- Gainera, efizientzia handiko berokuntza- eta hozte-sistema horiek ezartzeak lokalei aukera emango die klima-aldaketaren efektuak arintzeko, emisio gutxiko aparatuak direlako.
- Alderdi berdeak berriz ere adierazi nahi du superretxadien inplementazioaren alde dagoela, horrek espazioa askatzea ahalbidetuko lukeelako oinezko zein ostalarientzat, osasun-neurriak betetzea erraztuko duten kanpo-terrazak muntatzeko aukera izan dezaten.
EQUO Berdeak alderdiak proposatzen du Gasteizko ostalaritzarentzat laguntza-lerro batzuk finkatzea, helburu bikoitz batekin: 1) jarduerari eustea osasun-neurriak betez, eta 2) ostalaritzako lokalen energia-fakturaren murrizketa sustatzea, bero-ponpetan oinarritutako berokuntza- eta hozte-sistemak instalatuz. “Beharrezkoa da sektoreak egoera baliatzea aldaketa jakin batzuk inplementatzeko, bizirik irauteko eta enpleguari eusteko probabilitateak handitzeaz gainera, legeek eskatutako klima- eta jasangarritasun-estandarrekin bat egingo dutenak”, alderdi berdetik adierazten dutenez.
Proposamen hori aurrera eramateko, EQUO Berdeak alderdiak proposatzen du, batetik, superretxadiak inplementatzea, ostalaritzako lokalek terrazak ezartzeko aukera izan dezaten une honetan errepideak edo ibilgailuen aparkaleku-zerrendek hartutako espazioan. Alderdi ekologistak lehenago ere iragarri zuen neurri horrek aukera emango du espaloiak oinezkoentzat askatzeko, trafikoa arintzeko, eta hiriko auzoetako osasun-estandarrak nabarmen igotzeko, soinuari zein airearen kalitateari dagokienez.
Bigarren puntuari dagokionez, energia-faktura murrizteko, eta, horren ondorioz, gas kutsatzaileen emisio gutxiago aireratzeko, EQUO Berdeak alderdiak bat egiten du AFI kontsultoretzaren “El clima y la sostenibilidad en las políticas de recuperación frente a la pandemia” txostenean proposatutako neurriekin, nolabait honela laburbil ditzakegunak:
- Laguntza publikoak eskuratzeko aukera, energia-efizientzia hobetzeko inbertsio-konpromisoen baldintzapean jartzea, berokuntza- eta hozte-sistema modernoen bitartez, efizientzia handiko bero-ponpak adibidez.
- Lokalak klima-aldaketaren efektuetara fisikoki egokitzeko planak, azpiegitura eta sistemen erresilientzia hobetzeko.
- Laguntza publikoak eskuratzeko aukera, birkarga-puntuak instalatzeko konpromisoen baldintzapean jartzea, bezero eta banaketa-flotentzat eskuragarri egongo direnak.
Lehen atalean aipatutako bero-ponpak makina termikoak dira, hoztea, berokuntza eta ur bero sanitarioa oso modu efizientean ahalbidetzen dutenak, urte-sasoia eta instalazioaren tokiaren ezaugarriak edozein izanik ere. Sistema horrek ingurumena errespetatzen du, iturri naturalen energia erabiltzen dutelako: airea, lurra edo ura. “Pandemiak inflexio-puntu bat suposatu behar du, benetako Green Capital bat izateko bidean aurrera egin dezagun. Administrazioek toki-ekonomia bultzatu behar dute, baina, jarduera errazteko neurriak hartzeaz gainera, beharrezkoa da lokalei laguntzea legeak eskatutako inbertsioak egin ditzaten, horri esker oso posizio lehiakorrean kokatzeko aukera izango dutelako, jarduera eta enplegu gehiago sortuz”, alderdi berdekoek diotenez.
Zenbait administraziok laguntza-lerro batzuk jarri dituzte abian, esaterako, Gasteizko Udalak, 62.000 euroko lerroa 125.000 eurora handitu du, pandemiaren ondorioei erantzuteko, baina hori ez da nahikoa izan krisiak izugarri kaltetu duen sektore horrek egun dauzkan premiak betetzeko, areago kontuan hartzen badugu BPGaren hirugarren uzkurdura jarraian erregistratu duela, industriaren eta gainerako zerbitzuen atzetik. Gainera, etorkizun argi bat eduki ezean, laguntza horiek ez dira baliagarri izango benetako Green Capital bateranzko trantsizioa ahalbidetzeko bidean.