Egutegi bat eskatu diogu Cristina Uriarteri, eta hartan zehaztu dezala zer egingo duen eskoletako jantokietan premiazkoak diren aldaketei heltzeko

  • Elkarrekin Podemos Koalizioak dioenez, beharbada “Hezkuntza Sailaren buruzagitzari erantzukizun politiko gogorragoak eskatuko dizkiogu, zerbitzua modu zabarrean kudeatu izanagatik”

Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideek, Joserra Becerrak eta Edurne Garciak, honela eskatu diote, gaur, Cristina Uriarteri, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuari, adostu dezala hezkuntzaren alorreko eragileekin “egutegi bat eta behar diren neurriak eskoletako jantokiaren oraingo kudeaketa sistemak premiazkoak dituen aldaketak egiteko, zeinaren kudeaketa familiek, langileek eta ikastetxeek berek kritikatzen baitute”.

Talde parlamentarioak gaur prentsaurrekoan iragarri du zer egingo duen biharko osoko bilkura arruntaren aurretik. Bilkura horretan, eskoletako jantokietan izan den iruzurra ikertu duen batzordearen irizpena botatuko dute; ondorioztatu duenez, zerbitzuaren kudeaketan, 70,8 eta 80,2 milioi euro arteko gainkostua egon da 2003tik 2015era.

Becerrak azaldu duenez, talde parlamentarioak hauxe eskatuko diote Uriarte sailburuari: “Egutegi zehatz bat eta konpromiso sendoak, berehala lortzeko hezkuntza komunitatearen ahal den kontsentsurik handiena eta martxan jartzeko oraingo ereduaren osagarri izango den sistema bat hala nahi dutenentzat”.

Ildo beretik, Garciak hauxe aldarrikatu du: “Jantokien eredu publiko eta dezentralizatu bat”, Hezkuntza Sailaren eta interesa duten udalen hitzarmenen bitartez, non gobernuak “langileak eta finantzabide egonkorra ipiniko lituzkeen eta udalek beren udalerriko ikastetxeetako menuen osaera kudeatuko luketen, dela zuzenean eta dela kontratazio publiko bidez”.

Legebiltzarkideek azpimarra jarri dute bihar bilkuran botatuko diren ondorioetan. “Garbi gelditu da 70-80 milioi euroko gainkostu bidegabe bat egon dela jantokien zerbitzuetan; horietatik 42-48 milioi euro familiek emandako dirua izango da, jantokiari ordaindu beharreko kuotetan emana”.

Azkenik, hauxe azaldu dute: batzordearen irizpenak, “horrek bakarrik jada, arrazoi nahikoa izan behar luke aldaketa egiten hasteko, esleituak izan diren enpresek 2003tik 2015era bezala berriz ere elkarrekin hitzarmenik egin ez dezaten”. Eta honela gaineratu dute: “Orain arte ezer ez egin izana arduragabekeria bat da, eta gure taldearentzat onartezina”.