- Alderdi berdearen ustez, maskarillak erosteko hileko kostua handiegia da familia askorentzat, eta horregatik eskatzen du euskal osasun-sistemak osasun-txartelaren bitartez finantzatutako medikamentuen katalogoan sartzea
- EQUO Berdeak alderdiak Kontsumobideri eskatzen dio askoz ere gehiago inplika dadila maskarillen prezioak eta kalitatea kontrolatzeko
- Alderdi ekologista oso kezkatuta azaldu da maskarillen erabilera hedatu izanaren ondorioz sortutako hondakinak direla-eta, eta Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio enpresa eta familien eskura laguntza jakin batzuk jar ditzala, berrerabilera eta birziklatzea sustatzeko
BOEn gaur argitaratu denez, sei urtetik gorakoentzat gaurtik aurrera nahitaezkoa izango da maskarilla erabiltzea toki itxietan eta kalean, eta horrek kostu erantsi handi bat suposatuko du familientzat. Horren aurrean, EQUO Berdeak alderdiak Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio maskarillak bil ditzala euskal osasun-sistemak osasun-txartelaren bitartez finantzatutako produktuen katalogoan, eta neurri berezi osagarriren bat ere har dezala, babesak erosteko moduan ez dauden kolektibo kalteberentzat.
Egungo prezioen arabera, lau kideko familia batek 115 euro gastatu beharko ditu, hilean, maskarillak erosteko, gutxi gorabehera. Horrenbestez, EQUO Berdeak alderdiak uste du hileko kostu horrek gainditu egiten duela familia askoren gastatzeko ahalmena. “Neurri horren aplikazioak berekin ekarriko du, kasu askotan, familia askok hautatu egin beharko dutela, mugikortasuna murriztearen, behin erabiltzekoak diren maskarillak berrerabiliz beren osasuna kolokan jartzearen, edo eguneroko bizitzako oinarrizko beste gastu batzuetarako murriztearen artean” azpimarratu du José Ramón Becerrak, EQUO Berdeak alderdiko kobozeramailea eta lehendakaria izateko hautagaia denak. Gainera, Eusko Jaurlaritzak iragarri du enpresei 500.000 eurotik gorako laguntzak emango dizkiela zuzeneko diru-laguntzetan, mota guztietako maskarillak egiteko, baina ez du inolako neurririk iragarri familiei maskarilla horiek erosten laguntzeko.
Bestetik, EQUO Berdeak alderdiak Kontsumobideri eskatzen dio orain artean baino askoz ere zorrotzago ibili behar duela Euskadin merkaturatutako maskarillen prezioak eta kalitatea kontrolatzeko lanetan, kontsumitzaileen eskubideak babes daitezela bermatzeko.
Azkenik, EQUO Berdeak alderdia oso kezkatuta agertu da behin erabiltzeko maskarillekin sortutako hondakinak ikusirik, eta gizarteari eta gobernuei eskatzen die horren gaineko sakoneko gogoeta egin dezatela. Horregatik, Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio enpresetarako diru-laguntzak berrerabiltzeko maskarillen fabrikazioarekin lotzeko, edo, gutxienez, enpresa fabrikatzaileek beren gain har dezatela bilketa eta birziklatzeko sistemak finantzatzea, Sasietako mankomunitateak indarrean jarri duen pixoihalak biltzeko sistemaren antzera. Horrez gain, alderdi berdeak iradokitzen du berrerabiltzeko maskarillen erosketa neurri handiagoan finantzatu beharko litzatekeela behin erabiltzeko maskarillen erosketa baino.