- Euskadiko Hidrokarburoak Baltzuak 2020ko urriaren 13an erregistratu zuen miaketa-proiekturako lizentzia-eskaera, albistea publiko egin baino hilabete eta erdi lehenago, Oscar Fernández zinegotzi berdeak udal-batzordearen bilkuran galdera egin ondoren.
EQUO Berdeak alderdiak Udalari leporatzen dio gardentasunik gabe jokatu izana, Shesa sozietate publikoak hasitako Armentia 2 gas-putzuaren miaketarako lizentziaren tramitazioari dagokionez. Espedientean jasota dagoenez, sozietateak joan den urriaren 13an erregistratu zuen lizentzia-eskaera, baina abenduaren 1era arte ez genuen albistearen berri izan, Oscar Fernández zinegotzi berdearen galderei erantzutean. Hilabete eta erdiko isiltasun hori, Udal Gobernuak informazioa “nahita ezkutatu” nahi izatearen adierazgarri dela uste du alderdi berdeak, “Urtaran alkateak ongi dakielako Gasteizko jendea proiektu horren aurka dagoela”.
EQUO Berdeak alderdiak uste du Gasteizko herritarrek merezi dutela Green Capitalerako hain kaltegarri den proiektu horren nondik norako guztiak jakitea, gardentasun osoarekin. Horregatik, Udal Gobernuari eskatzen dio horren inguruan egiten diren mugimendu guztien berri eman dezala, “garaiz eta behar bezala”, eta eskatutako jarduera-lizentzia ukatu beharra azpimarratu du beste behin. “Proiektu hau Green Capitalaren antipodetan dago. Aurrera aterako balitz, Gasteizek zenbait hamarkada egingo luke atzera, 90ko hamarkadatik hirian abian jarritako politika berde guztiak pikutara joango liratekeelako”, adierazi dute alderdi berdeko kideek.