- Parkeko ipar-ekialdean burutu da jarduna, Zurrupitieta kalearen ondoan, linea elektriko bat zela-eta
- Alderdi berdeak Udalari eskatzen dio Eraztun Berdearen kontserbazioa lehenetsi dezala, eta konpainia elektrikoak dorre eta kableak kentzera behartu ditzala
EQUO Berdeak alderdiak salatu du gaur, Zabalganako basoko 4.000 metro karratutik gora moztu dituztela. Alderdi berdeak baso autoktono horren balioa ekarri nahi izan du gogora: erkamezti bat da, nekazaritza-bihurketaren aurretik Arabako Lautadan zeuden basoen erakusgarria; hortaz, ekosistema horren azken gotorleku naturaletako bat da Gasteizko udalerrian. Eta horrek nahikoa izan beharko luke haren kontserbazioari lehentasuna emateko. Alabaina, Udalak erabaki du zerrenda lineal handi baten mozketarako baimena ematea, habitat horren zatikatzea areagotzeko.
Parkeko ipar-ekialdean burutu da jarduna, Zurrupitieta kalearen ondoan, linea elektriko bat zela-eta. “Linea elektrikoaren igarobiderako alternatibak bilatu beharrean, hau da, linea elektrikoa desbideratu edo lurperatu beharrean, udalak erabaki du mozketa agresibo bati argi berdea ematea, eta horrek konpondu ezinezko kalteak ekarri ditu Eraztun Berdearentzat. Udal Gobernuak interes naturaleko eremuetako dorre eta kableak kentzera behartu beharko lituzke konpainia elektrikoak, eremu horien kontserbazioari lehentasuna emanez”, adierazi dute EQUO Berdeak alderdiko kideek.
Zabalganako basoa Eraztun Berde osoko parke hauskorrenetako bat da, gainerakoetatik (Zadorra iparraldean eta Armentia hegoaldean) oso bakartuta dagoelako, konektagarritasun ekologikoa izugarri zailtzen duten azpiegitura handiek inguratuta. Hori dela-eta, basoaren kontserbazioa egoera kritikoan dago, eta horrelako jardunek haren desagerpena bizkortu besterik ez dute egiten.