EQUO Berdeak alderdiak hiriko zuhaitzen kudeaketarako plan integral bat eskatu du Gasteizerako

  • Alderdi berdearen ustez funtsezko tresna da kutsaduraren aurka eta hirian asfaltoa eta hormigoia nagusi diren hainbat gunetan sortzen den bero-uharte efektuaren aurka borrokatzeko.
  • Salatu dute EAJ-PSEren jaurlaritzak zuhaitzak mozten dituela “molestatzen duten ala ez kontuan izanik”, beste inolako ingurumen- edo osasun-irizpiderik gabe.

EQUO Berdeak alderdiak uste du guztiz beharrezkoa dela Gasteizek hiriko zuhaitzen kudeaketarako plan integral bat izatea. Hirian 2003az geroztik ordenantza bat eduki arren, zuhaitzen plangintza, kudeaketa eta babesa helburu izanik, harrigarria da Green Capital batek gainditu gabeko erronka hori izatea. Hiriko zuhaitzak kudeatzeko plana funtsezko tresna da kutsaduraren aurka eta hirian asfaltoa eta hormigoia nagusi diren hainbat gunetan sortzen den bero-uharte efektuaren aurka borrokatzeko.

Alderdi berdearen ustez, EAJ-PSEren gobernuak zuhaitzak moztea erabakitzeko aplikatzen dituen irizpideak bide publikoan zuhaitz bakoitzak zenbat molestatzen duen neurtzera mugatzen dira. “Molestia handia edo txikia den arabera, moztea edo ez moztea erabakitzen da. Ordenantzak helburu bezala ezartzen du Gasteizko zuhaitz-ondarea zaintzea eta zuhaitzak zuzeneko edo zeharkako edozein afektazioren aurka babestea, baina hori sekundarioa da Jaurlaritzarentzat”, diote atsekabez alderdi berdekoek.

EQUO Berdeak alderdiaren ustez publikoki argudiatutako aurretiazko hautespenik gabe egindako mozketa horien hainbat adibide daude. Azkenetako bat El Pilarreko eta Zaramagako zuhaitzen gaineko jardun-plana da, Udalak joan zen udazkenean Ingurumeneko Elkargunera bidali zuena. Dokumentu horrek inguru hartan aurreikusitako hainbat mozketa, inausketa eta landaketa biltzen zituen, eta zuhaitzak kudeatzeko plan pilotu espezifiko bat izan beharko zukeen Zaramaga eta El Pilarrerako, duela hainbat urte Udalak berak egin baitzuen. Dokumentu hori ez dago argitaratuta udalaren webgunean eta herritarrek ez dute ezagutzen.

Jardun horien aurkako gaitzespenen aurrean Urtaranen kabineteak eman duen erantzuna izan da hirian mozten diren zuhaitzak pixkanaka ordezten direla Eraztun Berdean zuhaitzak landatuz. EQUO Berdeak alderdiak ohartarazi du “ezer gutxi” balio duela moztutako zuhaitzak hiriaren ingurabidean landatutako beste batzuekin ordeztea, barnealdea –hirigunea, kaleak, espazio publikoa…– kalitatezko zuhaiztirik gabe utziz. “Zuhaitzek funtsezko zeregina betetzen dute bero-uharte efektuaren aurka eta hiriko kutsatzaileen xurgapenean. Hiri osoan eduki behar ditugu”.

EQUO Berdeak alderdiak gogorarazi du zuhaitzek CO2 xurgatzen dutela (150 kg urtean), eta beraz, oso garrantzitsuak dira hirietan, berotegi efektuko gasen emisio gehienak bertan sortzen baitira. Gainera, zuhaitzak iragazki bikainak dira hiriko kutsatzaileentzako eta partikula finetarako. Gas kutsatzaileak xurgatzen dituzte, adibidez karbono-monoxidoa, nitrogeno-oxidoak, ozonoa eta sulfuro-oxidoak. Beste partikula finak ere xurgatzen dituzte, adibidez hautsa, zikinkeria edo aireko kea, hostoetan eta azalean harrapatuz. Hurbiltzen den testuinguru klimatikoan duen beste onura garrantzitsuenetako bat da airea 2 eta 8 gradu bitartean hozten laguntzen dutela, horrela hiriko “bero-uhartea” efektua murriztuz. Pertsonen osasunari eta ongizateari ere mesede egiten diete. Ikerketek frogatu dute hiriko berdeguneetatik hurbil bizitzeak eta horietarako sarbidea izateak osasun fisikoa eta mentala hobetu dezakeela, adibidez tentsio arterial altua eta estresa murriztuz.

EQUO Berdeak alderdiaren ustez hori guztia kontuan izan beharko litzateke eskatzen duten hiriko zuhaitzak kudeatzeko plan integrala diseinatzeko garaian.