EQUO Berdeak-ek euskal erakundeei eskatu die egoitzetan eta Bakarrik bizi diren adinekoen artean prebentzio neurriak zorrozteko 

2020ko martxoaren 24a

  • Alderdi berdeak beharrezkotzat jo du Euskadiko egoitza guztietan premiazko ikuskaritza egitea, haien egoera aztertzeko eta etorkizunean gainezka egon daitezken zentroak aurreikusteko.
  • Udaletako gizarte zerbitzuak bakarrik bizi diren adineko guztiekin harremanetan jartzea eskatu du, haien osasun egoera ezagutzeko eta etxez etxeko laguntza behar duten jakiteko.

EQUO Berdeak-ek dei egin die erakundeei lehenbailehen adineko pertsonen “zainketa krisia”  lotu dezaten, hauek gizartearen eta osasunaren aldetik ahulenak baitira. Covid-19ren hedapenak agerian uzten ditu egungo gizarte-babeseko sistemaren mugak, eta zailtasun eta arrisku ugari sortzen ditu kolektibo horren arreta-, laguntza- eta zaintza-sisteman. Gabeziak ez dira adinekoen egoitzetan bakarrik azaltzen, baita, bereziki, etxe partikularretan bizi diren eta arretarik eza edo abandonua jasan dezaketen pertsonen zaintzan ere.

Beste erkidego batzuetako egoitza-zentroetan gertatutakoak bezalako egoera dramatiko eta onartezinak saihesteko, alderdi berdeak beharrezkotzat jotzen du euskal erakundeek hainbat ekintza atzerapenik gabe egitea.

Lehenik eta behin, Euskadiko egoitza guztietan premiazko ikuskapena egin dadila eskatzen du EQUO Berdeak alderdiak, haien egoera ebaluatzeko eta etorkizunean gainezka egon daitezken zentroak aurreikusteko. Horrela, garaiz esku hartzea erraztuko da, eta nahi ez diren muturreko kasu horiek saihestuko dira. Alderdi berdearentzat, gainera, gune horiek lehentasuna izan behar dute desinfekzio-lanen banaketan, bai eta NBE eta koronabirus-testen banaketan ere. “Gasteizko eta Irungo egoitzetan egiaztatu den bezala,  hainbat biktima hilez, egoera dramatikoak eragin ditzaketen kutsadura-fokuen detekzio berantiarrak saihestea oso garrantzitsua da, zentro horietan pertsona asko pilatzen direlako eta zaurgarriak direlako. Test azkarrak Euskadira iristen direnean, egoitza-zentro horietako langileek eta bertako egoiliarrek lehentasuna izan beharko lukete horiek jasotzeko”, azpimarratu du EQUO Berdeak alderdiko bozeramailekide eta lehendakarigaiak.

Aldi berean, alderdi berdeak ezinbestekotzat jotzen du udaletako gizarte zerbitzuak bakarrik bizi diren adineko pertsona guztiekin harremanetan jartzea, haien osasun egoeraren berri izateko eta etxez etxeko laguntza behar duten jakiteko. Gainera, udalek aktibo mantendu behar dituzte adinekoentzako edo mendetasun-egoeran daudenentzako etxez etxeko laguntza-zerbitzuak, beti ere kutsaduraren aurkako babes-protokoloak bermatuz, bai zerbitzua ematen duten profesionalenak, bai laguntza jasotzen duten pertsonenak.

EQUO Berdeak-ek txalotu egin ditu herritarren ekimenak, elkartasun-sareetan beren burua antolatzeko eta, horrela, adinekoen zaintza bermatzeko, baina adierazi du toki-erakundeek baliabide nahikorik ez dutenean bakarrik lagundu behar dutela herritarren sare solidario horiek, eta, hala badagokio, jarraibideak ezarri behar dizkietela eta kutsatzeak saihesteko bitartekoak eman behar dizkietela, bai eta ziurtatu ere beren lana egin dezaketela, indarrean dauden mugimenduak murriztu arren.