“Udalaren 400 higiezinetan baino gehiagotan ez da Eraikinen Azterketa Teknikoa egin oraindik”: Óscar Fernández

  • Euskal Autonomia Erkidegoko Jasangarritasun Energetikoari buruzko Legearen arabera, administrazioak behartuta daude eraikinen % 40ko kalifikazio energetikoa igotzera 2030erako.
  • Oscar Fernándezek adierazi du energia-trantsizioari ekin behar zaiola luzatu gabe eta, horregatik, energia-plan bat eskatu dio Gobernuari.

EQUO Berdeak taldeko kide eta Elkarrekin Vitoria-Gasteiz alderdiaren (Ahal dugu, Ezker Anitza IU, Equo Berdeak) bozeramaile Oscar Fernándezek salatu du Udalaren jabetzakoak diren 400 eraikinetan baino gehiagotan ez dela Eraikinen Azterketa Teknikoa egin eta, beraz, eraikin horiek ez dutela energia-ziurtagiririk. Fernándezek Udal Administrazioko zinegotzi ordezkari Rodríguez jaunari gogorarazi dio Euskal Autonomia Erkidegoko Jasangarritasun Energetikoari buruzko Legearen arabera, B mailako kalifikazio energetikoa baino baxuagoa duten Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publiko bakoitzaren eraikinen % 40ko kalifikazio hori hobetu beharko dutela B mailaraino, gutxienez, 2030. urtea baino lehen.

2018ra bitarte ziurtatutako 44 eraikinen artetik, soilik 3k lortu dute A kalifikazioa (Henrike Knorr Haurreskola, Zabalgana Gizarte Etxea eta Europa Jauregia) eta 7k B kalifikazioa. Errealitate horrek esan nahi du Udalak ahalegin ekonomiko handia egin beharko duela euskal Legeak xedatutakoa betetzeko. Horregatik, Oscar Fernándezek udal-gobernuari eskatu dio Energia Plan bat egin dezala udal-eraikinetarako. Plan horretan argi eta garbi eta modu errealistan ezarri beharko du eraikin horietan zenbat diru inbertitu behar den A eta B ziurtagiriak lortzeko eta jarduketa horiek egiteko epeen kalkulua.

“Aurrean dugun erronkaz jabetu behar dugu nahitaez. Aurreko legealdian, udal-gobernuak beste alde batera begiratu zuen gai honetan. Jarrera horrek berehala aldatu behar du. Green Capital gisa hartu ditugun klima-konpromisoez gain, euskal Legeak betebehar oso argi batzuk jartzen dizkigu. Energia-trantsizioari heldu behar diogu luzatu gabe, eta, horretarako, Plan bat behar dugu” adierazi du Fernándezek.