Manifestua, urriaren 24ko klima-aldaketaren aurkako nazioarteko egunaren harira

Dagoeneko erabateko irmotasunekin esan dezakegu, zientziaren bermearekin gainera, ingurumen-krisia muturreko egoera batera iritsi dela, beste era batera esanda, etxea erretzen ari dela. Nazio Batuetako Klima Aldaketari buruzko Adituen Gobernuarteko Panelak ohartarazi zuen jada, argi eta garbi, joan den urtearen amaieran eman zuen txosten berezi batean, gure gizarteak “aurrekaririk gabeko aldaketa azkar eta sakonen” beharrean daudela, mende amaierarako Lurra +1.5ºC-tik gora berotu ez dadin lortzeko. Ildo beretik, 2019ko martxoan argitaratutako Ingurumenari buruzko Mundu Txostenean NBEk ohartarazi zuenez, airearen kutsadurak jarraituko du, urtero-urtero, 4,5-7 milioi pertsonaren heriotza goiztiarra eragiten, 2050era arte. Baina ezbairik gabe, daturik berriena eta etsigarriena joan den maiatzean argitaratu zen Biodibertsitaterako eta Zerbitzu Ekosistemikoetarako Gobernuarteko Plataformak egindako azterketa batean. Horren arabera, milioi bat animalia eta landare espezie galzorian daude une honetan. Txostenak nabarmendu zuen, halaber, behar-beharrezkoa dela “gure kontsumitzeko, produzitzeko eta merkaturatzeko modua azkar eta sakonetik aldatu eta transformatzea”.

Horren ondorioz, joan den abuztuan, Urkullu lehendakariak, gobernu autonomiko osoak inguratuta, “klima-larrialdiko egoera” deklaratu zuen, “beranduenez 2050ean” karbonoan neutroa izango den Euskadi bat lortzeko helburuarekin, “anbizio handiko ekintza urgenteen” bitartez. Adierazpen horretan, Urkulluk gogora ekarri zuen Euskadi aitzindaria dela garapen jasangarriaren, ingurumenarekiko errespetuaren eta klima-aldaketaren aurkako borrokaren aldeko konpromisoan. Alabaina, EQUO Berdeak alderdiko kideok uste dugu hitz horiek ekintza bihurtu behar direla, eta horrenbestez, gure gain hartzen dugu adierazpen horietatik benetako politikak —eta ez Gobernuaren ohiko “greenwashinga” soilik— etor daitezela lortzeko bultzatzen jarraitzeko konpromisoa. Gogoratu beharrean gaude euskal gizarteak ez duela aurrera egiten karbonoan neutroa den ekonomia bateranzko bidean. 2017ko azken datuek helburu horretatik urruntzen ari garela ematen digute aditzera. Gure emisioak murriztu beharrean, gora ere egin dute, % 5,45 2016tik 2017ra bitarte. Europaren eta planetaren per capita emisioen neurria gainditzen du Euskadik (9,2 Tm Euskadin, eta 8,4 Europan eta 4,7 planeta osoan, hurrenez hurren). Klima 2050 Estrategiak ez du funtzionatu eta abian ere ez da jarri, eta Eusko Jaurlaritza inplikatzen du bakarrik, baina ez sektore pribatuak, ez gainerako euskal erakundeak. Euskadi Estatu eta Eskualdeen Nazioarteko Aliantzako kide da, baina parte-hartze “kosmetikoa” izan du orain artean, Parisko Goi-bileran bezalaxe. Sinatutako akordio eta atxikimendu guztiak ezerezean geratu dira, benetan abiarazitako politika publikoei begiratzen badiegu.

25 urte daramagu garapen jasangarria aldarrikatzen, eta antza denez gure ahaleginak ez du ezertarako balio izan. Dirudienez, administrazioetatik herritarrak banan-banan inplikatzeko zabaldutako mezuak (itzali argia, itxi txorrota, deskonektatu aparatu elektronikoak, bereizi hondakinak, etab.) arazoaren jatorritik oso urrun jarri dute konponbidearen fokua. Kontzientziaren eta etikaren ikuspegitik, jarraibide horiek guztiak beharrezkoak dira, baina argi dago ez direla nahikoak. Arazoaren benetako jatorria gure produkzio- eta kontsumo-sisteman dagoelako, “erabili eta botatzea”, zaharkitze programatua eta antzeko kontzeptu zentzugabe eta jasanezinak sortu dituen sistema horretan, hain zuzen. Gure sistema kapitalistak inplementatutako ekonomia globala azeleragailu bat da, ekologiaren eta zibilizazioaren kolapsora garamatzana. NBEk dioenez, gure eredu ekonomikoak aurrekaririk gabeko aldaketa azkar eta sakonak behar ditu, eta beste edozein konponbide ez da klima-larrialdiari aurre egiteko baliagarri izango. Garapen jasangarria oximoron bat da, mugarik gabeko hazkunde ekonomikoaren eredu bat (berotze globala dakarten erregai fosilak erretzean oinarritua) elikatu beharra dakarrelako, baliabide mugatuak dauzkan planeta baten barruan.

Ekiteko garaia da. Hamar urte dauzkagu planetako gazteek eskatzen dizkiguten aldaketei heltzeko. Berdeak garen aldetik, gizartearen eremu guztietan klima-aliatuak bilatzeko konpromisoa hartzen dugu. Zientziaren munduan, hirugarren sektorean, kulturan, arteetan, hezkuntzan, politikan, artista eta aktibisten artean. Helburu bakar batekin: klimaren aldeko kultura hegemoniko bat sortzea, gehiengo sozialak eliteetako gutxiengoa behartu dezan “aurrekaririk gabeko aldaketa azkar eta sakon” horiek egitera, eta gure kontsumitzeko, produzitzeko eta merkaturatzeko modua azkar eta sakonetik aldatu eta transformatzera”. Aldaketa horiek maila guztietan gauzatuko dira eta gizarteak babestuko ditu, dagoeneko konturatu garelako klima-larrialdia dela gure zibilizazioak aurrez aurre daukan erronka nagusia. Alderdi Berdeak Europako Parlamentuko laugarren indarra gara, eta establishment politikoaren eta muturreko eskuinaren alternatiba bihurtu gara. Bada garaia klimaren aldeko iraultza hori Euskadin ere finkatzeko.

Ildo horretan, EQUO Berdeak alderdiak euskal herritarren alde hartu duen konpromisoa berresten du, eta erakundeetan lanean jarraituko du Euskadin bizi den pertsona bakoitzaren oinarrizko eskubideen errekonozimendua errazteko eta iritsi berriek harrera ona, babesa eta laguntza izan dezatela ahalbidetzeko, haien bizi-egoera hobetu ahala bizitzari berriz ere autonomiaz eta ongi heltzeko aukera izan arte.