- Jose Ramon Becerra bozeramailekide eta lehendakarigaia: “Aurrekontuak Eusko Jaurlaritzarekin berriro adosteko prest gaude, orain koronavirusaren errealitate berrira egokitzeko”.
- Alderdi berdeak planteatzen du bankuei eta enpresa handiei ekarpen solidarioa eskatzea, murrizketa sozialak saihesteko, Larrialdietarako Oinarrizko Errenta bat onartzeko eta, Marshall Berdea planaren itxuran, berreraikitze inbertsioak egiteko.
Pedro Azpiazu, Eusko Jaurlaritzako Ogasun sailburuak, gastu publikoa berbideratzeko “doikuntzak” eta “berregituraketak” egiteko beharrari buruz atzo egindako iragarpenaren aurrean, EQUO Berdeak-ek uste du “akatsa” litzatekeela murrizketak egiteari ekitea, eta Jaurlaritzarekin aurrekontuak “berriro” adosteko prest dagoela adierazi du, koronabirusak eragindako egungo egoera ekonomiko eta sozialera egokitzeko.
Euskadiko alderdi berdea, negoziazioetan aktiboki parte hartu zuena Jose Ramon Becerra legebiltzarkidearen bidez, Urkulluren gobernuarekin abenduan lortutako akordioan aurrekontuetako bazkide izan zen. Orain eskua luzatzen du berriro ere euskal aurrekontuak erreformatzeko eta Larrialdietarako Oinarrizko Errenta bat eta beharrezko berreraikitze neurriak sartzeko.
EQUO Berdeak-ek ohartarazi du murrizketa sozialak errefusatuko dituela eta bankuen eta enpresa handien ekarpen solidarioa eskatuko duela. “Bankuen eta enpresa handien aparteko ekarpena proposatzen dugu elkartasun zerga berezi baten bidez, gure gizarte kohesioa zainduz egiten badugu bakarrik aterako garelako aurrera arrakastaz. Horretarako, uneotan ekarpenak egiteko gaitasun handiena dutenen elkartasuna behar dugu”, azpimarratu du Jose Ramon Becerrak, Euskadiko Alderdi Berdeko bozeramaile eta lehendakarigaiak.
Gizarte-politikei dagokienez, EQUO Berdeak alderdiak azpimarratu du politika horiek indartu behar direla. Ildo horretan, Larrialdietarako Oinarrizko Errenta bat martxan jartzea proposatzen dute, EAJk berriki Gobernu Zentralari eskatutako errenta iragankorretik haratago doan formula bat, eta Europako Banku Zentrala bezalako erakundeetatik planteatutako proposamenen ildotik. Horrela, ekidin egingo da ezartzen ari diren osasun- eta ekonomia-neurriek lehendik dauden gizarte-desberdintasunetan sakontzea. “Euskadin pertsona guztiek bizitza duina ahalbidetuko dien gutxieneko errenta aseguratuta izatea lortu behar dugu”, adierazi du Becerrak. Helburu hori lortzeko, EQUO Berdeak-en ustez, ezinbestekoa da, diru-sarrerak bermatzeko, errenta jasotzeko baldintzak malgutzea, eta estaldura handiagoa izan dezaten zaintzaileek, etxeko langileek eta alokairua ordaintzeko zailtasunak dituzten banakako errentariek, eta krisialdi honetan zaurgarritasun-egoeran egon daitekeen beste edozein kolektibori ere zabaltzea. Neurri horrek “de facto” ekarriko luke egungo DSBEak beharrezko Larrialdietarako Oinarrizko Errenta horri bide ematea.
Bestalde, Euskadiko alderdi berdearentzat lehentasunezkoa izango da, behin osasun-larrialdiko fasea gaindituta, inbertsio handi bat adostea, ekonomia suspertzeko “Marshall Berde Plan” gisa. Bizitzari eusteko funtsezkotzat jo diren eta etorkizuneko krisien aurrean gizarte erresilienteagoa izatea ahalbidetuko duten sektoreetan zentratu beharko da: zainketen ekonomian eta ekonomia berdean.