxikoak izatea ere ahalbidetu du”