Ikastetxeen eta joko eta apustu etxeen arteko distantzia mugatzeko legea aurkeztu du Elkarrekin Podemosek

  • “Azken urteotan kirol apustuen eta zorizko jokoen negozioa modu esponentzialean zabaldu da gure kale eta auzoetan. Premiazko neurriak hartu behar dira”

Elkarrekin Podemos Euskadi, Ezker Anitza eta Equo-Berdeak alderdiek osatzen duten talde parlamentarioak lege proposamen bat erregistratu du gaur Eusko Legebiltzarrean, eta, besteak beste, Euskadiko joko-etxeen eta ikastetxeen arteko distantzian mugak ezartzea eskatzen du. Edurne Garcia EH Bilduko legebiltzarkidearen hitzetan, “Ebidentzia bat da Euskadin gazteria jomugarik errazena bihurtzen ari dela jokoaren enpresentzat. Sektore askotatik XXI. mendeko heroina gisa kalifikatzen ari den gaitz horri aurre egiteko, ekimen hau aurkezten dugu”.

Urriaren 29an, Zorizko Jokorik Gabeko Egunean, Elkarrekin Podemosek lege proposamen bat aurkeztu du, Euskal Autonomia Erkidegoan jokoa arautzen duen azaroaren 8ko 4/1991 Legea erreformatzeko; izan ere, adierazten dutenez, “Araua zaharkituta geratu da zenbait gaitan, eta beharrezkoa da eguneratzea”.

Edurne García legebiltzarkideak adierazi duenez, “dekretuen bidez gai zehatz batzuk jorratu badira ere, beharrezkoa da legeari sakontasuna ematea eta XXI. mendeko jokoen arazoetara eguneratzea, hala nola Internet bidezko kirol apustuen fenomenoa, zeinak bereziki eragiten baitie adingabeei eta Euskadiko gazteei”.

Alderdiak legearen barruan sartu nahi dituen aldaketak hauek dira: lehenik, Euskadiko joko-establezimenduak mugatzea hazkundea geldiarazteko, eta epe erdi eta luzean establezimendu horiek atzeraraztea. Bigarrenik, jokoaren publizitate araubidea arautzea, alkoholarekin eta tabakoarekin lehenago egin den bezala, eta publizitatea mugatzea komunikabideetan, oro har, eta espazio publikoetan.

Hirugarrenik, ordu esparrua murriztea, 12:00etatik 01:00era, goizeko lehen orduak eta gauekoak mugatzeko. Eta sarbidearen kontrola ere zabaltzea joko etxe guztietara eta ostalaritzako establezimenduetan dauden makinetara.

Laugarrenik, joko etxeen arteko gutxieneko distantziak berriro kalkulatzea, eta muga berri bat gehitzea ikastetxeen, unibertsitatearen eta jokalariak tratatu eta errehabilitatzeko zentroen sarrerei dagokionez. Horrez gain, Elkarrekin Podemosek jokoaren gaineko zergan % 10eko errekargua ezartzea proposatu du, zorizko jokoen mendekotasunari aurrea hartzeko eta haren tratamendurako funts bat sortzeko.

Gaur egun, Euskadin 256 joko areto, apustu etxe eta bingo daude, eta 11.351 txanpon makina eta 2.100 apustu makina inguru; gehienak, tabernetan eta jatetxeetan. Datu horiek direla medio azaltzen da, Elkarrekin Podemosen ustez, EAEko biztanleen %26 (436.906 pertsona) jokalari aktiboak izatea.