Óscar Fernández: “Ez dago justifikaziorik Gasteizko Olarizu hiribideko etxebizitzak eraisteko, etxebizitzok ez baitute egiturazko kalterik.”

EQUO Berdeak alderdiko zinegotzi eta Elkarrekin Vitoria-Gasteiz koalizioaren (Ahal Dugu, Ezker Anitza IU, Equo Berdeak) bozeramaile Oscar Fernándezek ezagutzera eman ditu Ensanche 21 udal-sozietateko teknikariek ateratako ondorioak. Ondorio horietan egiaztatzen da Olarizu hiribideko etxebizitzek ez dutela egiturazko kalterik, eta, beraz, birgaitze integraleko proiektu bat egikaritu litekeela. Fernándezek azpimarratu du ez dagoela inolako justifikaziorik etxebizitza horiek eraisteko, udal-gobernuak, PPren eskutik, aurtengo martxoan onartu zuen bezala.

Udal-sozietateko teknikariek bisita bat egin zuten leku horretara urriaren 15ean, eta data horren ondoren, sozietatearen aholkulari eta Elkarrekin alderdiaren bozeramaile denak galdera batzuk egin zituen, idazki bidez, etxebizitza horien egoera zein zen jakiteko. Udalaren hirigintza-sozietateko teknikariek ateratako ondorio horietan, “eraistea gomendatzen den etxebizitzetan ba al dago egiturazko kalterik?” galderari honela erantzun zaio: “eraikinetan egiturazko kalterik ote dagoen galderari dagokionez, su-hiltzaileen teknikariok, eraikuntzen teknikariok, eraisteko proiektua idazteaz arduratu den pertsonak eta Ensanche 21 sozietateko teknikariok egiaztatu ahal izan genuena kontuan hartuta, esan dezakegu teilatupeko espazioetan ez dagoela mota horretako kalterik”. Egia da teknikariek egindako ikuskapenean egiturazkoak ez diren akats batzuk atzeman direla eta akats horiek guztiak konpondu beharko liratekeela. Akats hauek ikusi dira: baoak teilape-trenkadetan edo zulo bat teilatuan.

Fernándezek gogorarazi du, Ahal Dugu udal-taldeak aurreko legealdian proposatuta, Udaleko osoko bilkurak mozio bat onartu zuela 2017an Olarizu hiribideko 120 etxebizitzak birgaitzeko aukera aztertzeko eta gazteentzat eskuragarri jartzeko alokairu-erregimenean. Alabaina, 2019ko martxoan, udal-gobernuak erabat aldatu zuen bere iritzia gai horri buruz, eta Alderdi Popularrarekin bat egin zuen etxebizitza horien eraispena onartzeko.

“Ondorio horiek aurrean ditugula, esan dezakegu ez dagoela arkitektura-aitzakiarik Olarizu hiribideko etxebizitzak eraisteko” adierazi du Fernándezek. “Bizi-proiektu bat bermatu behar diegu gazteei. Premiazkoa da alokairu sozialeko etxebizitzen udal-parke bat abian jartzea gazteentzat, gazteei bidezko alokairu bat izatea ahalbidetuko dien etxebizitzekin. Olarizu da leku egokia bide horri ekiteko”, nabarmendu du Fernándezek.