EQUO Berdeak alderdiak espero du Servini epaileak bertan behera uztea martxoaren 3ko erailketen gaineko inpunitatea

1976ko martxoaren 3an 5 langile hil ziren Gasteizen poliziaren karga baten ondorioz, eta horren 44 urteurrena dela-eta, Óscar Fernández zinegotzia gaur goizean bertaratu da San Frantzisko elizaren aurrean biktima horiek oroitzeko altxatutako monolitora, eta lore-eskaintza bat egin du bertan. Harekin batera, José Ramón Becerra legebiltzarkide ohia eta lehendakaria izateko hautagaia, eta Euskadiko Alderdi Berdeko beste zenbait kide.

EQUO Berdeak espero du Servini epaileak irekitako prozesua baliagarri izatea urtetan sarraski horren gainean izan den inpunitatea bertan behera uzteko, eta triskantzaren eragileak legearen aurrera eramateko. Ildo horretan, euskal alderdiak bat egiten du Martxoak 3 elkartearen errebindikazioekin eta ‘borondate politikoaren’ eskaerarekin, Gasteizko historiako gertaera ilunenetako bat justiziaz itxi dadin. Sarraski horren biktimen memoriaren, duintasunaren eta errekonozimenduaren alde Martxoak 3 elkarteak egindako lana ere goraipatu dute. “Talde horrek egundoko lana egin du, etenik gabe eta hartutako konpromisoari eutsiz, zoritxarreko arratsalde hartako gertaera lazgarriak zabaltzeko, eta horregatik ez balitz, litekeena da Servini epaileak, frankismoan egindako krimenak ikertzen diharduenak, Gasteizi erreparatu ez izana, eta sarraskiaren gaineko hainbat froga eta Rodolfo Martín Villa ministro ohiaren deklarazioa eskatu ez izana ”, Óscar Fernándezek azpimarratu duenez.

EQUO Berdeak alderdiak herritarrei dei egiten die martxoaren 3 honetan programatutako ekitaldietan parte har dezaten, esaterako, arratsaldean eraildakoak gogora ekartzeko antolatutako manifestazioan, eta, ondoren, San Frantzisko elizaren aurrean biktima horien oroimenez altxatutako monolitoan egingo zaien omenaldian. “Gertaera lazgarri horiek gogora ekartzeak, memoria eta errekonozimendua eraikitzeko ez ezik, langile haiek lan- eta gizarte-eskubideen alde egindako borrokaren eredua aintzat hartzeko balio digu, eskubide horiek guztiak kolokan dauden honetan. Zeregin horretan ahaleginak bikoiztu behar ditugu, demokrazian sakontzeko eta Ongizate Estatua defendatzeko gure printzipioei jarraikiz”, erantsi du José Ramón Becerrak