- Industriako sailburuorde Javier Zarraonandiak atzo iragarri zuen Eusko Legebiltzarrean egin zuen agerraldian Garoñako zentralak hondakin erradioaktiboen 44 edukiontzi gehiago bilduko dituela, hasieran aurreikusitako bost edukiontziei gehitu beharrekoak.
Industriako sailburuorde Javier Zarraonandiak atzo arratsaldean Legebiltzarrean egindako iragapenaren ondoren, Santa Maria de Garoñako zentralak hasieran aurreikusitako 5 edukiontziak baino beste 44 edukiontzi gehiago bilduko dituela adieraziz, EQUO Berdeak bere kezka azaltzen du, horrek dakarren arriskua dela eta. Garoñako zentrala eraisteko prozesuaren jarraipena egiteko Erakundearteko Batzordeak Legebiltzarrean egindako agerraldian jakinarazi zuen informazio hori sailburuordeak.
“Zabor nuklearrak” Burgosko probintzian dauden –Gasteiztik 40 kilometro ingurura eta jende gutxiagoko beste herri batzuetatik oraindik hurbilago– instalazio horietan jarraitzeak agerian uzten du berriz ere Gobernuak hondakin nuklearren kudeaketan erakusten duen inprobisazioa eta plangintza txarra. Kontuan izanda denborazko biltegi indibidualizatu bat gutxienez 50 urteko bizitzarako diseinatzen dela, 2070-80raino geratu ahalko dira bertan hondakin horiek.
Alderdi berdeak premiaz eskatzen dio Azaroaren 10eko hauteskundeen ondoren osatuko den gobernu berriari lehentasun bezala ezartzea hondakin erradioaktiboen plan bat landu beharra. “Atzerapenik gabe ekin behar zaio arazo horri eta are gehiago jakinda, Enresak berak egindako estimazioen arabera, El Cabrilgo biltegia 2030erako beteta egongo dela. Biztanleriaren osasunean eta ingurumenean zuzeneko eragina duten hondakin hain arriskutsu horientzat behin betiko konponbide bat aztertu behar da”, alderdi ekologistatik adierazten dutenez.
EQUO Berdeak taldeak uste du gainera beharrezkoa dela dagozkion lege-aldaketak bultzatzea eraispen-proiektuak finantzatzeko sistema bat ezartzeko, kostuen estimazio egokia bilduko duena, besteak beste.