Bilboko Udalari indarkeria matxistaren biktimentzako eskolta-protokoloari buruz galdetu diogu

  • Elkarrekin Podemos koalizioak Udalaren Segurtasun Sailak gauzatutako protokoloa zalantzan jartzen du, indarkeria matxistako biktimak uniformez jantzitako udaltzainek eskoltatzen dituztelako

Elkarrekin Podemosek Segurtasun Sailari zuzendutako hainbat galdera erregistratu ditu, indarkeria matxistaren biktimen eskolta uniformez jantzitako udaltzainekin zergatik egiten den jakiteko, eta Segurtasun Ituna sinatu duten alderdiei protokolo horri buruz zergatik ez zaien kontsultarik egin jakiteko. Gainera, galdetu dute Udaleko Berdintasun Sailari protokoloari buruzko kontsulta egin al zaion, eta eskatu dute horrelako neurriei buruzko kontsulta egitea Arartekoari edota indarkeria matxistan adituak diren erakundeei, adibidez Emakunderi.

Horrelako jardunek emakumearen birbiktimizazioa eragiten dute, Segurtasun Ituna ez dute betetzen eta emakumeen aurkako indarkeriaren aurka borrokatzeko euskal konpromisoa eta Europar Batasunaren Biktimen Estatutua zalantzan jartzen dute, bertan adierazten baita biktimizazio sekundarioa saihestu behar dela. Kezkatuta gaude, Udala juxtu aurkakoa egiten ari delako, biktimenganako sentsibilitaterik eza barkaezina azalduz”, adierazi du Bilboko Udalean Elkarrekin Podemos koalizio barruko EQUO Berdeak alderdiko Carmen Muñoz zinegotziak.

Elkarrekin Podemosetik galdetzen dute Segurtasun Sailarentzat zein diren “arrisku txikiko biktimak”, baita zenbat emakumek eskatu duten babes hori eta zenbat emakumek ezetsi duten. Koalizioaren ustez, eta jada hainbat protokolok adierazten duten bezala, “arrisku txikia” duten emakumeei dagokie zonako prebentzioa –biktimaren inguruneetan uniformez jantzitako patruilaren bitartez–, edo bestela kontrazaintza –kalez jantzita eta harengana hurbildu gabe–, baina inoiz ere ez “eskolta” biktimaren aldamenean, horrek euren ustez biktimaren birbiktimizazioa dakarrelako. “Neurri horiek ez diote erantzuten Segurtasun Ituna sinatzerakoan zegoen asmoari, eta ez da hiritarren segurtasunari dagokionez guk prebentzioa ulertzeko dugun modua. Formula azkar bat besterik ez dirudi, segurtasun-formula berriekiko nagikeria azaltzen duena eta gobernu honek kaleetan polizia gehiago ikus daitezen duen obsesioa agerian jartzen duena”, gaineratu du Muñozek.

[gview file=”http://euskadi.partidoequo.es/wp-content/uploads/2019/12/PM-escolta-mujeres-uniformados.pdf”]