EQUO Berdeak-ek gehiago kutsatzen duten sektoreak zergapetzea proposatu du, osasun publikoa indartzeko eta gaixotasunen prebentzioan inbertitzeko

  • Pandemiaren gorakada posibleen aurrean, alderdi berdeak Osakidetza indartzea proposatu du, Eusko Jaurlaritzak osasun pribatuko zerbitzuak kanporatzeko bideratzen dituen 300 milioi euroekin, gehien kutsatzen duten sektoreei zerga bat ezarriz.
  • “Orain gaixotasunen prebentzioan eta gure osasun sistema publikoaren prestakuntzan jarri behar dugu arreta, ez berriro berandu denean, pandemiaren gorakada posibleen aurrean. Ziurtatu ditzagun beharrezko azpiegiturak, osasun-langile guztientzako lan-baldintza duinak eta ingurune osasungarria “, Joserra Becerra.

Gaur, Arabako Unibertsitate Ospitalearen aurrean egindako ekitaldi batean, EQUO Berdeak-ek adierazi du osasun publikoaren finantzaketa ekitatez eta kohesioz handitu behar dela, eta osasun-sistema publikoa babestu behar dela pribatizazioaren eta zerbitzuak osasun pribatura kanporatzearen aurrean. Ildo horretan, Eusko Jaurlaritzak osasun pribatura bideratzen dituen 300 milioi euroak osasun sistema publikora desbideratzea proposatu du alderdi berdeak. Birbideratze horri esker, Osakidetzako plantilla indartu ahal izango litzateke 2020 eta 2021 urte osoan, pandemiaren gorakada posibleei aurrea hartu ahal izango litzaieke eta ohiko osasun-arretaren erritmoa berreskuratu ahal izango litzateke; hala, itxarote-zerrendak murriztu ahal izango lirateke ebakuntza kirurgikoen esparruan, gutxienez.

Gainera, EQUO Berdeak-ek uste du beharrezkoa dela ospitale-sare publikoa indartzea, ospitale-azpiegiturak eta ohe erabilgarriak areagotuz, batez ere egonaldi luze eta ertainekoak. “Osasun azpiegitura batzuk ez dira nahikoa izan epidemiari erantzuteko, eta, beraz, errealitate hori ebaluatu eta baliabide horiek birdimentsionatu egin beharko dira, gaixotasunaren gorakadari begira. Horretarako, ospitalez kanpoko laguntza espezializaturako plan estrategiko bat egin behar da, osasun arloko erronka berrietara egokitzeko”, adierazi du Jose Ramon Becerra lehendakarigaiak.

Bestalde, Euskadiko alderdi berdearen ustez, guztiz beharrezkoa da osasuna prebentzio-medikuntzara bideratzea, gaixotasuna prebenitzeko estrategiak optimizatzeko eta diagnostiko goiztiarra eta tratamendua errazteko. Konbentzimendu horretatik, EQUO Berdeak-ek gehien kutsatzen duten sektoreei zerga bat ezartzea defendatzen du, disuasio-neurri gisa, pertsonen osasunerako hain kaltegarriak diren eta arnas infekzioak, bihotzeko gaixotasunak, garuneko hodietako istripuak eta biriketako minbizia izateko arriskua areagotzen duten praktika horiek murriztu ditzaten. Aldi berean, 2020-2030 Euskal Osasun Plan berriak hiri-ingurune osasungarriak eta airearen kalitate hobea bermatzeko neurri gehigarriak jasotzea proposatu dute.

“Orain gaixotasunen prebentzioan eta gure osasun sistema publikoaren prestakuntzan jarri behar dugu arreta, pandemiaren gorakada posibleen aurrean, ez berriro berandu denean. Beharrezkoak diren azpiegiturak, osasun langile guztientzako lan baldintza duinak eta ingurune osasungarria ziurtatu ditzagun”, adierazi du Becerrak.