Zuzenketen eta onarpenaren azken fasean sartu da Euskadiko Animalien Babeserako eta Ongizaterako Lege berria

  • Elkarrekin Podemosen Lege Proposamena 100 ekarpen baino gehiagorekin aberastu da; erakunde eta kolektibo askok egin dizkiote ekarpenok, ahalik eta kontsentsurik handiena erdiesteko asmoz
  • Hemendik aurrera, zuzenketen fasean sartzen da, eta ekarpen horiek osatu egingo dira talde parlamentarioek eginikoekin.

Elkarrekin Podemosek uztailean erregistraturiko Animalien Babeserako eta Ongizaterako Lege Proposamena eta 1993tik indarrean den legea goitik behera berrikusiko duena baina lege berri gisa tramitatuko dena, dagoeneko azken txanpan dago. Are gehiago, Elkarrekin Podemos ziur dago Eusko Legebiltzarra desegin aurretik onartuko dutela behin betiko legea. Elkarrekin Podemoseko Joserra Becerra legebiltzarkideak dioenez, “espero dugu behin betiko onarpena Legebiltzarra desegin aurretik lortzea”.

“Aurkeztu eta erregistratu aurretik, Elkarrekin Podemos bi urtean jardun da kontsentsu politikoak bila, gatazka alderdikoietatik urruntzeko. Era berean, alor horretan adituak direnek idatzi dute hasierako testua —gehienak animalien babeserako elkarteak—.

Ahalik eta kontsentsurik handiena erdiesteko, eta nahiz eta Lege Proposamena ez dagoen zertan jendaurrean aurkeztu, Elkarrekin Podemosek gizartean kontrastatu nahi izan du, hasierako testua hobetzeko. Fase hori oraindik ez da amaitu, eta, horri esker, zuzenketetan joango diren ehun hobekuntza identifikatu dituzte. Prozesu honetan parte hartu duten kolektibo eta erakundeen artean, nabarmentzekoak dira Eusko Jaurlaritza, Foru Aldundiak, Eudel, Albaitarien Euskal Kontseilua, Bizkaiko Abokatuen eta Prokuradoreen Elkargoko Animalien Eskubideen Batzordeak, PACMA alderdia, Ehizaren Euskal Federazioa eta animalien babeserako elkarte askotarikoak.

Hil honetatik aurrera, Lege Proposamena azken fasean sartuko da, eta, aipaturikoez gain, talde parlamentarioek ere beren ekarpenak egingo dituzte.

Horrekin, Elkarrekin Podemos koalizioak funtsezko ekarpen bat egingo du animalien ongizatearen eta babesaren arloan, eta dagoen araudia egokituko du errealitate juridiko eta sozial berrira. “Lege testu hau onartzean, aurrendaria izango da Espainia mailan animalien ongizateaz denaz bezainbat, eta erreferentziazkoa beste lurralde batzuetarako. Garrantzitsua da lege eskakizun berriak ezartzea eta animalien errespetua eta ongizatea zaintzea, baita abandonua eta tratu txarrak zigortzea ere, azpimarratu du Elkarrekin Podemoseko José Ramón Becerrak.

Lege honekin ezin izan ditugu animalien arloan enplematikoak diren zenbait gorabehera arautu, kontsentsuaren mesedetan, eta araudi honetatik kanpo gelditu dira. Esate baterako, ehiza eta arrantza eta tauromakia; izan ere, legedi propioak dituzte. “Jarraituko dugu animalien babesa alor horietan ere bilatuz, baina lege honetan uko egin behar izan diogu, hain zuzen ere, beste alor batzuetan aurrerapen handiak erdietsi ditugulako; gainerakoan, ezingo zen aurrera egin eta beste lau urtez ganbaran ahaztuta geldituko zen, zeren eta, ez dezagun ahatz, ez zen gobernu honen asmoa animalien babeserako legea aldatzea legealdi honetan”, nabarmendu du Becerrak.

Legearen berritasunak

  Hala, lege honek nabarmentzeko moduko berritasunak dakartza; horien bidez, lege babes eta ongizate handiagoa izango dituzte animaliek, gaur egun gizarteak eskatzen duen bezala:

  1. Zenbait lege definizio gaurkotu dira, hala:  

– Orain, izaki sentiberatzat hartuko dira animaliak, eta hori aurrerapen handia da etikaren eta legeen aldetik.

– “jabea” erabili beharrean “tituluduna” edo “arduraduna” hitzak erabiliko dira, zeren eta animaliak ez dira jabetzak.

– tratu txarrez gain, tratu desegokia ere jasoko du legeak, animalien ezaugarriekin (haren ezaugarri “etologikoekin”) bat ez badator.

  1. Tituludunen edo arduradunen obligazioak ezartzeko, funtsezko printzipio batean oinarrituko da: animaliari haren behar etologikoekin bat datorren tratua ematea zentzu guztietan: elikagaiak, aterpea, garraioa, higienea, albaitari zainketak… Orobat arriskua edo mina, beldurra eta estresa saihestea.
  2. Debeku berriak dakartza:

– Abandonatutako animalien sakrifizioa.

– Sendagarri gisa egiten ez diren ebakuntzak eta mutilazioak.

– Animalia borrokak sustatzea eta antolatzea, orobat portaera oldarkorrak.

– Itxian egon ezin diren animalia espezieak lagun egiteko animalia gisa edukitzea edo haztea.

– Partikularrek arriskutsutzat jotzen diren zakur arrazak haztea edo gurutzatzea.

– Partikularrek elkarri animaliak saltzea aurretik erregistratuta eta identifikatuta ez badaude.

– Ongizatea bermatzeko modua ematen duen araudirik ez dagoen ikuskizunetan animaliak erabiltzea.

– Bide publikoetan animaliak erakustea, zirku ibiltariek kanpoaldean egin ohi duten bezala.

– Animaliak erakusleihoetan jartzea salgai. Txakurkumeen eta katukumeen kasuan, katalogo bidez saldu beharko dira.

  1.   Urraketen larritasuna ezartzeko, animalien sufrimendua hartuko da aintzat: zenbat eta kalte handiagoa, orduan eta larriagoa izango da arau haustea. Gainera, Administrazioak kautelazko neurriak har ditzake tratu txarren egoerak saihesteko edo ez areagotzeko.
  2. Igoera nabarmenak daude isunen zenbatekoetan. 1993ko legeak 300 euro euro ezartzen bazituen arau-hauste arinetan —lehengo 50.000 pezeta— orain 100-3.000 euroko zigorrak izango dituzte arau-hauste horiek. Arau-hauste larrietan berriz: lehen 1.500 euro baziren, orain 3.000-10.000 bitartekoak izango dira. Oso larriak direnean, berriz, 15.000 euro baziren, 100.000 eurokoak ere izan ahalko dira.
  3. Hemendik aurrera, animaliak sartu ahalko dira —higiene baldintza egokietan— garraiobide publiko eta ostalaritzako lokal guztietan, non eta ez duen jabeak espresuki debekatzen.

 

  Gainera, lege berriak berritasun azpimarragarriak dakartza edukia egokitzeko zertara eta herrialderik aurreratuenetako errealitate juridiko berrira:

 

  1. Animalien identifikazioak eta erregistroak lege izaera hartuko du Euskal Herriko Animalien Identifikazio Erregistroan eta, hala, garrantzi handiagoa hartuko du tituludunek berehala aurkitzeko orduan, eta abandonuari aurre hartzeko kontrol handiagoa emango du.
  2. Ezkutuko tratu txarrei aurre hartzeko, betebehar gisa jartzen du animaliaren hilketa erregistroan jakinaraztea.
  3. Hirugarrenek harrera eta adopzioa egiteko protokoloen epeak arinduko dira Abandonua zazpi egunen buruan aitortuko zaio, 15 egunen buruan beharrean. Hala, animaliak harrera etxeetan egoteko egunak murriztuko dira, eta hala baita haien sufrimendua ere.
  4. Saltokiak behin-behineko etxetzat edo aterpetzat hartuko dira, haien segurtasun juridikoan dagoen gabezia estaltzeko.
  5. Gutxieneko baldintza batzuk ezarriko dira animalia hazi eta saltzeko, heziketa etxeetarako edo behin-behineko egonaldietatrako (“hotelak”); orobat, behin-behineko etxe eta aterpeetarako. Guztiek ere, betebehar batzuk izango dituzte animalien ongizatea bermatzeko orduan; hala, Administrazioak eskumena izango du animalien egoitzak miatu eta ixteko animalien sufrimenduan urraketa larriak daudela ikusten badu.
  6. Hiriko animalia-populazioen kudeaketa (“koloniak”) animaliei kalterik edo heriotzarik ez eragiteko moduan arautu da. Jaiotza tasa kontrolatzeko prozedurak ezarriko dira, hilkintzarik gabeko metodoekin.
  7. Animalien Ongizaterako eta Babeserako Erakunde Arteko Kontseilua sortuko da, erkidegoko erakundeak eta administrazioak elkarri lagunduz eta koordinatuta aritzeko animaliak babesteko orduan.
  8. Euskal administrazioek lege berria ezagutarazteko ekintzak egitea aurreikusi da; xedea da animalien abandonuek eta tratu txarrek dakartzaten ondorioez herritarrak informatzea eta sentsibilizatzea eta adopzioa sustatzea.