- Alderdi berdeak uste du presoak euskal espetxeetara hurbiltzea ez dela soilik “egungo pandemia-egoeraren” ondorioz gertatu behar, baizik eta egungo egoerak presoen familiei eragiten dien sufrimendu bidegabea desagerrarazteko
- “Oraindik garaiz gaude” manifestuaren argitalpenaren 40. urteurrena betetzen den honetan, zeinean euskal kulturaren 33 pertsona ospetsuk indarkeriaren erabilera baztertzen baitzuten, EQUO Berdeak alderdiak aldarrikatzen du egoitza politikoei egindako erasoak kondenatzea “ezinbesteko” exijentzia etikoa dela askatasuna eta bizikidetza demokratikoa defendatzen dutenentzat
Eusko Jaurlaritzak gobernu zentralari gaur egun Espainiako hainbat espetxetan banatutako 330 euskal preso inguru –200 baino gehiago, ETAko presoak– Euskadira hurbiltzeko eskatuz egindako idazki bidezko eskaeraren iragarpena dela-eta, EQUO Berdeak taldeak uste du euskal espetxeetarako hurbiltze hori lehenbailehen gauzatu beharreko “exijentzia etiko eta juridikoa dela”, pertsona horien familiek gainean daramaten sufrimendu bidegabea desagerrarazteko.
Alderdi berdearen iritziz ez da egokia “pandemiako edo pandemia ondoko testuinguru” bat baliatzea –Eusko Jaularitzak Barne Ministerioari argumentatu dion bezala– hurbiltze hori eskatzeko eta, aitzitik, lekualdatze hori “baldintzarik gabe eta denbora-epe albait lasterrenean” egin beharko litzateke.
Presoen senitartekoen pairamena konfinamenduak iraun duen aste hauetan bisiten eta kanpoaldearekin izaten diren komunikazioen debekuarekin areagotu dela egia bada ere, eta espetxeetan izaten ari den egungo deseskalatze-prozesuak isolamendu hori arinduko duela ere kontuan izanda, Euskaditik kanpo espetxeratutako euskal presoen kasuan ez du funtsezko hobekuntzarik eragingo, probintzien artean mugitzeko murrizketek senitartekoen eta hurbilekoen bisitak eragotziko baitituzte.
Edozein kasutan ere, alderdi berdeak uste du Eusko Jaurlaritzak egindako eskaera aurrerapauso bat dela Jonan Fernandezek urtarrilean iragarritako hurbiltze-planarekin alderatuta, ETAko presoen lekualdatzea soilik biltzen baitzen plan horretan.
Bestalde, EQUO Berdeak taldeak maiatzaren 27 honetan “33en manifestua” deitutako dokumentuaren indarraldia aldarrikatzen du, hau da, 1980an euskal kulturaren 33 pertsona famatuk indarkeria arbuiatzeko eta deslegitimatzeko sinatutako dokumentuarena, pertsonaia horien artean Barandiaran, Mitxelena, Caro Baroja, Chillida, Lete, Recalde, Celaya, Ibarrola, Estornes, Lekuona, Basterretxea edo Castells zeudelarik, garrantzi handiko beste hainbaten artean.
Manifestu hori argitaratu eta berrogei urte geroago zenbait alderdi politikoren egoitzek eta Idoia Mendiaren etxeak jasandako erasoak direla-eta, egoitza politikoei egindako erasoak kondenatzea “ezinbesteko” exijentzia etikoa da askatasuna eta bizikidetza demokratikoa defendatzen dutenentzat. “Indarkeria arbuiatzea ez da inbokazio platonikoetara mugatu behar.
Praktikan zera esan nahi du, uko egiten zaiola edozein testu edo ekintza babesteari edo onartzeari zeinean gertakari jakin batzuk justifikatzen diren edo haien apologia egiten den indarkeria fisikoa nahiago izanik arazoen konponbidea bilatzeko beste edozein metodo arrazoizko edo baketsu baino”, EQUO Berdeak alderdiko kobozeramaile Jose Ramon Becerrak adierazi duenez.
Ildo horretan, EQUO Berdeak alderdiak uztailaren 12ko hauteskundeetan aurkezten diren kandidatura politikoei deia egiten die “ekintzekin eta baita hitzekin ere” erakutsi dezaten beren konpromiso argi eta garbia indarkeriaren deslegitimazio sozial eta politikoarekin.