Komunikatua pobrezia desagerrarazteko Nazioarteko Egunaren harira
- Euskadiko herritarren eskura zerbitzu publikoak jarri badira ere gizarte-larrialdiko egoerei erantzuteko, diru-sarrerak bermatzeko errenta barne, gizarte-babeseko sistema ez da gai izaten ari desparekotasuna geldiarazteko.
- EQUO Berdeak alderdiaren ustez, gure planetari eragiten dion krisi sistemikoa ezin daiteke krisi ekologiko batera mugatu. Krisi sozial bat da, beste ezer baino lehen.
EQUO Berdeak alderdiaren ustez, gizarte-babeseko euskal sistema ez da gai izaten ari Euskadiko herri eta hirietan nabari diren desparekotasun- eta bazterkeria-seinaleak geldiarazteko. Joera hori hazten ari da gainera, gure kaleetako errealitate sozial oso desberdinen erakusgarri. Ongizatea pixkanaka baina etengabe galtzeko prozesu batean murgilduta gaude, 100.000 pertsona muturreko pobrezia-egoeran bizi baitira (hilabeteko 600 eurotik beherako errenta); horietatik 60.000 pertsonak ez dute gizarte-babeseko inolako sistemaren laguntzarik, 25.000 gosez daude, 30.000 pertsonari, gutxi gora behera, oinarrizko hornidurak (argia, ura, gasa) eteten zaizkie, eta ia 200.000k hotzez ematen dute negua.
Eta hori guztia, nahiz eta Euskadiko herritarren eskura zerbitzu publikoak jarri diren gizarte-larrialdiko egoerei erantzuteko, baita diru-sarrerak bermatzeko errenta bat ere.
Hori gutxi balitz, kontuan hartzekoa da pertsona askorentzat enplegu bat edukitzea ez dela jada integrazio eta ongizatearen bermea. Diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen duten 10.000 pertsona baino gehiago emakume langile pobreak dira, lan-merkatuak konpontzerik ez duen prekarietate batean bizitzera kondenatuak. Oraindik ere pobreziak emakumeei eragiten die neurri handiagoan, emakume ezkongabe eta alargunei bereziki, eta gazteak ere zalantzazko egoera batean bizi dira, emantzipatzeko aukera gero eta zailago ikusten dutelarik.
Bestetik, Euskadik harrerako eta integrazioko lurra izan behar du klima-aldaketaren eta mundu-mailako sistema ekonomiko bidegabe eta harrapakari baten ondorioak pairatzen dituzten migratzaileentzat. Pertsona horiek euskal gizartea aberasten dute beren kulturarekin, eta errelebo demografikoa dakarte gainera; horregatik, Euskadin beren bizi-proiektuak garatzeko bidea erraztu behar zaie.
Gizarte-larrialdiko egoera honen aurrean, EQUO Berdeak alderdiak uste du gizarte-babeseko sistema “sendo eta koherente” batek soilik arin ditzakeela Euskadin gora doazen desparekotasun eta bazterkeriaren ondorioak. Alderdi berdearen ustez, ezinbestekoa da gizarte-babeseko sistema defendatu eta hobetzea eta sistema horri koherentzia ematea, inor ere sistema horretatik kanpo gera ez dadin. Aldi berean, aurrera jarraitu behar dugu kalitatezko enplegu duin eta jasangarri baten alde lanean, pertsona guztiek bizi-proiektu bat konfiantzaz garatzeko aukera izan dezaten.
Ildo horretan, EQUO Berdeak alderdiak euskal herritarren alde hartu duen konpromisoa berresten du, eta erakundeetan lanean jarraituko du Euskadin bizi den pertsona bakoitzaren oinarrizko eskubideen errekonozimendua errazteko eta iritsi berriek harrera ona, babesa eta laguntza izan dezatela ahalbidetzeko, haien bizi-egoera hobetu ahala bizitzari berriz ere autonomiaz eta ongi heltzeko aukera izan arte.