Mugikortasun Jasangarriaren Legea aldatzea proposatzen dio EQUO Berdeak alderdiak PSEri, euskal herritar guztien mugikortasunerako eskubidea barnean hartzeko

  • Gainera, alderdi berdeak Garraioetako sailburu berri Iñaki Arriolari eskatzen dio arau horretan bil ditzala udalek arlo horretan duten gastua arintzea ahalbidetuko duten udal-garraio publikoa finantzatzeko mekanismoak

Euskadiko Alderdi Berdeak, Mugikortasunaren Europako Astearen harira, Herri Lan, Garraio eta Etxebizitzako sailburu berri Iñaki Arriola sozialistari eskatzen dio “anbizioz” joka dezala eta bere lankidetza eskaintzen dio EAJren Mugikortasun Jasangarriaren Legearen inguruko proiektua aldatzeko, herritarren mugikortasun unibertsalerako eskubidea eta udal-garraio publikorako finantzaketa-tresnak barnean har ditzan.

Alderdi berdearen ustez, mugikortasunerako eskubidea lehen mailako premia da, osasunerako eta hezkuntzarako sarbide unibertsala bezala, eta, haatik, Euskadin ez dago bermatuta. Eskubide hori indarreko legerian sartzeak mugikortasun-sistema integral jakin bat ziurtatzea ahalbidetuko luke euskal biztanle guztientzat, kalitatezkoa, irisgarria eta euskal erkidegoko pertsona guztiei benetan bidaiatzea ahalbidetuko diena, berdintasuneko eta jasangarritasuneko baldintzetan, diskriminaziorik gabe pertsonaren bizilekuarengatik, ezaugarri psikofisikoengatik edo errentarengatik.

“EAJ erakundeetan sustatzen ari den mugikortasun-sistema ez da osasungarria, eta ez da, ez sozialki inklusiboa, ez energetikoki jasangarria, ez ekologikoa, ez efizientea. Alderdi Sozialistak mugikortasun-arloko dinamika kontinuista hori eteteko aukera du, eta anbizio askoz ere handiagoz joka dezake aurreko legegintzaldian heredatutako Mugikortasun Jasangarriaren Legeari dagokionez, praktikan Euskadin txartel bakarra sustatzera mugatzen baitzen”, alderdi berdeko kobozeramaile Joserra Becerrak adierazi duenez.

Bestalde, EQUO Berdeak alderdiak uste du beharrezkoa dela arau horretan zenbait finantzaketa-mekanismo biltzea, Euskadin dauden udal-garraio publikoko sistemak ordaintzea ahalbidetuko dutenak, udalek arlo horretan duten gastua arinduz. Estatuko Aurrekontuetatik datorren konpentsazioko diru-kopururik jasotzen ez duten Estatuko hiri bakarrak dira euskal hiriburuak, Kontzertu Ekonomikoa dela-eta, horren ondorioz Tuvisa eta antzeko enpresak finantza-kolapsoaren zorian jarriz, Covidak larriagotzen duen egoeraren barruan.

“Udalek biltzen dituzten zergak ez dira nahikoak prestazio hori ordaintzeko. Ustiapeneko emaitza-kontuetako defizitak zerbitzuaren prezioan edo kalitatean jasanaraztea eragiten du horrek, murrizketen, azpikontratazioen, esternalizazioen edota pribatizazioen bidez. Udal-baliabideak ez badira nahikoak, udalak tarifa garestiagoak ezarri behar ditu edo zerbitzuaren kalitatea murriztu”, azpimarratu du Becerrak.

EQUO Berdeak taldearen ustez etorkizuneko Mugikortasun Jasangarriaren Legeak, gainera, mugikortasun aktibo ez-motorizatuari –oinezkoari eta bizikletari– eman beharko lioke lehentasuna, kontuan izanda Euskadik gaur egun duen lurraldearen plangintzarekin –autoari eta pertsonei eskainitako guneen arteko desproportzio nabariarekin diseinatutako herriekin– oraindik ere zaila dela hiri-ingurunetan oinez edo bizikletaz mugitzea, edo ibilgailu pribaturik gabe herrien arteko bidaiarik egitea.

Ildo horretan, alderdi berdeak zerga-pizgarriak proposatzen ditu ibilgailu pribatuen parkea murrizteko eta uste du Eusko Jaurlaritzak garraio publiko motorizatu guztia 2030. urtean 100 % elektrikoa izan dadin lan egin behar duela. Era berean, Renove Plan bat behar da ibilgailu motordun pribatuak txatar bihurtzea diruz laguntzeko, bizikleta erostea hobaritzearen edota 5 urtez garraio publikoaren erabilera hobaritzearen truke.