Jose Ramón Becerrak Eusko Legebiltzarrean azken legealdian egindako lan handia txalotu du EQUO Berdeak alderdiak

EQUO Berdeak alderdiaren legealdi-balantzea

  • EQUO Berdeak alderdiaren taldeak egindako lana Elkarrekin Podemos legebiltzar-taldeak egindako lanaren guztizkoaren % 20tik gorakoa da, koalizioan soilik % 5eko pisua zuen arren
  • Alderdi berdeak larunbat honetan jakinaraziko du euskal hauteskundeetan parte hartuko duen ala ez, eta parte hartuz gero, Lehendakari izateko hautagaia nor den adieraziko du

EQUO Berdeak oso pozik dago Jose Ramón Becerra legebiltzarkideak azken legealdian Eusko Legebiltzarrean “ondo egindako lanarengatik”, eta horren osagarri gisa, Becerra legebiltzarkideak eta Edurne Baranda juristak osatzen zuten ekipo berdeak Elkarrekin Podemos legebiltzar-taldean garatutako lana “serioa, konprometitua, zorrotza eta eraginkorra” izan da.

Legealdiak iraun duen hiru urte eta erdian alderdi berdeak 377 ekimen sustatu ditu, hau da, Elkarrekin Podemos taldeak aurkeztutako ekimenen guztizkoaren % 20tik gora, EQUO Berdeak alderdiak aipatu taldean soilik % 5eko kuotarekin parte hartzen zuen arren. Kopuru hori 450etik gorakoa da beste talde batzuen ekimenei aurkeztutako zuzenketak kontuan hartzen badira. Gainera, Eusko Legebiltzarrean 2016ko urritik aurrera izapidetu diren legegintza-ekinbide guztien (lege-proiektuak eta lege-proposamenak) % 35ean lan egin dute.

Legegintza- eta kontrol-arloko zeregin horri Jose Ramón Becerrak urte hauetan izan dituen 300 bilera baino gehiago eta batzorde, osoko bilkura eta Jaurlaritzaren kontrolerako saioetan izandako 400 mintzaldi baino gehiago batu behar zaizkio.

Horren guztiaren ondorioz Becerra legebiltzarkidea aldiaren amaieran Eusko Legebiltzar osoan jarduera mailarik handiena izan duen laugarren legebiltzarkidea da, aurretik Carmelo Barrio (PP), Rebeka Ubera (EH Bildu) eta Mª Carmen López de Ocáriz (PP) bakarrik dituelarik.

Datu horiek ikusita, EQUO Berdeak alderdiak atsekabez hartu du Elkarrekin Podemos koalizioaren parte izaten jarraitzeko aukerarik eman ez izana. “Podemosek estatu mailak inposatutako betoek Elkarrekin Podemosi kalte egiten diote, baina batez ere euskal herritarrei”, adierazi du Jose Ramón Becerrak, “gizarteak entzun egiten dieten, euren arazoei arreta eskaintzen dieten eta irtenbide bat emateko xedez jo eta ke lan egiten duten ordezkariak izan nahi dituelako”.

Hori guztia kontuan izanik, alderdi berdeak larunbat honetan jakinaraziko du euskal hauteskundeetan parte hartuko duen ala ez, eta parte hartuz gero, Lehendakari izateko hautagaia nor den adieraziko du, Jose Ramón Becerra bera erronka horri eusteko prest egonik.

[gview file=”http://euskadi.partidoequo.es/wp-content/uploads/2020/02/Estadísticas-QBerdeak-Parlamento-Vasco-XI-Legislatura-3.pdf”]