Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Batzordeak aho batez onartu du glifosatoa 2020rako behin betiko debekatzeari dagokionez aurrera egin dadila eskatzea. Herbizida hori, planeta osoan gehien erabiltzen dena, Osasunaren Mundu Erakundeak seguruenik kantzerigeno gisa sailkatuta dauka. Nekazaritzan ez ezik, estatuko, eskualdeko eta tokiko autobia eta errepide askotan bazterrak, arekak eta drainadurak garbitzeko ere erabiltzen da.
Elkarrekin Podemos alderdiko gure legebiltzarkide José Ramón Becerrak adierazi du pozik dagoela Eusko Legebiltzarreko talde guztiek aho batez lortutako akordioarekin. “Glifosatoa baimentzeko erabili den moduak ekarri du herritarrek produktu kimikoen segurtasunari buruz zuten konfiantza apurtzea. “Monsantoren paperek” erakutsi zuten glifosatoaren ustezko kaltegabetasunari buruzko txostenak eta azterketak gezurretan, azpijokoetan eta iruzurrezko datuetan oinarritu direla”, adierazi du.
José Ramón Becerraren ustez, herbizidak nekazaritzan bereizi gabe erabiltzeak “glifosatoaren kulturari” leku eman dio. Kultura horren arabera, lur landu baten ondoan hazten diren belar guztiak “txarrak” dira eta guztiak desagerrarazi behar dira. “Ezinbestekoa da pentsamoldea aldatzea gure lur landuen ondoan hazten diren landare arrotzen kudeaketari dagokionez. Ezagutza agroekologikoak berreskuratu behar dira eta lursaila egoki landu behar da nekazaritza intentsiboaren garai beltz hau gainditzeko”.
Entzun nahi duzu bere esku-hartzea, sakatu hemen