EQUO Berdeak alderdiak primarioen prozesua hasi du, bere koordinazio-organo gorena eta bere kobozeramailetza paritarioa berritzeko

  • Alderdi berdea eratu zenez geroztik lehen aldiz, emakumeak gehiengoa dira organo horretako kide izan nahi dutenen artean

Euskadiko Mahaia —Euskadiko alderdi berdearen koordinazio-organo gorena— eta kobozeramailetza paritarioa berritzeko helburuarekin, EQUO Berdeak alderdiak primarioen prozesua hasi du, eta otsailaren hasieran izango dugu prozesu horren behin betiko emaitzen berri. Hautagaiek astebeteko epea dute afiliatuen aurrean aurkezteko, kanpaina 13an hasi delako, astelehenean, eta urtarrilaren 19ra arte luzatuko delako. Ondoren botazioak egingo dira, 20tik 24ra bitarte. Behin-behineko emaitzak 25ean jakingo dira, eta behin betikoak, berriz, otsailaren 2an.

Hautagaien zerrendaren berri izan ondoren, alderdi berdeak berretsi du emakumeak gehiengoa direla Euskadiko Mahaiko kide izan nahi dutenen artean. Euskal alderdia eratu zenez geroztik lehen aldiz, emakume hautagaiak gehiago dira kopuruan, gizonak baino.

“Gure alderdia feminista da, eta politikaren feminizazioaren aldeko konpromisoa hartu du. Horregatik, oso pozik gaude emakume hautagai horiek guztiek urrats hori egin dutelako. Espero dugu norabide horretan jarraitzea, eta, horretarako ahaleginean jarraituko dugu, buru-belarri lanean. Behar-beharrezkoa da beste lidergo- eta kudeaketa-eredu batzuk lortzea, errealitate sozial berrietara egokituak, eta emakumeak ezinbesteko aktoreak dira ildo horretan”, Erika Martínez egungo kobozeramaileak nabarmendu duenez.

Martínezek karguan jarraitzeko asmoa adierazi du, eta, harekin batera, honako hauek aurkeztu dira: Vanessa Sarah Salvo, Gipuzkoako batzarreko kidea; Ana Mª De Benito Sanz, prestakuntzaz biologoa eta Zarauzko zinegotzia aurreko legegintzaldian; Oroitz Aguirre, Euskadiko ordezkaria EQUOren Mahai Federalean; Stella García Ardiles, Nazioarteko Migrazioetan aditua eta azken Koordinazio Mahaiko kidea; Aurelio González Somavilla, komertziala, prestakuntzaz filosofoa eta azken Koordinazio Mahaiko kidea; Jon Ruiz de Infante, prestakuntzaz biologoa eta aholkulari politikoa Gasteizko udalean; eta José Ramón Becerra, EQUO Berdeak alderdiko legebiltzarkidea Elkarrekin Podemosen, Euskadiko Mahaiko kidea ez ezik, kobozeramailea ere izan nahi duena.

Botazioetarako aintzat hartuko dira EQUO Berdeak alderdiaren Batzarrak onartutako Erregelamendua, EQUOren Hauteskunde Erregelamendua eta indarreko Estatutuak, eta Botazioen Batzorde Federalak ikuskatuko du prozesua.

Hautatuko den Koordinazio Mahaiak Euskadiko alderdi berdea gidatuko du datozen 2 urteetan. Aldi horretan, Eusko Legebiltzarrerako hurrengo hauteskundeak egingo dira, eta alderdiaren helburua izango da Euskadin espazio politiko berdea ausardiaz betetzea.