-
Udalak baztertu egin ditu EQUO Berdeak Uribe Kostak proiektu honi aurkeztutako alegazioak, hau da, bere ingurumen- eta paisaia-ezaugarriengatik babes bereziko lursail bat birkalifikatu eta bertan erabilera pribatuko eta herrigunetik urrundutako kirol-instalazio batzuk egin nahi dituen proiektuari aurkeztutakoak.
Uribe-Kostako EQUO Berdeak alderdiaren eskualde-taldeak Leioako Udalaren Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketa-proiektuari aurkeztutako alegazioak baztertu ditu Leioako Udalak, babes bereziko lurzoru ez-urbanizagarriaren 47.000 m 2-ko birkalifikazioari buruzkoak. Domingotarren komentu zaharra hartzen duten lurrak eta aldameneko lurzatiak dira jardunaren helburu. Kokaleku horretan erabilera pribatuko kirol-instalazio batzuk eraikitzeko bidea libre izan nahi du udalak.
EQUO Berdeak alderdiko eskualde-taldeak bere ekarpenak erregistratu zituen uste duelako Kurkudi mendiaren lurzoru ez-urbanizagarriaren eta babes berezikotzat katalogatuaren birkalifikazioarekin “hirigintza-kudeaketa erabat desfasatu eta jasanezinean” erortzen garela berriro, klima-aldaketaren efektua geldiarazteko egungo gomendio eta betebeharrekin bat ez datorren kudeaketan. Gainera, ez die erantzuna ematen Leioako herritarren egiazko premiei. “Herritarrek kirol-instalazio publiko eta hurbilekoak eskatzen dituzte, baina lur horietan proiektatzen dituzten ekipamenduak urrunegi geratuko dira. Ibilgailu pribatua erabiltzera behartuko ditu distantzia horrek, horren ondoriozko emisio kutsatzaileen gehikuntzarekin, eta ibilgailu pribatuaren aukera ez dutenei, aldiz, ekipamendu horiek erabiltzea galaraziko zaie. Horrela, ez dira herritarrak aintzat hartzen eta ez dira klima-larrialdiaren arloan hartutako konpromisoak ere aintzat hartzen”, azpimarratu dute Uribe Kostako eskualde-taldetik.
Udalak onartu egin du, partzialki bada ere, trafiko-gehikuntzari buruzko alegazioa. Dena den, ibilgailu pribatuetan egiten diren bidaien gehikuntza saihesteko proposatutako soluzioak –LejoanBusa Arteara hurbiltzeak– alboko kalteak dakartza toki-merkataritzarentzat, merkataritzagunerako sarbidea erraztuko baitu eta, horrenbestez, erosketak murriztu egingo dira herriguneko establezimenduetan.
Bestalde, alderdi berdeak uste du “erabat eskasa” dela birkalifikazio horren ingurumen-ebaluazio estrategikoa eta horrela jakinarazi zuen alegazioetan, bere erreklamazioetan aldeko erantzun bakar bat ere lortu gabe.
Horregatik guztiagatik, EQUO Berdeak Uribe Kostak bere desadostasuna eta dezepzioa agertzen du Leioako gobernu-taldearen jarrera inposatzaile eta immobilistaren aurrean, gobernu-taldeak ez baititu alderdiaren ekarpenak –guztiak ere errealitateari egokituak eta erabat beharrezkoak– kontuan hartu, eta bere okerrean sakontzen du, bere hirigintza-eredu zaharkitu eta udalak berak onartutako Klima Larrialdiko Deklarazioaren eta Lurralde Antolamenduaren Gidalerroen filosofiaren kontrakoa atxikiz. “Sinesgarritasun osoa galtzen dute jardun horiekin, zer interesen zerbitzura gobernatzen duten erakusten dute eta interes orokorrari buruz zer kontzeptu duten agerian uzten dute. Ez du ezertarako balio klimaren eta jasangarritasunaren aldeko konpromisoak sinatzea gero babes bereziko eremu bat horren arinki uzten bada babesik gabe. Ez dute benetako motibaziorik ingurumena babesteko lehenengo aukeran jabeen eta hirigintza-proiektuen sustatzaileen interes ekonomikoak lehenesten badituzte gizarte- eta ingurumen-ongizatearen gainetik”, adierazi dute atsekabez eskualde-taldetik.