- Alderdi berdeak berretsi du ospitaleetako, zentro soziosanitarioetako, garbiketako eta farmazietako langileentzat ez dagoela norbera babesteko ekipamendurik, eta ez zaiela test masiborik egiten biztanleei, ezta sintomak dituzten pertsonei ere
- Becerrak “aurrea hartzeko” eskatu dio Osasun Sailari, konfinamenduak herritarrengan, batez ere haurrengan, nerabeengan eta adinekoengan, izango dituen ondorio fisiko eta psikologikoen aurrean
EQUO Berdeak alderdiak Iñigo Urkullu lehendakariari leporatu dio Diputazio Iraunkorraren saio telematikoan egindako agerraldian erakutsitako autokonplazentzia, Euskadi oraindik krisiaren zatirik txarrena igarotzen ari den honetan.
Alderdi berdearen ustez, lehendakariak Euskadin COVI-19k sortutako osasun- eta gizarte-krisiaren diagnostiko osatugabea egin zuen, eta ez zituen kontuan hartu azken egunotan hainbat sektoretatik aipatu diren gabezia eta arazo guztiak.
Alderdi berdeak berretsi du ospitaleetako, zentro soziosanitarioetako, garbiketa-zentroetako, anbulantzietako edo farmazietako langileentzat NBEk falta direla oraindik; sintomak dituzten pertsona guztien artean testik egin gabe jarraitzen dute, eta egoitzetan kasu positibo larrien saturazio-maila mantentzen da. Izan ere, norbera babesteko ekipamenduen kasuan, Eusko Jaurlaritzak erantzunik eman ez duenez, salaketa penalak erregistratu ditu Satse Erizainen Sindikatuak, adineko pertsonen egoitzetan lan egiten duten langileek LABen bidez, edo Osakidetzako osasun-langileek ELAren bidez.
“Baztertutako laguntzagatik eta agenda oso estua izateagatik bularra atera beharrean, Eusko Jaurlaritzak beste instantzia batzuetatik hartzen diren neurrien atzetik joateari utzi behar dio, oinarrizko sektoreetako langileentzako banakako babes-ekipamenduen hornidura lehenbailehen ziurtatuz eta herritarrei testak masiboki egiten hasiz, sintomak dituzten pertsonengandik hasita”, planteatu du EQUO Berdeak alderdiko bozeramailea den Jose Ramon Becerrak.
Bestalde, mugikortasunerako murrizketak hasi eta laugarren astean murgilduta, EQUO Berdeak alderdiak beharrezkoa ikusten du azterlan bat egitea konfinamenduak euskal gizarteari eragin diezazkiokeen ondorio fisiko eta psikologikoei aurrea hartzeko, bereziki, haurtzaroari, nerabezaroari eta adinekoei. Hori dela eta, ondorio horiek aztertzen hasteko eskatu dio Osasun Sailari, eraginkortasun eta aukera handiagoarekin ekiteko.
Puntu horretan, alderdi berdea haurrengan gelditzen da bereziki; adituen arabera, talde horrek aire zabalean jarduera fisiko bizia egiteko bi ordu behar ditu gutxienez, eta, neurri handi batean, jarduera hori da haien egonkortasun emozionalaren oinarria. EQUO Berdeak-en arabera, haurrak izan beharko lirateke konfinamendua malgutzeko lehen neurrien onuradun izan daitezkeen kolektiboetako bat.
Adikzioei dagokienez, EQUO Berdeak-en ustez ulertezina da orain arte Gobernuak online jokoarekin eta apustuekin lotutako iragarkiak debekatu ez izana, konfinamenduaren ondorioz telebistari eta gailu elektronikoei eskainitako denbora handitu egin baita, eta, horren ondorioz, mendekotasuna duten edo izateko bidean dauden gazteen kopuruak gora egin baitu.